523 Zenbakia 2010-03-05 / 2010-03-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Nire bizitzako emakumeei

BEREZIARTUA, Loren



Ni beti egongo naiz emakumearen alde, beti mantenduko dut emakumearen garrantzia gure gizartean. Gaztea naizen aldetik inguratzen nauten kezkak ekarriko ditut orri honetara, zeuekin konpartitu eta komunean ipintzeko. Txikitatik emakumez inguratuta bizi izan naiz. Neure familian amak gidatu izan du etxea eta bere babes eta gidaritzapean hazteko aukera eta zortea eduki dut; berak ezin zuenean, amonak hartzen zuen erreleboa eta hura izaten nuen eredu. Argazkia: Photo Monkey

Biek kontatzen zizkidaten ipuinek ere emakumeak izaten zituzten protagonista. Ez, ez ziren liburuetako printzesa malapartatu horiek agertzen –halere, emakumeak istorio horietan betetzen duen rola beste kontu bat da. Nire gurasoak eta amona oso modernoak ziren eta beti asmatzen zuten emakume iraultzaileren bat. Perfekziotik urruti, ez ziren printze urdinaren zain etxean geratzen ziren horietarikoak; mundua aldatzen saiatzen ziren emakume horiek, etxeko lanetan itota bizi ziren ohiko pertsonaien antagonistak. Eta ezbairik gabe, eragin positiboa eduki du horrek munduari begiratzen diodan moduan, mundua ulertzen dudan eran.

Patriarkatuaren gizarteak behin betiko amaiera eduki behar zuela iritzi zion nire amonak. Akaso, egun batez ezezagun batek berarentzako erabaki zuen rola bai ala bai bete behar izan zuelako. Nahiz eta oso modernoa izan pentsaeraz, urte luzeetan gizarteak exijitzen zion papera interpretatu zuen; hala, sei seme–alaba eduki eta hauek hezi zituen bakardadean, etxeaz arduratu zen...

Baina zerbait argi bazeukan,ohituren eta sineskeren transmisio lana nola egingo zuen zen eta modu horretan, jakin bazekien bere haurrek bestelako baloreak eskuratuko zituztela. Zenbatetan entzungo nion osabari ikastetxera joaten zenean ikaskideek barre egiten ziotela frakak apurtzen zitzaizkionean amak beharrean, bere eskutxoekin josten zituelako zuloak!

Eta nire etxean gauzak ez dira desberdin izan, behintzat gogoratzen dudanez. Aitak eta amak berdin egiten dituzte etxeko–lanak, batak afaria egiten badu, besteak garbitzen ditu platerak, lisatzen du arropa, pasatzen du mopa edota garbitzen ditu leihoetako kristalak. Argazkiaren oina eta egilea

Ukaezina da mundu moderno honetan oraindik ere eredu matxista ugari ditugula; baina zorionez, aldatzen ari garen zerbait da. Lehen emakume batek etxetik kanpo lan egin nahi bazuen, bere generoari egokitzen zitzaion postu hoberena irakasle izatea zela komentatzen zuen batek baino gehiagok. Arren, emakumeek besterik egiten jakingo ez balute bezala! Nire bikoteak, esaterako, herriko emakume taldeak antolatzen dituen ikastaroetan eman zuen izena. Aurrena, iturgin eskolak izan ziren, elektrizitate lantxoak egiten ikasi zuen urrena. Eta bikain iruditzen zait, batez ere neu halako gauzetarako gai ez naizelako!

Beti irakatsi didate emakumeek nik besteko eskubideak dituztela, edo zeinek erabakitzen du ez dela horrela? Batzuk zakila dutelako garrantzitsuago sentitzen dira; hainbat emakume eta gizonezkok oraindik ere pentsaera matxista daukate –baita gazteek ere. Eta askotan eragina izaten du telebistak jarrera horietan, saio ugaritan emakumearen irudi desitxuratua ematen jarraitzen baitute, baita zenbait iragarkietan ere.

Zein da aurrera egiteko bidea? Nola ekidin lan baldintza eskas, tratu txar, heriotza, eta emakumea gutxietsi eta umiliatzen dituzten egoerak? Ikastetxeetan saiatzen dira antzinako rolekin hautsi eta bestelako hezkuntza helarazten. Familietan –dela eredu heterosexual zein homosexualetan– ohikoa bihurtzen ari da etxeko–lanen banaketa orekatua bultzatzea, esaterako. Oinarrizko pausuak dira, baina egin beharrekoak. Funtsezkoena borondatea izatea da, eta hala, urratsak emango ditugu, nahiz eta txikiak izan. Denbora beharko da egoera aldatzeko, ez gara engainatuko. Baina nire amagatik, nire amonagatik eta historiako emakume guztiengatik saiatu beharko naiz nire eskuetan dagoena egiten.