522 Zenbakia 2010-02-26 / 2010-03-05
Gaur egun munduan uste dugun baino esklabotasun handiagoa dago. Esklabotasuna greziarren eta erromatarren garaian guztiz ohikoa zen eta horretaz pentsatzean konturatzen gara ez zeukatela inongo eskubiderik beste pertsona batzuen dohaina gutxiesteko edota pertsona baten bizitzaren jabe sentitzeko. “Eskerrak garaiak aldatzen diren” bezalakoak entzutea da normalena kasu horietan. Argazkia: woodleywonderworks.
Sentimendu hedatua badirudi ere, gaur egun badaude gure munduan umeak esklabo hartu eta beraien zerbitzura jartzen dituzten zenbait herrialde. Armak eman, gudarako entrenatu eta nerabeak izatera ia iristen ez diren neska–mutikoak kalean ikusten dira, borrokan, oihuka, korrika eta noren kontra edo zeren kontra ari diren jakin gabe. Non koka dezakegu egoera hau? XXI. mendean?
Ume edo haur soldadu bat, 18 urte baino gutxiago dituen eta talde edo indar armatu batean parte hartzen duen edozein ume da. Modu erregularrean zein irregularrean aritu daitezke eta ez dute zertan soilik borrokalari papera betetzen, batzuetan sukaldari, mezulari edota zaindariak ere izan baitaitezke. Ume edo haur soldaduak erreklutatzea oso ekintza ohikoa da munduko hainbat herrialde gatazkatsuetan. Horietako lurralde batzuetan urteak eta urteak irauten duten gudek nekatu egiten dituzte helduak eta ondorioz, umeak dira gelditzen diren bakarrak.
Maiz, kaleetan bahitzen dituzte haurrak edota errefuxiatu zelaietatik ateratzen dituzte beste askotan eta kasu ugaritan beraien etxeak uztera behartzen dituzte pistola bat buruan dutelarik. Bestetan ordea, umeek beraiek erabakitzen dute talde armatu batera sartzea edo beraien herrialdearen alde borrokatzea. Kasu hauetan, normalean ez dute beste inolako irtenbiderik topatzen; beren familien eta herrialdearen txikitzea ikustea, izugarrizko pobretasunean bizitzea eta zerbitzu sozialik ez edukitzeak bultzatuta sentitzen dira. Argazkia: Please! Don’t Smile
Erreklutatzearen arduradunek, ume soldaduak entrenamendu zelaietara nagusiekin batera eramaten dituzte irakaskuntza militarra jaso dezaten. Tratu bortitzaren ondorioz, zelai batzuetan ume askok galtzen dute bizia. Hau gutxi izango balitz, umeak hainbat aste entrenatzen igaro ondoren, gudako lehen lerroetan kokatzen dituzte borroka garaian kanoien lehen helburua izan daitezen. Mundu guztiko arazoa
Ume soldaduen kasuak mundu osoan zehar zabalduta dagoen egoera da. Amerika, Europa, Asia zein Afrikan aurki daitezke testigantzak.
Ameriketan, Kolonbia, Ekuador eta Venezuelako herrialdeetan da nagusi aipatutako egoera lazgarria. Izan ere, lurralde hauetan kezkagarria da umeei ematen zaien arreta eta zainketa eskasa. Kontuan hartu beharra dago, adibidez, Kolonbiako umeak biztanleriaren erdia baino gehiago direla; hauetako askok ihes egin behar dute beste lurralde batzuetara, bake eta lasaitasunaren bila. Gainera, ez zaie inolako laguntza fisiko edota psikologikorik eskaintzen trauma gogorra bizi izan eta gero.
Datuen arabera, Kolonbian 11.000 eta 14.000 umek gatazka armatuetan parte hartzen dutela kalkulatzen da eta alde egiten saiatzen badira edota esandakoa betetzen ez badute hil egiten dituzte. Eta ezin ahaztu bortxatuak izaten direla asko eta asko. Horma irudia. Argazkia:mrsmullerauh
Umeak erakartzeko, besteak beste, “Egun batez soldadu” programa dago martxan; honen bidez, umeak soldadu jantzi eta militar izatera jolastera bultzatzen ditu. Bestalde, ezagunen bat etsaien taldekoa bada salatzeko aukera ere badago programa honen barnean.
Legeari dagokionez, ume soldaduak erreklutatzea debekatzen duten hainbat arau daude, baina ez poliziak, ez gobernuak ia ez ditu orain arte horrelako kasuak epaitu. Sarritan gainera, Justizia eta Bake legeak lagundu egiten ditu baliabiderik gabe dauden talde armatuak, nahiz eta 18 urte baino gutxiagoko umeak soldadutzat hartu izana.
Afrikako adibide bat emateko unean berriz, Kongoko egoera da adierazgarriena. Agintariek 30.000 ume talde armatuetan daudela kalkulatzen dute eta 2004. urtean Munduko Bankuak borrokalarien %20 umeak zirela estimatu zuen. Herrialde honetan, sei urtetik aurrerako haurrak armak hartuta ibiltzen dira borrokan; 10 urte igaro ditzakete talde militar hauetako kide izaten. Eta horren gazte hasten dira borrokan, goi karguak gazteek betetzen dituztela. Kongoko kasuan ere, bortxatu egiten dituzte ume soldaduak eta horretaz gain, alkohola eta drogak ere ematen dizkiete.
Europa zein Afrikan ere adibideak aipatzen jarraitu ahalko genuke. Kontinente guztietan milaka ume daude armak eskuetan soldadu papera betetzen, zergatik ari diren ere ez dakitela.
Horra hor gaur egungo egoera: milaka umeren askatasuna guztiz ahaztua eta mespretxatua. XXI. mendeko egia latza eta garratza gure begien aurrean. Ez al dugu ezer egin behar? Egoera hau bere horretan uztea gure gizartearen atzera pausua litzateke. Horregatik, badaude horrelako egoerak konpontzen saiatzen diren hainbat talde; besteak beste, Alboan, Amnistía Internacional, Entreculturas, Fundación de Compromiso, El Servicio Jesuita a los Refugiados eta Save the Children. Gainera, hauek Ume Soladaduen Erabilpenaren kontrako Koalizio Espainola osatzen dute. Beraien ereduari jarraituz, norberak ere laguntzen duena gutxi izan badaiteke ere, denon artean mundu bidezkoago eta askeagoa lor dezakegu.