Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Agin Rezola. (Irrati esataria): Norberaren duintasuna mantentzen saiatu beharko ginateke
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Txoritxo batek esanda dakit, kasualitatez amaitu duzula kazetaritza munduan...
Halaxe da! Hasiera batetan ez nekien zer ikasi, pentsa, batxilergoko aurreneko urtea zientzietatik egin nuen; bigarren kurtsorako aspertu nintzen eta letretara igarotzeko aukera neukanez, aprobetxatu. Unibertsitatera joateko ordua iritsi zitzaidan, eta matrikula egin baino hiru egun lehenago aukeratu nuen Kazetaritzan izena ematea.
Eta begira orain, 25 urte dituzu eta Argia Saria eskuratu duzu!
Nire ibilbide profesionala laburra baina intentsitate handikoa da! Ezustekoa izan zen niretzako, ezen esan duzun moduan, hogeita bost urte ditut bakarrik eta ilusio berezia egin zidan. Gainera ez nengoen nire momenturik onenean, programarekin berarekin ere zer egin ez nekiela nenbilen, helburuak apur bat geldi zeudela eta denbora guzian gauza berdinak egiten genbiltzanaren sentsazioa neukan. Aldiz, hau etorri zen eta aurrera jarraitzeko indar berriz bete ninduen. Itzela.
Azalduko diguzu Bostetako Diligentziaren nondik norakoak?
Jende askok galdetzen dit zer den Bostetako Diligentzia, eta ez dut jakiten nola azaldu! (barre) Arratsaldeko 5etatik 6etara egiten dugun magazin bat da eta edozer sartzen dugu bertan; hori bai, programa entretenigarria osatzen saiatzen gara. Musika nahiko presente dago, elkarrizketa desberdinak lantzen ahalegintzen gara... Nolabait esateko, umore puntu batekin, ohiko galderei beste alde bat bilatu eta protagonismoa noski, elkarrizketatuari emanez.
Eta Bertsolari Txapelketaren zuzeneko emanaldiak egiteak ere lagundu dizu saria eskuratzeko orduan, ezta?
Nik uste Bostetako Diligentziak baino puntu gehiago eman dizkidala horrek! Gauza puntuala izan zen, baina oso serio hartu nuen hasieratik, ezen apustu garrantzitsua zen niretzako, baina baita irratiarentzako ere; guztion proiektu bat izan da. Bertsolaritzarekin harremana daukan kazetaria naizenez gero, horri esker aukera eduki genuen aurrera egiteko. Eta badirudi funtzionatu duela, jakin baitakit jendeak nire bidez jarraitu dituela saio desberdinak, baita bertsolariek ere!
Bertsolaritza gertuko zerbait duzula jakinda, nolabaiteko plazera ere izango zen proiektu hori aurrera eramatea.
Izan zitekeen bai, baina nekatu egin ninduen amaierarako. Azken finean, asteburu bakar batean libratu genuen, eta ez zen soilik bertsolari txapelketa, Bostetako Diligentzia egunero ematen baitzen astelehenetik ostiralera. Ondorioz, asteak 14 egunetakoak bihurtu ziren, itota sentitu nintzen behin baino gehiagotan, eta programetan erdizka geratzeko arriskua benetakoa zen; halere, uste dut biak salbatu zirela azkenean.
Ezbairik gabe asmatu zenuten, bertsolaritzak egun duen jarraitzaile uholdeari zerbait originala eskaini zenioten eta!
Jendea ohituta dago bertsolaritza kronikak irakurtzera, baina halako saio bat berritzailea izan da. Gainera, irratian kronika batek zenbateraino balio du ba? Medio honetan garrantzitsuena zuzenekoak direla pentsatzen dut, horrek funtzionatzen duela, alegia. Gehiago esango dizut, apustu hau egin eta negoziatzea egokitu zitzaidanean, ipini nuen baldintza bakarra zuzeneko zerbait egitea zen eta arrakastaren zergatia hein handi batean horixe izan da.
Berriz diligentziara igo eta esan, nor izan daiteke zure bidaia–lagun?
Jende guztiak dauka tokia saioan, baita niri gustatzen ez zaizkidanek ere! (barre) Kasu batzuetan erraz egiten da programa, baina besteetan... Esate baterako, elkarrizketa zailak eduki ditut, zenbaitetan gonbidatuak berak ez duelako gogorik eduki elkarrizketa egiteko. Halakoetan, beti pentsatzen dut, behin baiezkoa esanda, ipini ezazu gogo apur bat behintzat! Eta kazetarien aldetik ere berdin, behin elkarrizketa proposatuta, nahiz eta gogorik ez izan galderak ongi prestatzea funtsezkoa da; modu horretan pertsonaia irabazten duzu gainera.
Ordubeteko programa den arren, atzetik lan gehiago egongo dela pentsatzen dut.
Prestaketek bere denbora daramate, bai! Hasieran ordubeteko programa erraz beteko genuela uste nuen, baina ez da horren samurra. Rol garrantzitsua betetzen dute horretan kolaboratzaileek, eta lagungarria da lankide sare on bat osatzea. Info7 moduko irrati txikien kasuan gainera, musu truk hartzen dute parte programan, zer emanik ez dagoelako.
Eguneroko lanari dagokionez, hurrengo eguneko programa prestatzeko, internetetik elkarrizketatuaren gaineko informazio dezente jaso eta ideia nagusiak ateratzen ditut. Ostean, elkarrizketaren eskeletoa egin eta normalean ohera joan orduko, elkarrizketari zein B alde atera dakioken pentsatzen dut, zein broma egin hain zuzen, eta horiek eskeletoan txertatzen ditut. Bestalde, kolaboratzaileekin momentu jakinetan egiten dut konexioa ?zuzenekoak eta grabatuak izaten dira.
Irratian ez denez ezer ikusten... Gidoia idazten duzu ala abilezia hutsa da?
(barre) Jendeak uste duena baino gehiago daukat idatzita! Sarrera guziak idazten ditut, elkarrizketetarako galderak idatzita eramaten ditut nahiz eta gero ez ditudan irakurtzen ?oso konplikatua ez bada... Baina asko inprobisatzen dut, hori bai!
Bestalde, nahiko argi izaten dut elkarrizketak nondiko nora joan behar duen, hau da, gai guztiak josita eramaten ditut, guztien artean lotura egotea askoz naturalagoa iruditzen zait. Eta maiz hautsi egiten zaizkit eskemak!
Bestalde, irrati txiki zein handiak ezagutzen dituzu, desberdin egingo da lan bietan ezta?
Halaxe da. Aurretik irrati libreetan ibilitakoa nintzen eta gogoa neukan irrati–etxe handi batetako funtzionamendua ezagutzeko. Gauza batzuk atsegin nituen, beste asko ordea ez. Euskadi Irratiko albistegietan aritu nintzen, eta neukan motibazioa ere oso desberdina zen. Beste esperientzia bat izan zen eta bueltatu beharko banintz ziurrenik ez litzateke albistegietara izango; baina gaur oso gustura nago Info7n. Bide batez, ez dakit nirekin teknikaria horren gustura egongo den, askotan saioa hasi baino bost minutu lehenago zerbait bururatu eta soinu–efektuak eskatzen dizkiot eta! (barre)
Zeuk teknikaria daukazu, baina gaur egun kazetaria da horren ardura izaten duena.
Informatibo eta buletinetan ohikoa izaten da kazetariak berak saioaren auto–kontrola burutzea. Baina nik programa egiteko eskaintza jaso eta behin ildoa zein izango zen erabakita, teknikari bat beharrezkoa izango nuela esan nien, eta zortea izan nuen kasu egin baitzidaten! Oso ona da gainera, eta hainbeste denbora elkarrekin igarota, begirada batekin ulertzen du zer behar dudan.
Irratia aukeratu duzu komunikatzeko. Xarmaren bat ikusiko diozu, ezta?
Magia, zalantza barik. Prentsa idatzia ere probatu nuen, baina ez zidan irratiak besteko jokorik ematen; milaka gauza egin daitezke soinu batekin esaterako, eta prentsak margen gutxiago ematen dizu. Telebistan berriz, joko hori lortzeko baliabide asko behar dira.
Kontuz ibili beharko zara magia hori isiluneen ondorioz ez galtzeko!
Jakin badakigu isiluneek eragin negatiboak izan ditzaketela, eta momentu horietan hasi behar du kazetariak betelana egiten. Bi pertsonen arteko hizketaldia bada, aise egiten den zerbait dela esango nuke; baina kazetaria bakarrik mikrofonoaren aurrean eta zer esan ez dakiela geratuz gero... Asko sufritzen da!
Beste kontu bat da nahita eginiko isilunea baldin bada. Akordatzen naiz Kike Amonarrizi eginiko elkarrizketan Isilik egoten jakin behar da? galdera bota niola, eta hark Bai, baina zuk ez dakizu erantzun eta propio geratu nintzela isilik. Noski, bere arriskuak ditu, eta ez dut ohitura moduan hartuko!
Gero, badaude isiltasun espresiboa (isilune laburrak) domeinatzen dutela uste duten profesional batzuk eta horrela ez izanda, nahiko narras geratzen dela iruditzen zait.
Aitortu, ispilu aurrean–edo entseatzen duzu airera irten aurretik?
Ez daukat denborarik! (barre) Ispiluaren aurrean ez, baina buruan makina bat aldiz saiatzen naiz elkarrizketaren momentu klabeak zeintzuk izan daitezkeen pentsatu eta ongi prestatzen. Horri garrantzia ematen diot. Baina benetan talde txikia garenez gero, ez zait denborarik geratzen bestelako entseguetarako.
Esatari lanetan aritzeko lagundu al dizu bertsolari izateak?
Ez daukat oso argi bertsolari moduan aritzeak irrati esatari lanetan lagundu didan, edo hizketarako berezko gaitasunak mesede egin didan bertsotan aritzeko. Egia aitortu behar badizut, asko sufritzen nuen mikrofonoaren aurrean jarri nintzen aurreneko aldietan, ez bainuen entzulea ikusten ?baldin bageneukan! (barre)– eta ez nekien esaten nuenaren gaineko zer nolako erreakzioa ote zeukan. Pentsa, broma bat egin eta ez dakizu barregarria den edo ez!
Azken boladan berriz, kontrako jarrera hartu eta entzulerik ez balego bazela aritu naiz, eta lagungarria izan daitekeen bezala, arriskutsua ere izan daiteke.
Eta orain irratsaioko entzuleek zure falta sumatuko dute, denboraldi batez behintzat ez baitzara irratian egongo.
Hori da. Urtero sagardo denboraldia hastearekin bat egiten ari naizena utzi eta familiak daukan sagardotegian sartzen naiz lanera. Azken batean, jaten ematen dit sagardotegiak, irratia egun erdiko jarduna baita, nahiz eta egun osoa dedikatu horretara. Halere, sagardotegian ez dut guztiz alboratzen kazetari lana. Hau da, pertsonaia ezagunen bat etorriz gero, elkarrizketa lotzeko aprobetxatu izan dut!
Jaten ematen dizu sagardotegiak bai, baina...
Burukomin asko ere ematen dizkit! Gogorra da, eta hor ere ez da atzetik daukan lan guztia ikusten, astebururo zerbitzatzen ibiltzeaz gain, telefonoa hartu behar da, lagundu behar den tokian lagundu... Bizi–bizia da ogibidea!
Halere, ni kanpoko sagardotegien zale amorratua naiz, izugarri atsegin dut sagardotegietara joatea. Eta bitxia da, izan ere, irratian lan egitea gustuko dut, baina ez dut apenas entzuten, edo oso gustuko ditudan esatariak entzuten ditut soilik. Hain zuzen, horren harira sortu nuen Bostetako Diligentzia, irratian zegoena ez zitzaidalako gustatzen. Ez dakit formularekin asmatu dudan, baina hasieratik nekien zer ez nuen egin nahi.
Adibidez?
Umorea egin nahian barregarri geratzen diren saio motak, esaterako. Zentzurik gabeko txorakeria batzuk gehiegizkoak iruditzen zaizkit, norberaren duintasuna mantentzen saiatu beharko ginateke.
Eta egingo nukeen saiori buruz ere galdetuko didazunez (barre), zalantza barik Bostetako Diligentzia hobetuko nuke, hartu kontuan nire ume txikia dela! Besteak beste, elkarrizketa sakonagoak egin, beste pertsona bat hartu eta bion artean saioa gidatu... Hala, 60 minututakoa barik, bi ordutakoa ere egiteko moduan egongo ginateke. Eta agian asteroko programa bat egitea, Bostetako Diligentzia baino sakonagoa izango litzatekeena. Kritika gehiagorekin, presa gutxiagorekin... Agin Rezola (Astigarraga, 1985ko otsailaren 26a) Hernaniko bertso–eskolan izena eman eta ordutik gertutik jarraitu du bertsolaritza mundua. Besteak beste, Gipuzkoako Eskolartekoa irabazi zuen 2001ean. Bestalde kazetaria ere bada eta lizentziatura Euskal Herriko Unibertsitatearen Leioako fakultatean eskuratu zuen. Handik, Gaztesareara igaro zen lanera eta ostean berriz, bekadun Euskadi Irratira. Etapa hura amaituta, Info7 irratira pasa zen, aurrena albistegietara, gero magazin bat egiteko aukera eman zioten eta Bostetako Diligentzia sortu eta gidatu du azken bi urteotan. 2010ean Irratiko Argia Saria eskuratu du saioa aurkeztu eta gainera, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko zuzeneko jarraipena egiteagatik.