Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Maider Unda. (Artzaina eta borrokalari profesionala): Artzaintza moduko ofizioaz ezkondu egiten zara
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Kirolari moduan ezagun zaren arren, artzain ere bazaitugu!
Familiatik datorkidan zerbait da; hain zuzen ere, nire aita artzaina zen, nire amak gazta ekoizten zuen eta nik betidanik lagundu dut etxean. Nire gurasoen erretiro unea iritsi zenean, edo ordura arteko guztia galdu edo artzaintzarekin aurrera jarraitzea erabaki behar zenez, azken hautu hori egin nuen. Gainera, banekien etxekoen laguntza edukiko nuela eta pozik nago, momentuz behintzat ongi baitoa guztia.
Halere, gazte batentzako lanbide hau aukeratzea ez al da sakrifikatuegia?
Esaten dudan moduan, artzaintza moduko ogibidearekin ezkondu egiten zara, baina gustura baldin bagaude ez du ardura. Bakoitzaren nortasunaren araberakoa da, eta ni behintzat pozik nabil. Eta ezin dugu ahaztu urteko sasoi batzuetan oso–oso lanpetuta ibili arren momentu lasaiak ere bizi ditugula besteetan.
Gainera, niri lanbide honek gauza asko eta ezberdinak ematen dizkit; horien artean, adibidez, bildotsak jaiotzen ikusteak sortzen didan poza, eskaintzen didan lasaitasuna... Noski, bere alde txarra ere badaukala esan beharko nuke, gauzak ongi ez doazenean gogorra suertatzen da.
Artzain moduan egitekoen artean gazta ekoiztea ere badago.
Hala da, eta ez da berria, orain hogei bat urte hasi baikinen horretan. Nire ama arduratu da beti eta egun ere, etxeko gazta–ekoizle nagusia da bera. Urte dezente daramagun arren, egunetik egunera hobetzen saiatzen gara; gauza batzuetan lortzen dugu, eta beste batzuetan ez. Baina garrantzitsuena, saiatzea da.
Eta bateragarriak al dira artzain lanbidea eta kirolari profesionala izatea?
Bai, baina horretarako laguntza asko edukitzea funtsezkoa da eta zorionez nire kasua da. Pentsa, nik asko bidaiatzen dudanez, kanpoan nagoen momentu horietarako behar–beharrezkoa da baserrian lanean arituko den norbait gertu izatea; esan bezala, artzaintza moduko ofizioaz ezkondu egiten da eta horri gehitu behar zaio ardiekin aritzeak ez duela oporrik ematen!
Baina konta iezaguzu, nolakoa izaten da zeure egun arrunt bat?
Sasoiaren arabera aldatu egiten da, baina normalean goizeko 6–6:30ean jaikitzen naiz, eta kortara joan eta ardiak nola dauden begiratzen dut, ea arkumerik jaio ote den begiratu... Ondoren jaten eman eta jetzi egiten ditugu. Ostean, bueltaka ibiltzen naiz, nahikotxo zaindu egin behar baitira.
Goiz erdian entrenatzea egokitzen zait, baserrian bertan horretarako egokitutako gela bat daukat, eta hala, tokiz mugitu behar ez naizenez gero, erosotasun handiz uztartzen ditut nire bi ofizioak.
Hitz egin dezagun ardiez.
Hirurehun bat ardik osatzen dute artaldea, eta gehienak latxak dira. Izan ere, Idiazabalgo gazta egin nahi duenak derrigor egin behar du lan ardi latxekin. Guk gainera, ardiak genetikoki hobetzen joaten gara intseminazio bitartez, esaterako. Pertsona batzuek diotenez, badira esne desberdina –eta hobea– ematen omen duten beste arraza batzuk ere, baina hori bai, ei dira ingurura latxak bezain ongi egokitzen, gehiago kostatzen zaiela diote. Nik behintzat, oso gustura egiten dut lan ardi arraza honekin.
Artzainen gaineko irudia denborarekin aldatu egingo zen, ezta?
Izugarri gainera! Esate baterako, lehen artzaina etxetik egun guztirako irteten zen –eta kasu batzuetan denbora luzeagorako– eta ardiekin egoten zen uneoro. Gaur egun berriz, lan egiteko modua desberdina da, adibidez, artaldea zelai hesitu batetara eramaten da eta han egoten dira ardiak; bien bitartean artzainak etxeko–lanak egiteko aprobetxatzen du, esaterako.
Eta artaldea mendira eramaten duenak berdin, egunean behin joaten da animaliak nola dauden ikustera eta ez da haiekin egon behar etengabe. Gaurko egoerak denbora gehiago aprobetxatzea dakar, besteen artean.
Artzain izan nahi duen norbaitek zer egin beharko luke?
Nik esango nioke ez dezala beldurrik izan mundu honetan barneratzeko. Izan ere, leku anitzetatik lagunduko diote; baditugu elkarte ugari, artzainena edo gaztarena... Beti dago jendea laguntzeko prest.
Honetan hasi gura duena asko mugitu behar da, informazioa jasotzeko alderik alde ibiltzea komeni baita. Datu ezberdinak bildu eta horiek kontrastatuz, zer eta nola egin gura duen erabaki beharko du.
Bestalde, gaineratuko nuke, artzaintzatik bizitzea posible dela, baina ez esnea saltzetik soilik; esaterako, gazta eginez osatu beharko litzateke jarduna.
Gaiz aldatu eta zure beste alderdian barneratuko gara. Nolatan hasi zinen borroka librean?
Txikitan izan zen, Otxandion. Hasieran jende mordoak eman genuen izena, eta nolabaiteko booma ere izan zela esan genezake; baina halako kasuetan pasatu ohi den bezala, neska–mutilak borroka alboratzen hasi ziren eta azkenean gutxi batzuk geratu ginen soilik.
Etxean inoiz ez zidaten trabarik jarri borroka aukeratu nuelako, kirola egiten dibertitu egiten nintzela ikusten baitzuten. Nagusitzen joan nintzen heinean eta ikasketekin errenka hasterakoan, orduan bai hasi zirela arduratzen eta utzi beharko duzu modukoak esaten zizkidaten.
Baina ez zenuen utzi eta begira noraino iritsi zaren!
Gogor egin dut lan borrokalari profesional bihurtzeko. Ordu asko eskatzen ditu eta ez du balio eskaintzen zaion dedikazioa eten eta denbora batera berrartzea; jardun jarraitu bat edukitzea funtsezkoa da profesional mailan aritu nahi baldin bada behintzat.
Eta entrenamenduek izugarrizko garrantzia daukate bidea egiteko, eta urtean dauzkagun erronken arabera modu batekoak edo bestekoak izaten dira. Hau da, ez naiz berdin entrenatzen Munduko zein Espainiako txapelketetarako edota Joko Olinpikoetarako.
Aurtengo kasuari dagokionez, asko ari naiz eskalatzen eta horretarako, Gasteizera joan eta rokodromo batetan aritzen naiz. Eta etxean aldiz, pisuak altxatzen ditut, batez ere aurre–denboraldian garrantzitsua delako indarra hartzea.
Entrenamendu ezberdinak bai, baina badakit entrenatzaileak ere txapelketaren arabera desberdinak dituzula...
Espainiako Selekzioan entrenatzaile bat daukagu, eta gero nik nire entrenatzailea daukat egunerokorako; eta pertsona ezberdinak diren moduan, haiekin dudan tratua ere zeharo desberdina da. Hau da, hemengo entrenatzailearekin pertsonen arteko harreman bat daukadala esan dezaket, nekatuta banago, esan egiten diot. Baina Espainiako Selekzioko entrenatzaileari ezin diot halakorik esan, berak esandakoak bete eta kito, makinak bagina bezala funtzionatzen dugu.
Eta beti izan da horrela. Hau da, garai batetan, Madrilera joateko aukera eduki nuen, baina ez nuen nire tokia aurkitu. Izan ere, bertan talde handi bat ginen, entrenamenduak berdinak ziren guztiontzat eta lesio ugari eduki nituen... Bi denboraldi egin nituen bertan, eta azkenean utzi eta berriz ere Euskal Herrira etorri nintzen; hemen bai, hemen benetan eroso sentitzen naiz. Hobe da Madrilen neraman erritmoa baino, gutxiago entrenatu baina gustura sentitzea.
Euskal Herrian gainera, BAT daukagu –Basque Team; hau, Eusko Jaurlaritzak sortutako kirolarientzako aholkularitza zerbitzu bat litzateke, orokorrean hitz eginda. Denbora dezente daramat beraiekin eta oso ongi sentitzen naiz: elikadura zaintzen digute, medikuak gure gainean egoten dira, analisiak nahi beste egiten dizkigute... Pertsonak moduan tratatzen gaituzte, gure beharrizanak zaindu eta hobetzen lagunduz.
Elikadura aipatu duzula, dieta berezirik jarraitzen al duzu?
Zorionez, dagoeneko oso ongi ezagutzen dut nire gorputza, baina oroitzen dut hastapenetan asko kostatzen zitzaidala pisua mantentzea eta kilo batzuk gizentzen nituen, bat–batean argaldu... Akordeoi bat ematen nuen. Orain berriz, tentazioen aurrean beste modu batetan erantzuten dut eta errazagoa zait oreka mantentzea.
Halere, aitortzen dut kanpora noanean beti sartzen dudala maletan etxeko gazta zati bat eta txapelketa amaitzerakoan jateko aprobetxatzen dut. Lehenago ez, nire kategoriari dagokidan pisua eman behar baitut.
Eta gaztaz gain, zer gehiago sartzen duzu normalean maletan?
Batez ere, zapatilak eta kirola egiteko arropa. Halere, normalean gurekin eramaten dugu bidaian, ez dugu fakturatzen, behin baino gehiagotan galdu izan dizkigute maletak eta! (barre)
Kanpotik ikusita kirol gogorra dela ematen du, beraz, trukean gauza ugari emango dizkizu borrokak ezta?
Bai, asko gainera. Jende eta leku ugari ezagutu ditut borrokan hasi nintzenetik, eta hori primerakoa da. Gainera, momentu onak izan ditudan moduan, txarrak ere bizi izan ditut, eta asko ikasten dut horietatik.
Eta momentu txar horiek buruan bueltaka eduki arren, normalean hurrengo txapelketan ahaztu egiten ditut. Tatami gainera automata xamar irteten naizela aitortzen dut, aldez aurretik teknika errepasatu, borrokatzera irten eta amaitu egiten baita; eta normalean ez dut kontuan hartzen aurrean dudan pertsonak beste txapelketaren batetan zerbait egin didan.
Profesional mailan aritzeak zer esan nahi du zuretzako?
Batez ere, poztasuna. Baina ezin dugu ahaztu etengabe emaitzak lortzeko gai garela erakutsi behar dugula. Asko nekatzen du horrek, baina nire etxean nagoenean, artzaintzari esker burua freskatzea lortzen dut, lan ugari baitago egunero; eta bide batez, ez da komenigarria buruhausteak bueltaka edukitzea.
Borroka librean dabilen emakumea; inoiz diskriminaziorik sentitu al duzu?
Nire inguruan ez dut begirada arrarorik sumatu emakumea naizelako, eta horren harira, zortea eduki dut nire entrenatzaileari berdin zaiolako emakumezkoa naizen edo ez. Gainera berarekin beti eduki dut primerako harremana. Halere, norbaitek zerbait esaten badit ez diot kasurik egiten! (barre)
Baina gogoan dut hasi nintzenean kirol hau ez zela olinpikoa eta ondorioz guk ordaindu behar genuen guztia. Zegoen aurrekontua mutilentzako izaten zen, eta ez ziguten neskoi kasurik egiten; gaur egun berriz, kontrakoa gertatzen da, emakumeok erraztasun gehiago daukagula, hain zuzen.
Artzaintzari dagokionez berriz, emakumeak beti egon gara lanbide honetan sartuta, eta neure kasuan behintzat ez dut nabaritu diskriminaziorik.
Trikimailuak izango dituzu aurkaria desorekatzeko, ezta? Akaso gaizki begiratzea...
(barre) Garrantzitsuena irabazteko konbentzituta egotea eta borrokara segurtasunez sartzea da, eta hala aukera gehiago daude irabazteko. Baina ez da erraza, asko entrenatu behar da horretarako! Esate baterako, iazko Munduko Txapelketara joan aurretik, nire entrenamendu saioak grabatzen nituen eta nire jarrerari, nire plantari erreparatzeko balio zidan horrek, eta oldarkor itxura erakutsita nahiko ongi joaten zen.
Eta dudarik gabe, indar fisikoa edukitzeaz gain gogorra izan behar zara psikologikoki. Gainera, segun eta haizeak nondik joten dizun, borroka mota bat edo beste bat atera daiteke, ez izan zalantzarik!
Bestalde, Oleta Otxandiotik horren gertu egon da, akaso norbaiti arraroa egingo zaio Aramaioko Alaba Kuttun izendapena jaso duzula jakitea!
Ni Oletakoa naiz! (barre) Ez, baina egia da Otxandiotik gertuago gaudela Aramaiotik baino. Halere, izendapen horrek herriari zerbait eman diodala adierazten du. Benetan poztu egin ninduen Alaba Kuttun, izan ere, egindako lan gogorraren aitortza bat dela iruditzen baitzait.
Zein da 2010erako daukazun desira?
Aurtengoa urte berezia da, patxadaz hartzekoa hain zuzen ere. Hala, teknika berriak ikasi edo lehenagotik dakizkidanak hobetzeko aprobetxatu gurako nuke; ea entrenamenduarekin indar gehiago hartzen dudan. Baina orokorrean hitz eginda, gauza berriak probatzeko baliatuko dut urtea. Maider Unda (Gasteiz, 1977) Aramaioko Oleta auzoan bizi da Maider Unda Gonz?lez de Audicana. Txikitan Otxandion kirola egiten hasi zen eta besterik ez zegoenez, sambo egitea hautatu zuen. Hortik, borroka librera pasatu zen eta urteekin serio hartzeko unea iritsi eta ordutik domina ugari zintzilikatu ditu lepotik. Besteak beste, 2001ean Mediterraneoko Jokoetan brontzea; 2007ko Mundu Txapelketan bosgarren; 2008an Beijingeko Joko Olinpikoetan bosgarren; 2009ko Munduko Txapelketan brontzea eta urte bereko Espainiako Txapelketan urrea. 2010eko Dave Schultz nazioarteko borroka txapelketan –Colorado Springs, AEB– 4.postua. Baina guzti horretaz gain, Elektronika ikasi zuen arabarrak, eta eguneroko lanbideari dagokionez, artzaintzan aritzen da Oletako baserrian. Bestalde, jasotako sari anitzen artetik, 2009ko abenduaren 20an Aramaioko Alaba Kuttun izendatu zutela aipatu.