514 Zenbakia 2009-12-25 / 2010-01-08

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Zakaria Sawadogo. (Burkina Faso): Arrazismoa pertsonaren bigarren zerizana dela pentsatzen dut

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak eta testua

Burkina Fasori buruz datu oso gutxi dakigu, orokorrean. Guk Zakariarekin egin dugu hitzordua, eta horri buruz galdetuta, normalean zoritxarreko katastrofe bat gertatu ezean bere jaioterria moduko herriez ez garela oroitzen adierazi digu. Normalean entziklopediako datuak dakizkigu soilik, besteak beste, Afrika erdian mendebaldean dagoen lurraldea da, beste bost herrialde mugakide ditu –Mali, Boli Kosta, Gana, Liber eta Togo– eta hiru ibai nagusik zeharkatzen dute nekazaritzaren motor nagusiak direla esan daiteke. Bizipenetan aberatsa da Zakaria, batzuetan gertakari positiboek hartu dute bere bizitza, tristeagoek besteetan. Berarekin egin dugu hitzordua Gasteizen, eta askotariko gaiez bete dugu solasaldia.

Burkina Fasokoa sortzez, azken urteotan Gasteizen diharduzu lanean.

Halaxe da. Hain zuzen ere, AFROren –biztanle afroamerikarren elkartea– bitartez lana aurkitu nuen Gasteizen. Hala, hirira iritsi berri diren etorkinekin egoten naiz harrera etxeetan, eta egoera legeztatzeko–eta orientazio lan bat burutzen dut haiekin.

Baina batez ere pertsona horiek ulertzen saiatzen naiz, hau da, bakoitzak arazo partikularrak izaten ditu eta oso zaila da guztiak zaku berean sartzea, homogeneoak izango balira bezala. Hona iristen dira, kanpotarrak dira eta gehienak afrikarrak gainera, hori egia da. Baina bakoitza mundu bat da eta horregatik indibidualki tratatu behar dira. Hala, ekimen ugari burutzen ditugu elkarrekin integratze prozesua errazagoa egin dakieken. Edozein galdera badaukate, nigana jotzen dute eta ahal dudan neurrian laguntzen saiatzen naiz.

Ez baitira gutxi izango aurkitzen dituzten trabak, ezta?

Ez, zailtasun ugari dituzte hona iristerakoan. Horregatik, normalean lehenengo egiten duguna alfabetatzeko eskoletan izena ematea izaten da, kasurik gehienetan ez dutelako ikasketarik edukitzen. Bestalde, erregularizazio prozesurako zer behar duten jakitea ere nire lana da: kanporatzeko agindua dutenek egoera aldatzeko nora jo behar duten, norekin hitz egin behar duten eta abar.

Zenbat denbora egiten dute iritsi berriek harrera etxeetan?

Aurretik esan dudan bezala bakoitza mundu bat da, eta ezin da orokortu. Hala ere, gure lana haiei ongietorria egitea da, errealitate berriari aurre egiteko oinarrizko ezagutzak eman eta egoera erregulatzen lagundu. Batzuek lehenago uzten dute habia, besteek denbora gehixeago behar izaten dute beren kabuz bizitzeko. Baina ezin izaten dira urtebete baino gehiago geratu etxe hauetan, beraien ostean etorritakoei lekua egin behar baitzaie.

Bestalde, lan hau burutzeko prestakuntza bereziren bat jaso al duzu?

Gizaguneren bidez, Bartzelonako Unibertsitatean izena eman nuen Gatazken artekaritza eta ebazpen alternatibo masterra egiteko. Horrek, harrera etxeetako jendeari laguntzeko balio izan dit, baina batez ere niretzako izan da onuragarria, egoera ezberdinetan sortzen diren gatazkei nola aurre egin eta laguntzerik dudala ikusiz gero zein norabidetan jo ikasi baitut.

Egoera zailetan daudenei laguntzen diharduzu egun. Baina jakin badakit zuk ere bizipen ugari izan dituzula Burkina Fasotik irten zinenetik.

Hala da; nire bizitzak buelta ugari eman ditu Gasteizera iritsi aurretik. Hain zuzen ere, Burkina Fasotik Algeriako Unibertsitatera abiatu nintzen ikastera. Bertan lizentziatu ondoren, Frantziara joateko aukera eduki eta Sorbonako Unibertsitatean eman nuen izena; han, Komunikazio eta Informazioaren Zientziaren inguruko gradu–ondokoa egiten hasi nintzen. Hala ere, nire bisarekin arazoak nituen, ezen turista gisa joan nintzen, eta ezin zen egonaldi luzerako baimen bilakatu.

Egoera benetan zaila zen, ezin nintzelako nire herrialdera itzuli; alde batetik ez nekielako zenbat iraun zezakeen Europara itzultzeko tramiteen prozesuak, eta bestaldetik, nire familiari gauzak zailtzea izango litzatekeelako, ez baitzeukaten diru nahikorik paper horien kostua ordaintzeko.

Zoriak hala nahi izan zuelako, egun batean nire herrikide bat ezagutu nuen, eta hark azaldu zidan hona etorri eta paperak egiten nituen bitartean lan egiteko Frantzian baino aukera gehiago eduki nezakeela. Bestea aukera bat litzatekeela ikusi nuen, hau da, behin bertan bizitzeko baimena jasota nire ikasketekin jarraitzeko moduan izango nintzatekeela eta berarekin etorri nintzen Gasteizera.

Administrazio kontuek denbora dezente eramaten dutela jakinda, nola izan zen prozesua?

Nire egoera erregularizatzeko Caritasen laguntza eduki nuen. Hona iritsi bezain pronto eskaera egin nuen, nire pasaporte eta bisa iraungiak eraman nituen, eta ez zidaten inongo trabarik jarri. Eta zortzi hilabete igaro zirenean nire txartela eman zidaten.

Orduan, Frantziara itzultzeko aprobetxatu nuen, ea hasi nituen ikasketa haietatik zerbait berreskuratu nezakeen, bestelako egoera neukalako. Baina ez zen posible izan, nire tutorea dagoeneko beste unibertsitate batetan ari baitzen lanean, eta ezin izan nuen ezer egin.

Bestalde, Euskal Herrira aurrenekoz iritsi zinenetik lan desberdinak egin dituzu, esate baterako, uzta batzen ibilitakoa zara, ezta?

Halaxe da. Hainbat lekutan aritu nintzen beharrean, besteak beste, Errioxa, Arabar Errioxa, Alfaro, Tutera... Ez zen erraza izan, ez horixe! Noiz edo noiz parkeren batetan ere egin behar izan dudalako lo. Horrelako momentu zailetan ametsak alboratzeko gogoa sartzen zaizu, baina bestalde, oroitzen nuen nire familiak oso medio gutxi zituela, eta edozein modutako lana irtenda ere asko zela beraientzako.

Denbora batera baina, egoerak apur bat hobera egin eta eraikuntza arloan lan egiteko okasioa eduki nuen, Iruñean. Hiru urtez bizi izan nintzen bertan, 2000. urtetik 2003ra hain zuzen eta kontratua amaitu eta urtebetera –2004an– Gasteizera itzuli nintzen bizitzera.

Eta, zer egin zenuen orduan?

Nire bizitzako etapa bat amaitu zela ikusi nuen, berriro ere ikasteko grina sartu zitzaidan –gogoratu ni Burkina Fasotik irtetearen arrazoi nagusienetariko bat ikasketak izan zirela, eta helburua lortu nahi nuen. Modu horretan, Algeriara itzuli nintzen bertan egindako ikasketak homologatu ahal izateko beharrezkoak nituen paperen bila, eta ongi joanez gero, hemen ikasi ahalko nukeen. Hori ere ezin izan nuen egin, lau urte itxaron beharko bainituen gutxienez erantzun bat jasotzeko... Baina ez nuen amore eman eta Leongo Unibertsitatean Itzulpengintza eta Alfabetizazioari aplikatutako Linguistikaren inguruko master bat egitea erabaki nuen, eta urtebete eman nuen horretan (2005–2006). Ondoren Gasteizera bueltatu nintzen eta gaur egun dudan lana aurkitu.

Itzul gaitezen 1998 urtera. Zein inpresio izan zenuen Euskal Herrira iritsi zinen aurreneko aldian?

Hotz ikaragarria egiten zuela! (barre) Ez, aurreneko aldiz leku berri batetara iristen zarenean dena harrigarria iruditzen zaizu. Esate baterako, euskararekin nire lehenengo kontaktua eduki nuen, eta ordura arte entzundako hizkuntzekin zerikusirik ez zuela ikusi eta bitxia iruditzen zitzaidan. Hemengo jendea ere desberdina da Frantziakorekin alderatuta, esaterako. Lehenengo kontaktuan, hemengoak itxiagoak zarete etorri berriekin, agian ezezagunari diozuen beldurragatik izango da. Denbora igarota, esan behar dut oraingo egoerak ez daukala zerikusirik ordukoarekin.

Beldurragatik itxiagoak garela diozu. Baina arrazismo puntu bat ere eduki dezakegu nahiz eta onartzea gogorra egiten zaigun?

Nik arrazismoa pertsonaren bigarren zerizana dela pentsatzen dut. Hau da, aurreneko momentu batean ezezagun edo atzerritarra errefusatzeko joera daukagu beti, nahiz eta momentu labur batez izan, mesfidatiak gara. Eta pertsona hori apur bat ezagutu eta ulertzean jarreraz aldatzea da normalena. Niri pasatu izan zait hainbat enpresatan portaera horrekin tupust egitea, baina gerora ez dut inongo arazorik eduki lankideekin.

Orain, badago arrazismo txarra, eta honek min egitea du helburu. Nahiz eta etorri berri den pertsona ongi ezagutu, eta herri berean normaltasunez bizi eta lan egiten duela jakinda ere, pertsona horren aurka nahita joaten dena da benetako arrazista.

Eta nola ekidin beharko genuke zure iritziz mesfidantza izatearen joera hori?

Iruditzen zait komunikazioa hobetzean dagoela gakoa, ez genuke lehenengo minutuan pertsona bat epaitu behar jakin gabe zer–nolakoa den gizon edo emakume hori, ditugun aurreiritziak beharbada ez direlako errealitatearekin bat etorriko.

Nire lana medio eta jatorri ezberdineko pertsonekin lan egitea egokitu zaidanez –Asia, Amerika, ekialdeko herrialdeetakoak– denok funtsean berdinak garela ikusi dut.

Lehen euskara aipatu duzu, baina hitz egiguzu zeure ama–hizkuntzaz.

Mor? deitzen da etxean hitz egiten dugun hizkuntza eta Ful? eta Dioularen batera herrialdeko hizkuntza nagusia da. Halere, Burkina Fason 50 hizkuntza baino gehiago daude, tribu ezberdinei dagokienak.

Geroz eta hizkuntza gehiago ikasi orduan eta mundu handiagoa agertu zait nire begien aurrean. Arabiera ikasi nuen, frantsesa, ingelesa, gaztelania, eta nola ez, euskara. Hor ari naiz euskaltegian 2007tik eta oraindik euskaraz hitz egiten dudanik ere ezin dezaket esan! (barre)

Hasi nintzenean egunero burukominez amaitzen nuen, ezen ordura arte ikasitakoarekin zerikusirik ez zuela ohartu nintzen, dela sintaxi edo semantikari dagokionez. Hitz batek gauza ugari esan ditzakeela ikasi nuen, baina baita zerbait txikia esateko hitz asko behar direla ere (barre). Baina dena normala egin zitzaidan eguna ere iritsi zen, guztia ongi egituratua dagoela ikusi nuen, eta hasierako kaosetik hizkuntza organizatu batera iritsi nintzen.

Berriketan goazen denboran lana eta ikasteko zaletasuna aipatu dugu. Baina zer egiten duzu aisialdian?

Egia esateko momentu honetan nire bizitzan denbora libre deituko den tartetxo bat sortzeko borrokan ari naiz (barre)! Aipatu dudan guztiaz gain, eskola laguntza ardatz duen talde batean nabil eta horri aisialdi deitu nahiko nioke, ongi pasatzen baitut beraiekin. Lana da, baina beste modu batetan betetzen nau. Eta etorkizuneko asmoetan, agian ikerketaren bat egitea legoke interesen artean.

Hitz egin dezagun kulturei buruz. Burkina Faso eta Euskal Herria, desberdintasun asko al ditugu gure artean?

Benetan diot elkartzen gaituzten ezaugarri gehiago ditugula urruntzen gaituztenak baino. Halere, noski, kultura bakoitzak bere estereotipoak sortzen ditu, eta baita hezkuntza moduak ere. Normalean esaten digutenaren arabera begiratzen ditugu beste kulturak, eta sarritan ez daukate errealitatearekin zerikusirik, hain zuzen ere, gizarteak modu batean edo bestean funtzionatzeko sortutako usteak izaten dira eta horiek kulturen arteko banaketa sustatzen dute oro har.

Bestalde, esan nahiko nuke etnozentrismoa oraindik ere hezurretaraino sartuta daukagula, gurea kultura onena dela, hain zuzen. Eta pentsatzen dut egun elkarbizitza hobearen aldeko apustua egin nahi baldin badela, etnozentrismo nibelak gutxitu beharko genituzkeela guztiok.

Lehen esan duzun bezala, garen tokikoak izanda ere, ez garelako horren ezberdinak.

Hori da. Beti aurkituko dugu beste kulturekin komunean daukagun zerbait. Eta berdin sinismenekin ere, denek daukate komunean zer edo zer, eta horrek batzeko beharko luke, baina maiz ez da horrela izaten.

Sinismenak aipatzen dituzula, goazen Gabonei buruz hitz egitera.

Ederto. Niri ?jaiak? gustatzen zaizkit, berdin da Gabonak diren, edota arkumearen jaia den...ondo pasatzen dut, eta kito. Gainera, lan egiten dudan harrera etxeetan sinismen ezberdinei dagozkien festak antolatzen ditugu eta guztiek hartzen dute parte. Ezen bertan kristauak daude, baita musulmanak zein bestelako kongregaziotako pertsonak ere eta berdin–berdin eta errespetuz, bakoitzak bere jaia gainerakoekin ospatzen du. Eta aberasgarria da benetan, ezin baitugu arkumearen festa soilik sinesmen hori dutenentzat antolatu, gure asmoa kulturen arteko ulertzea baita eta topikoak alboratu eta errealitatea bizitzen saiatzen gara.

Eta Burkina Fason, nola izaten ziren ospakizunak?

Txikitatik bertsu bizi izan dut egoera. Gure herrian dena ospatzen dugu, denok gara afrikarrak, akulturatuak, eta familia berean ere erlijio ezberdineko pertsonak bizi dira teilatu berdinaren azpian eta ez dio axola. Ez dakit bizitzeko beste filosofia bat ote den, baina ez daukagu inongo arazorik gure herrikideekin askotariko ospakizunetan parte hartzeko. Elizan egon naiz, meskitatan...

Horrek norberaren aberastasuna ekartzen baitu soilik, ezta?

Bai noski! Elkar ulertzeko modu asko dauzkagu, eta hori da bat, errespetuz bizitzea.

Amaitzeko, eta sasoi honetara itzulita eta familia horren urruti egonda, sentimendu bereziak sortzen al zaizkizu?

Normala den moduan, faltan botatzen ditut familiakoak. Noski, nire familia sortu dut hemen eta horrek beste sentimendu batzuk eragiten dizkit, bi alaben aita naiz, nire emaztearekin bizi naiz... Baina aldi berean, norbaiten semea eta anaia ere banaiz, eta gustatuko litzaidake haiekin igarotzea egun hauek. Zakaria Sawadogo (Kongussi, Burkina Faso) Afrikarra da Zakaria, Burkina Fasoko Bam probintzian jaio eta hazi zen Zakaria. Handik, Goi–Mailako ikasketak egitera joan zen Aljeriara eta bertan lizentziatu zen; ondoren Frantziara abiatu zen gradu–ondoko ikasketak egitera. Egoerak behartuta eta zoriak lagun, Gasteizera iritsi zen 1998an, eta Tutera edo Iruñean lan eta bizi ostean, 2004an Arabako hiriburura itzuli zen. Bai Bartzelonako Unibertsitatean, baita Leongoan ere master bana egin zituen, Gatazken artekaritza eta ebazpen alternatiboa eta Itzulpengintza eta Alfabetizazioari aplikatutako Linguistika hurrenez hurren. Egun, AFRO elkartearen bidez, Gasteizko harrera etxeetan dihardu lanean, begirale gisa.