519 Zenbakia 2010-02-05 / 2010-02-12

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Iñaki Etxezarraga Maiztegi, Etxe. (Musikaria): Diskoa Internetetik jaistea, publikoak gustuko duen seinalea da

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Eskua luzatzen digu Etxe musikariak, eta gonbita aprobetxatuz galderatxo batzuk prestatu dizkiogu. Iazko –2009ko– azarotik Heldu Eskutik diskoaren promozio lanetan dihardu bizkaitarrak bere taldearekin batera. Horri buruz egin dugu berba, baita, maitasunari buruz, lan egiteko erez edota eszenatoki batera igo zen aurreneko aldiaren oroitzapenez.

Elkarrizketari ekin aurretik norekin ari naizen jakin gurako nuke... Iñakiren alter–egoa da Etxe edo pertsona berdinak zarete?

(Barre) Ez, ez, pertsona bera gara, ez dago desberdintasunik bion artean. Ezizena ohiko tokitik dator, lagunengandik, nola ez! Ikastolan bi Iñaki ginen eta bioi abizenetik deitzen hasi ziren gure artean desberdintzeko, eta hara! Inor ez zen Iñaki moduan ezagun. Betidanik deitu naute horrela, eta musikan hasi aurretik ere, edozein tokitan Etxe moduan aurkeztu dut nire burua.

Ederki! Abia dezagun beraz, solasaldia. Heldu Eskutik duzue azken lana.

Hori da, 2009ko azaroan argitaratu genuen eta orain promozio garaia da, pentsa, urtarrilera arte soilik bi asteburutan libratu genuen! Badakigu halere, etapa bat dela eta ostean trankilago ibiliko garela.

Benetan gustura geratu gara lanarekin, gure asmoen artean eszenatoki gainean rocka egitea eta emanaldi indartsuak eskaintzea izan da, eta lortu dugu. Hamaika kantu bildu ditugu bertan, eta luxuzko bi kolaboratzaile izan ditugu; batetik Roberto Moso eta bestetik, Anje Duhalde. Mosorekin aritzeko aukera edukitzea handia izan da, beti izan bainaiz Zarama taldearen jarraitzailea; Anjerekin berriz, barruan halako sentimendu handi bat sortu zitzaidan... Kasu honetan gainera, aldarrikatu nahi genuena Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko elkartasuna zen, ezen musikari dagokionez gutxi aipatzen den zerbait dela pentsatzen genuen. Poz–pozik gaude diskoarekin. Argazkia: Joseba Casasola

Bestalde, entzuleei dagokienez ere, batzuetan guk uste baino jende gehiago etorri da kontzertuetara, eta bestetan gutxiago, denetarik. Baina hori gaur eguneko gizartearen joera da, hau da, jendea motelduta dagoela iruditzen zait, eta lehen baino gutxiago animatzen da zuzenekoak ikustera.

Krisiaren eraginez?

Ez dut uste, gizartearen eragina dela pentsatzen dut. Alde batetik, pertsona aisanaiak garela esango nuke, eta bestetik, egungo musikagintzan dagoen eskaintza handiak ere jendeagan eragiten du. Azken 10 urteetako joera dela esango nuke, edozein herritan ikusten dena.

Diskoarekin pozik geratu zaretela argi daukat, baina jakin badakit goxotasunaz gain badaukala gazitasun puntua. Bai. Bizitzan beti egoten dira momentu onak eta txarrak eta justu diskoa amaitzen ari ginela, nire anaia hil zen. Kolpe handia izan zen, baina beti aurrera egin behar dela sinesten dut; horregatik, egunean bertan kantu baten letrak aldatu nituen eta berriz ere grabatu genuen. Hala jaio zen Bakarrik sentitzen naiz, anaiaren omenezko abestia.

Heldu eskutik esaten diozu entzuleari. Baina nora joateko?

(Barre) Beti esaten dut nire asmoa jendeak disfrutatzea eta nire kantak entzunez bere arazoez ahaztu daitezela da. Beraz, jendeak niri eskutik heltzea eta buruan bueltaka duten zalaparta guztiak momentu batez bada ere alboratzea da. Bizi garen gizartean dauden burukomin guztien aurrean, zer hobe deskonektatu eta disfrutatzea baino!

Orain ohituta gaude zure kantak irratian entzutera, adibidez. Baina hitz egin dezagun hasierez. Nolatan murgildu zinen musikaren zurrunbiloan?

Egia esateko, betidanik zaletasun nagusi bi eduki ditut, bata txirrindularitza eta bestea musika. Txirrindularitzari dagokionez, afizioa serioago hartzea pentsatu nuen garai batean, baina nire bidea musikatik zihoala ohartu nintzen. Halere, ez dut txirrindularitza alboratu eta berriro heldu nahi diot.

Musikari dagokionez berriz, txikitan –zazpi urte ingururekin– hasi nintzen solfeo ikasten eta hortik abesbatzan parte hartzera igaro nintzen. Beranduxeago etorri zen instrumentuena, eta gitarra aukeratu nuen. Hamabi bat urte izango nituen eta bi urtez horrekin aritu ostean utzi eta baxuari heldu nion. Hemeretzi urterekin berriro gitarra hartu eta orain bata ala bestea, gustura aritzen naiz biekin! Argazkia: Jon Olabarriaga

Serioago eta bakarlari gisa, 2004ean agertu nintzen publikoaren aurrean; urte hartantxe bertan maketa lehiaketa irabazi nuen eta azkenean, 2005ean ikusi zuen argia. Ordutik euri asko egin du ezbairik gabe, eta hori, gehien bat musikari begiratzeko moduan nabaritu dut; ezen momentu hartan ez nuen –nolabait esatearren– arrakasta lortzea helburu moduan ipintzen.

Urteekin proiektuak funtzionatzen duela eta gainera, zaleen kopuruak ere gora egiten duela ikusteak beste ikuspuntu bat sorrarazten dizu. Gainera, presio puntu bat dagoela esango nuke, aurreko lanak hobetu nahi dituzu eta beti maila bat gorago egin. Halere, hasierako ilusio berdinarekin jarraitzen dut. Bestalde, lan egiteko moduan ere aldaketa eman da, abidibez, profesionalago egiten dugu dena: teknikoak, argiztapena... Guztiari arreta gehiago ipintzen diogula zalantzarik ez.

Akordatzen al zara eszenatokira igo zinen aurreneko aldiaz?

(barre) Kontzertu bat eskaini nuen aurreneko aldiaz gogoratzen naiz, baina ez dut horren argi noiz igo nintzen lehenengoz taula gainera. Izan ere, ikuskizun munduarekiko afizio handia eduki dut betidanik, eta ikastolan playbacka, antzerkia eta abar egin nituen, oso animatua eta parte–hartzailea bainintzen. Halere, memoria pixka bat eginez, uste dut zortzi urterekin igo nintzela lehenengo aldiz eszenatokira, eta EH Sukarra taldearen abesti baten playbacka egiteko izan zela.

Ordutik denbora asko igaro den arren, beti dago urduritasun puntu bat, eta garrantzitsua da gainera, halako sentimenduak zurekin edukitzea, lasaituz gero, akaso ezustekoak egon daitezke eta.

Eta tentsioa kentzeko zerbait egiten duzu emanaldien aurretik?

Orain jendaurrera irten aurretik, taldekideon artean besarkada bat ematea ohitura moduan hartu dugu. Baina bestela ez dut aparteko ezer egiten.

Kantuak sortzeko teknikari dagokionez, nola egiten duzu?

Disko honetarako pixka bat moldatu dut lan egiteko era, normalean lokalean aritzen banaiz, oraingoan etxetik egin dut lan; bateria programatu eta irteten ziren kantuen aurre–grabaketa bat egin dut. Argazkia: Joseba Casasola.

Inspirazioari dagokionez, berriz, etorri egiten den zerbait dela iruditzen zait, ez zara horren bila ibili behar. Horretaz aspaldi konturatu nintzen; hau da, kantu bat egitea proposatzen baldin badiot nire buruari ez zait abesti ona ateratzen. Momentuan irteten zaidanarekin gusturago geratzen naiz zalantza barik. Sormena egunero pizten da eta edozein momentutan, gainera; edozein tokitan nagoela ere, kanta bat burura etorriz gero grabagailua hartu eta grabatu egiten dut. Pasatu izan zait bestalde, ohean nagoela inspiratzea; batzuetan jaikitzen naiz, baina bestetan gertatu da lo hartzea eta hurrengo egunean ez gogoratzea. Halakoetan ideia askok ihes egiten dute...

Sukaldean sartuko gara. Zeintzuk dira abesti goxo bat prestatzeko funtsezko osagaiak?

Nik garrantzia handia ematen diot melodiari, eta entzulea harrapatzeko modukoa izan behar dela iruditzen zait. Estrukturari ere asko erreparatzen dion horietarikoa naiz eta kantu bat oso desordenatua geratzen bada, ni ez naiz gai nire egiteko, galdu egiten bainaiz.

Adibidez, oso ohikoa da abesti batek estrofa–errepika–estrofa–errepika egitura edukitzea eta ni oso sinplea naizenez horretarako eta erakargarria suertatzen zaidanez gero, horixe egiten dut. Eta leloa indartsua izatea ere funtsezkoa da.

Beno, aitortzen dut badaukadala salbuespen bat: azken diskoaren abestietako batek bost minutu irauten ditu eta kantu erdi abestu gabe da! Baina esandakoa, salbuespena.

Eta guzti horri sentimendua gehituz ondu beharko duzu!

Noski! Badaude barru–barrutik irteten diren kantuak baina batzuetan istorioa asmatutakoa izan daiteke. Eta kuriosoa da azken kasu horri dagokionez, noiz edo noiz etorri baitzait entzuleren bat esanez oso kantu ederra dela eta erabat identifikatu dela istorioarekin. Eta azken batean, sentimendua ipintzea, hori da garrantzitsuena!

Abesteko unean, zeri kantetzen dio Etxek?

Heldu Eskutik lanean, Mikel Laboaren heriotza aipatzen da, baita Martin Luther King ere... Eta gainera, ezer berezirik esan nahi ez duen kantua ere egin dut, Ezer ez den zerbait abestia kasu... Eta maitasuna era askotan adierazten dut, hitz oso zabala delako. Nire anaiarenganako maitasuna, lagun, musika zein gitarrarenganakoa... Kantu guztietan dagoen zerbait da. Kontzertu ostean. Argazkia: Alain Asenjo.

Baina kantatuko al zenioke SGAEri?

Ez, ez nioke kanturik egingo. Nahiko gai gatazkatsua da niretzako. Alde batetik ikusten dut musika kultura dela, baina kultura sortzeak ez du zertan doako zerbait izan behar. Nik sortutako kantuak beste batzuen onurarako erabiliz gero, nik horren zati bat jasotzea ondo ikusten dut. Halaber, horren ongi ikusten ez dudana, musikaren industrian mugitzen diren milioiak dira. Nik eskala txikian lan egiten dudanez, jasotzen dudan apurra ederto etortzen zait, egia da; baina ez dut jakin gura mundu mailan ari direnek zenbat poltsikoratzen duten, bai musikari baina baita bulegoan eserita daudenek ere!

“Piratei” orduan?

Bai, zergatik ez? Alde batetik niretzako garrantzitsua izan daiteke diskoak saltzea, ezen modu horretan disko–etxea interesatu egingo da nire lanaz eta asko landuko dit nire bidea erraztuz. Baina bestaldetik, diskoa Internetetik asko jaisten bada, publikoak gustuko duen seinale; eta positibotzat hartzen dut hori, nire lanaren hedapen modu bat delako.

Pentsa dezagun 10 disko saltzen ditudala, eta 100 direla deskargatzen direnak. Azken batean horrek hiruzpalau kontzertu gehiago lotzea ekartzen badit eta nik zuzenekoei garrantzia gehiago ematen diedanez, ez dut horren gaizki ikusten!

Euskararen mugak anitzak izanik ere, musikan leku guzietara irits daiteke...

Bai, bai, hori da. Maiz ingelesezko abesti bat hartu eta ez dut piperrik ulertzen, baina gustuko dut. Beraz, zergatik ez irten euskaraz mundura? Akaso Berri Txarrak dugu talde esanguratsua arlo horretan, eginiko lan gogorraren bidez hainbat herrialdetan aritu baitira. Oso interesgarria da, eta geuk ere Euskal Herriko mugak gainditu nahiko genituzke. Horretarako opor batzuk prestatu, furgoneta kargatu eta kontzertuak eskaintzea esaterako, Katalunia zein Madril aldean. Iñaki Etxezarraga Maiztegi (Berriz, 1984) Ikasketei dagokienez, nahiko ongi joan zaiola aitortzen du Iñakik. Arrasaten Ingeniaritza ikasketak egiten hasi zen, baina alde batera utzi zuen eta Markinara abiatu zen Lanbide Heziketako ziklo bat burutzera. Betidanik musika gustuko izan du eta txikitan abesbatzan ibili zen; ondoren, solfeo eta gitarra eta baxua jotzen ikasi zuen. Hainbat taldetan aritu da eta gaur egun Etxe moduan dugu ezagun. Zatoz nirekin maketa kaleratu zuen 2005ean, Bidea eginez 2007an eta Heldu Eskutik 2009an.