518 Zenbakia 2010-01-29 / 2010-02-05
Cristina Iparaguirrek, kimikari bezala egiten du lan. Materialen propietateak aztertzen ditu eta hauek hobetzen saiatzen da. Berari buruz gehiago jakiteko, elkarrizketa bat egin diogu.
Zein da zure lana?
Materialen propietateak aztertu eta propietate hobeagoak izan ditzaten ikerketak egiten ditut. Ni altzairuetan espezializatua naiz eta hauen propietateak hobetzeko modu ezberdinak daude, adibidez, elementu kimiko ezberdinak beraien konposizioekin nahastea, erresistentzia hobetzeko, edo altzairuari tratamendu termo-mekanikoak egin: berotu, deformatu etab.
Txikitan ere kimikari izan nahi zenuen?
Ez, txikitan ile-apaintzailea izan edo animaliak zaindu nahi nituen. Polizia izatea ere pentsatu nuen, pentsa!
Gustuko al duzu zure lana?
Bai. Azken generazioko makinekin egiten dut lan, eta ez naiz aspertzen, izan ere, kongresuetara noa, lurralde ezberdinetara bidaiatzen dut eta nire lankideekin harreman ona daukat. Aldatuko nukeen gauza bakarra, nire lanean finko izatea da, kontratu mugaturik gabe.
Zein ikasketa egin zenituen honaino iristeko?
Zientzia kimikoen karrera egin nuen. Eta gainera, Materialen zientzietan doktoretza daukat.
Denborarik geratzen al zaizu aisialdirako?
Goizeko 9etatik arratsaldeko 8etara bitartean egiten dut lan, baina ondo antolatzen naiz eta denbora libre pixka bat gelditzen zait.
Berriz ere nerabezarora bueltatuko bazina, zein karrera aukeratuko zenuke?
Karrera berdina aukeratuko nuke, edo agian ingeniari izango nintzateke, etorkizun handia duelako.