516 Zenbakia 2010-01-15 / 2010-01-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Jon Plazaola: “Bakarrizketarako, lotsa gutxi eduki behar da”

Bergarako ARANZADI IKASTOLAko lantaldea



Jon Plazaola dugu gaurko honetan elkarrizketatua. Hogeita zazpi urteko urretxuar gazte hau bakarrizketetan trebea da, oso. Hori dela eta, berarekin kontaktuan jartzea lortu dugu lanbide edo afizio honen gainean hainbat galdera argitu ahal izateko. Telefonoz egin genion hots, eta ez zuen birritan pentsatu baietza emateko. ? Argazkia: Jon Plazaolak utzia.

Zer dela eta sartu zinen bakarrizketa mundu honetan?

Egia esan, ez dakit. Urretxun bertan horrelako ikuskizunetan aritzen zen irlandar bat ezagutu nuen eta berarekin harremanetan jarriaz animatu egin nintzen, gaur arte.

Zenbat urte zenituela konturatu zinen trebetasun honetaz?

Hemeretzi urte inguru nituela.

Duela zenbat hasi zinen publikoaren aurrean bakarrizketak eskainiz?

Duela zortzi urte Urretxuko taberna batean egin nuen nire lehenengo bakarrizketa jendaurrean. Ondoren, gustura sentitu izanagatik, Zaldibar eta inguruko herrietara ere animatu nintzen.

Zaletasun moduan hartzen duzu?

Bai, noski! Asko gustatzen zait umorea, oso zalea naiz. Telebistan agertzen ziren bakarrizketa umoristak jarraitzen nituen, baita tabernetakoak ere, nire modukoak, gutxi gorabehera.

Gogorra egin al zaizu noizbait? Esaterako, jendaurrean hitzik gabe gelditzea?

Tira, bai, kotxean mugitu beharra izaten dut herri desberdinetan jendaurrean aritzeko. Kontu hau ez da egia esan, oso gustukoa edo atsegina, baina gero jendeak eginiko harrerak guztia eskertzen du. Eduki dezake beste zerbait, agian, desatsegina edo gogorra, baina, nire ustez, gozamen bat da. Eta ez, ez naiz sekula isilik gelditu jendaurrean -barrez lehertu da, izan ere, oso berritsua iruditu zaigu, hitz egiteko erraztasun handikoa. Haria galtzea gertatu zait, baina segituan tontokeriaren batekin bada ere, aurrera irteten naiz. ? Argazkia: Jon Plazaolak utzia.

Zein ezaugarri izan behar ditu pertsona batek bakarrizketa bat egiteko?

Ez dakit (pentsakor nabaritzen zaio). Lotsa gutxi izan behar da jendaurrean aritzeko, hitzak erraz atera behar zaizkigu, isilik gelditu ez gaitezen. Edozer delarik ere, jendea entretenitzen jakin behar da.

Zer esango zenioke mundu honetan murgiltzea nahi duen pertsona bati?

Duda barik animatuko nuke sartzera, eskerronekoa baita. Jendea ezagutu eta barre eragitea oso gustukoa badu, lotsak albo batera utziaz, beldurra ahaztuaz, proba egitera bultzatuko nuke, eta gustukoa suertatzen bada, aurrera.

Eta zer diote lagunek honi buruz?

Egia esan, askorik ez, baina nire bakarrizketak entzutera gerturatzen diren guztietan oso ongi pasatzen dute (barre). Gainera, afarietan ere txisteak kontatzea gustuko dut, giro pixka bat sortuaz momentu atseginagoak izaten ditugulako.

Horretaz gain, bestelako zaletasunik baduzu?

Musika batez ere, oso zalea naiz. Adibidez, rock kontzertuetara joatea. Etxe guztia diskoz betea daukat, badirudi noizbait niretzako lekurik izango ez dudala (barre artean). Bestalde, futbola ikustea ere gustuko dut. Azkenik, parranda eta antzekoak ere atsegin ditut, horrelako giroetan kontatzen diren txisteetan oinarrituz nire bakarrizketak aberasten baititut.

Bukatzeko, kontatuko zeniguke txiste motzen bat?

Gazte bat medikuarengana joaten da hortz horiendako zerbaiten bila, eta honek erantzuten dio horretarako onena gorbata marroi bat dela.