517 Zenbakia 2010-01-22 / 2010-01-29

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Esther Fernandez. (Forokoop): Kooperatibismoa ez da panazea, baina zenbait egoeratan gehiago laguntzen du

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Irakurtzea, bidaiatzea, kirola egitea... Estherren zaletasunetariko batzuk besterik ez dira eta denbora librea duen heinean horiekin gozatzen saiatzen da. Lasai-lasai sofan eseri eta literaturaz gozatzen, edota erritmo brasildarrekin dantza eta borroka egiten... Jende asko moduan kooperatiban lanean diharduen arrasatearra da Esther; baina toki bakarrean beharrean, bitan dihardu lanean. Berarekin mintzatu gara, enpresa eredu horren, bidaiatzearen, edota capoeiraren inguruan.

Arrasatearra zara, eta bertako asko moduan, kooperatiba munduari lotuta zaudela esan genezake, ezta?

Halaxe da. ETEOn ikasten ari nintzela, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartean bekadun moduan sartu nintzen. Ikasketak amaituta, kontratua egin zidaten. Bestaldetik, Forokoopeko ateak ireki zitzaizkidan Arrasaten bertan, eta gaur egun biak uztartzen ditut, egun erdiz toki batean, eta beste erdia bestean.

Joan gaitezen urratsez urrats. Aurrena, Forokoopi buruz hitz egin dezagun.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak sortutako foro birtual bat da Forokoop. Baina urtean behin mundu birtualetik irten eta aurrez-aurreko eztabaida antolatzen dugu, 2009an esaterako, Bilboko Carlton hotelean burutu genuen. Gure xedea, kooperatiben munduan sartuta dagoen jendeak gaiaren gainean hitz egitea da, iritziak eman eta bere kezkak konpartitzea. Bestalde, albisteak jasotzen ditugu eta kooperatibaren inguruko jendeari elkarrizketak egin eta bideo-blog batetan sareratzen ditugu... Foro birtualean edozeinek hartu dezake parte, iritzia eman, testuak sartu... Jende guztia ongietorria da gurekin bat egitera, eta gainera, geroz eta gehiago izan, orduan eta gehiago ikasiko dugu!

Eta zer nolako gaiak tratatzen dituzue jardunaldietan?

Urtero gai ezberdin bat finkatzen da, eta gainera, saiatzen gara bertaratzen diren pertsona guztiak ez izatea soilik kooperatibismo munduari lotutakoak; hala, beste ikuspuntu bat edukita asko ikasten da. Azken batean argi eduki behar dugu kooperatibismoa ez dela panazea, ez da munduko gauzarik onena izango ziurrenik. Noski, zenbait egoeratan gehiago laguntzen dio pertsonari kooperatiba batek, esaterako, krisi garaian.

Bestalde, Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartean ere bazabiltzala esan duzu.

Kooperatibaren inguruko jendeak 2007an sortutako elkartea da, Arizmendiarrietak ezarritako balore horiek mantentzeko eta hedatzeko, bere ideiak zabaltzeko, eta noski, kooperatibismoa ezagutzera emateko. Momentu honetan pertsona fisiko eta juridikoen artean 200 bat lagun ditu elkarteak. Elkarte barruan asanblada bat dago eta lau azpiegitura ditu, eta hauek lauzpabost pertsonez osatuta dago. Beraien lana besteen artean, jendea informatzea, bazkideak erakartzea, elkartea bera ezagutzera ematea, baloreak zabaltzea, unibertsitateko jendeaz erlazioak sortu eta hitzaldiak ematea, idazkiak mantentzea... Nire lana guzti hori koordinatu edo taldeen arteko elkartze-puntua bilatzea da.

Zuzenean hasi gara kooperatibaz hizketan eta agian irakurleren batek ez du zer den ezagutuko. Azalduko al diozu?

Berez, elkarte bat dela esan genezake, non eta bertako langileek beraiek ezarritako arauen menpe lan egiten duten. Gainera, langileak enpresako bazkide dira, eta ondorioz, enpresa beraiena dela esango genuke.

Bestalde, balore batzuez dago osatuta kooperatiba bat; eta niretzako gainera, pertsona batek eduki beharko lituzkeen zentzuzko baloreak lirateke. Horien artean daude, elkartasuna, elkar laguntza, helburuak lortzeko borondatea, berdintasuna, demokrazia, askatasuna, doitasuna eta gizatasuna. Ikus daitekeen moduan, ez dira soilik enpresa kooperatiba batetako baloreak, edozein tokitan eta unetan baliatu beharrekoak baizik, dela auzoan, dela kalean...

Gaur egun bizirik dirauten baloreak dira zure iritziz?

Nik uste oraindik ere presente daude balioak horiek, eta gainera, gazteok ere geureak ditugu. Egia da bestaldetik, hemengo kooperatibak sortu zirenean gizarte eredu desberdina bizi zutela eta beharrizan gehiago zegoela. Gaurko belaunaldia erosotasunean bizi da, dena eginda eman digute; hau da, akaso zerbaitengatik borrokatuko genuen orain arte, baina ezin dugu ukatu eskura jartzen dizkigutela gauza gehienak. Halere, oraindik balore horiek jarraituz lan egiteko gogoa duenik ere geratzen da.

Bestalde, askotan gaurko gazteek kooperatibari buruz ezagutzen dutena etorkizunean fabrika batetan lanpostu finko bat edukiko dutela da; beraien aita-ama kooperatibista izanagatik, zuzenean sartzen baitira lanean. Horregatik esaten dut kooperatibak sortu zirenean finkatutako balore horien ezagutza transmititzerako orduan hutsune handi bat dagoela. Kontuan hartu behar dugu azken urteetan hemen sortutako enpresa txikiak nolako tamaina hartu duen, eta milaka pertsonei jaten ematen die egun mundu osoan zehar; modu horretan, zail ikusten dut langile horiek kooperatibaren funtsa ezagutzea: lan egingo dute eta etxera joango dira, kito.

Hala, zuzendariei ematen zaizkien kurtsoekin moduan, ikasle zein langileekin ere zerbait egin behar da ezbairik gabe. Kooperatiba barruko enpresa ezberdinetan lan egin dut eta horietan ikusitako errealitatea ari naiz kontatzen; adibide bat ipintzearren, ?hona nator, piezak egin eta etxera noa, ez zait axola kotxea okertuta irteten den.?

Baina maiz gizartea indibidualistegia da gainerako pertsonetan pentsatzen hasteko, eta horren kapitalistak gara...!

Lehen aipatu dudanaren harira dator hau, dena eginda eman digute ez dugula borrokatzen, ez dugula arazorik eduki aurrera irteteko. Eta horrelako kasuetan pentsatzen dut lankidetzan jarduteko zailtasun handiagoa edukiko duela pertsona batek. Noski, aldatzea posible da!

Eta animatuta dagoen gazte batek zer ekarpen egin diezaioke enpresa eredu honi ?

Batez ere gaztetasuna ekartzen du horrenbeste urte dituen eredura eta horretarako funtsezkoa da lan egiteko eta gauza berriak burutzeko gogoa edukitzea. Gure esku dago garai berrietara egokitzea aurretik zegoena, beti ere esentzia mantenduz.

Gaiz aldatuz, zure zaletasunen artean bidaiatzea dagoela entzun dut.

Zaletasun handia da gainera! Nire ustez, Mundua unibertsitate bat da, txarrerako edo onerako ikusten ditugun gauzetatik asko ikasten dugulako. Gainera, turista tipikoa ez izaten saiatzen naiz, esate baterako, bisitatzen dudan herrialdean galdu, bertako herritarrekin nahasi, eskuekin jan behar bada bide hori segitu...

Beste adibide bat ematearren, Indonesiara joan ginenean, herritxo batetan geunden eta errezatzera joateko deia entzun genuen ? musulmana eta hinduista da bertako biztanleria eta azken horretako deia zen- baimena eskatu nuen eta baiezkoa eman zidaten; emakume bakarra gizonen artean!

Aitortu, bisitatutako toki guztietatik baten bat aukeratuko al zenuke?

Egia esan oso zaila zait bakarra aukeratzea. Indonesia ederra da, baina baita Asturias ere, edota Biarritzek ere enkantua dauka. Leku guztiek dute zerbait eta ondo begiratuta leku denek eskaintzen dizute altxorren bat.

Bestalde, akats-profesionala ere badaukat (barre) eta zenbait tokitan konturatu naiz, bizi diren komunitateak kooperatiba txikiak direla, batak besteari umeak zaintzen laguntzen dio, bizilagun batek jateko barazkiak ipintzen ditu eta beste batek oiloak... Beraien eguneroko bizitzako baloreak oso antzerakoak dira kooperatibismoarenarekin.

Amaitzeko beste zaletasun bat: capoeira praktikatzen duzu.

Capoeira, borroka-arte eta dantzaren artean dagoen ohitura brasildarra da. Orain urtebete hasi nintzen eta nire asmoa hamaika urtez gimnastika erritmikoa praktikatu ostean, nire nolakotasunekin bat zetorren zerbait egitea zen. Lagun batek animatu ninduen horretara, eta orain poz-pozik nabil, guztiz harrapatu nau! Gainera, jende eta toki berriak ezagutzea ekarri dit afizio honek eta esaterako, taldekideok Brasil aldera joateko asmotan gabiltza. Zur eta lur utziko ditugu bertakoak gure erritmoarekin; ez daukagu zerikusirik! Haiek barruan daramate, eta euskaldunon erritmoa... Baina esperientzia ederra izango da.

Bestalde, ez da ezaugarri berezirik behar capoeira praktikatzeko, batzuek indar gehiago dute, besteak malguagoak dira, zenbaitek hobeto abesten dute edo instrumentuak jotzeko abilak dira. Norberak ahal duen neurrian bere ekarpena egiten dio taldeari. Esther Fernandez (Arrasate, 1982) Esther Fernandez kooperatiben sorlekuan jaio zen eta bertan du bizitoki eta lantokia. Informatika modulu bat burutu zuen Arrasaten bertan, eta ondoren frantsesa hobetzeko asmoz, urtebetez au pair moduan lanean aritu zen Frantzian, Lyonen zehatzago esanda; horrek, hizkuntza hobeto menperatzea ekarri dio. Bueltan, O?atiko ETEOko fakultatean eman zuen izena eta Zuzendari Idazkaritzako ikasketak burutu zituen bertan. Gaur egun, Forokoopen - Kooperatiba Eztabaidarako Foroa- eta Arzimendiarrietaren Lagunak Elkartean dihardu lanean.