513 Zenbakia 2009-12-18 / 2009-12-25
Aurrena, proiektuaren hasieran lurralde bakoitzeko hiriburua eta beste herri euskaldunago bat aukeratzea adostu genuen. Ondorioz, beste taldeei gertatu moduan, guk ere ikertutako bi tokien artean –Bilbo eta Markina– oso kontraste handia dagoela ikusi dugu.
Gure lanean ikusitakoa horrela laburbilduko nuke: Bilbon euskaraz aritzeko gaitasuna badago baina erabilerarik ez; eta Markinan berriz, erabilera eta gaitasuna badagoela ikusi dugu, baina oraindik nolabaiteko beldurra dagoela ondorioztatu, esaterako, euskalkiaren erabilerari dagokionez, edo kanpotarrekin euskara gutxiesten dela. Nahiz eta errealitateak oso desberdinak izan, oraindik konpondu beharreko arazoak ikusi ditugu bi tokietan.
Batzuek esaten dute egoera aldatzeko aurreneko urratsa administrazioek eman behar dutela...
Norberarengatik irten behar den zerbait dela pentsatzen dut; hiru lurraldeetako emaitzak komunean jarri eta atera dugun ondorioetariko bat izan da hori. Sarritan egozten diogu administrazioari hizkuntza normalkuntzaren erantzukizuna, eta ez hori bakarrik. Gainera, administrazioarekin euskaraz aritu ezin garenean gauzak txarto egin izana leporatu eta gure eskubidea dela aldarrikatzen dugu. Baina jarraian, eskubide berbera ez dugu beste alor batzuetan baliatzen. Guk adibidez, Bilbo zein Markinako administrazio publikoetara jotzean, ez dugu jendeak euskaraz aritzeko inongo eragozpenik duenik ikusi.
Erakunde publikoak beraien lana egiten ari direla iruditzen zait –ez noa nahikoa egiten ote duten baloratzera– baina denda batetara, edota supermerkatura joan eta ezin bagara euskaraz aritu eta gure eskubidea berbera izanik ere, ez gara horrenbeste berotzen.
Eta zer gertatzen da gazteekin?
Markinako kasua salbuespena da ikerketa honetan. Proiektuak ikertu dituen hiru lurraldeetako gainerako tokietan gazteen euskararekiko jarrera bestelakoa dela ikusi dugu eta gaztelerara erraz jotzen dutela. Batzuek diote moda kontua dela, estatusa ematen duela...
Nik berriz, hau azaltzeko gehiago joko nuke euskarak berak izan dituen galeratara. Hau da, hainbat eremutan ez gara gai euskaraz aritzeko hizkuntzak eman ditzakeen baliabideak momenturen batean galdu ditugulako. Esate baterako, gazteen hizketa–modu edo jergak; kasu honetan euskaraz zegoena galdu egin denez eta erdarak nonahi topatzen ditugunez, haietatik jasotzen ditugu esamoldeak. Hiztunak hizkuntzak ematen dizkion baliabideak erabiltzen ditu.
Bestalde, sarri entzuten da gaur ez dagoela lehen zegoen militantziarik...
Euskara normaltasunez erabiltzen den lekuan ez dago zertan militantziarik egon behar, hau da, euskara modu naturalean hitz egin beharko genuke, eta ez genuke jarrera ezkorrik topatu behar. Zoritxarrez baina, hori ez da errealitatea. Esaterako, Bilboko denda batera sartu eta euskaraz hitz egiten dugunean, militantzia puntu bat daukagula esango nuke, gaztelaniazko erantzuna jasotzeko aukera handia baitago eta akaso gaizki begiratuko gaituzte. Halako egoeretan euskaraz komunikatu ahal izateko militantzia behar–beharrezkoa da.
Ikerketa bukatuta, nola ikusten duzu euskararen osasuna?
Proiektuan gazteek atera dituzten ondorioak ikusita –eta kontuan hartuz beraiek direla kalean dabiltzanak, eta situazioaz jabetzen direnak–, egoera uste nuena baino okerragoa dela ikusi dut. Lanak egin ahala, hasieran nituen aurriritziak aldatu egin dira eta txarrera gainera. Noski, orain 20 urteko egoerarekin ere ez dauka zerikusirik, baina jarrera aldatu behar dugu, bai ala bai. Ez baita nahikoa hizkuntza bat ikastea gaitasuna lortzeko, eta naturaltasunez hitz egin ahal izateko.
Ikerketaren beste atal bat komunikabideen arloa da. Egia da herri euskaldunetan ere, asko kontsumitzen dela gaztelaniazko prentsa, esaterako.
Ohitura da horren arrazoi nagusia. Baina bestalde, guk nahikotzat ematen dugu ahozko gaitasuna edukitzea pertsona bat euskalduna dela esateko; baina oraindik ere euskara ez da hizkuntza normalizatu bat, eta euskaraz alfabetatu gabeen kopurua ikaragarria da. Horren harira, hiztunon euskal komunikabideen kontsumo falta ikusten da, baina baita produktu kopuru urria ere, ez baitugu ahaztu behar ez dagoela hiztun kopuruaren araberako eskaintzarik.
Euskaraz kontsumitzea gainera kostatu egiten zaigu. Adibidez, euskalkia soilik baliatzen duenari batuan irakurtzea zaila suertatuko zaio, eta zer esanik ez, euskaraz egiten ez duenari eta irakurtzeko ohiturarik ez daukanari. Askotan euskarazko informazioa gaztelaniazko bertsioan daukagu bien artean aukeratzeko eta horrek ere eragin zuzena du kontsumo ohituretan.
Orduan, zer egin?
Nik uste, euskaraz kontsumitzeko beharra sortu behar dugula eta horretarako, propioak diren produktuak eduki behar ditugu, hau da, euskara hutsean besterik ez daudenak. Horrela, derrigor kontsumituko dugu gure hizkuntzan.
Bestalde, proiektuan etorkinen hizkuntza erabilpena ere behatu dute gazteek. Zer eskatu behar diegu haiei, guk euskara erabiltzen ez badugu?
Hor dago gakoa, hots, sarritan beraiei eskatzen diegu bertako jende ugariri exijitzen ez zaiena. Begiratu al dugu nola daukagun etxea? Zikin badago, ezin diegu ezer galdegin haiei.
Markinaren kasuan, etorkin gehienek dakite euskaraz, baina zergatik? Han euskara naturaltasunez hitz egiten delako, eta integraziorako oinarrizko zerbait dela ikusten dute. Noski, euskararekin bakarrik ez doaz inora –agian Ondarroara eta buelta! (barre)– eta gaztelania ere behar dute, argi dago. Halere, euskara modu desberdinez bizi dute, bizitzeko modu berezi gisa.
Eta aldiz, Bilboko etorkin ugarik euskara existitzen denik ere ez dakite; batzuetan hiru urte bertan pasatuta hizkuntza arrotzaren berri daukate, orduan, norena da errua gurea ez bada? Guk ezin diegu ezer egotzi, euskara hor dagoela erakutsi behar baitiegu eta gure hizkuntzarekiko aldeko eta errespetuzko joera edukitzea lortu beharko genuke.
Epe laburrera, nola ikusten duzu egoera?
Epe laburrera ez dakit, eta gainera krisiak esperantza ere ilundu egin dit. Ni ez naiz ekonomilaria eta ez dakit zer–nolako neurriak hartu behar diren egoerari aurre egiteko. Baina bestaldetik, ikusi dudana zera da, euskalgintza golpe ugari ari dela jasaten, eta horien artean, diru–laguntzen murrizketa dago. Krisia oztopo handia ari da izaten euskalgintzako sektore askorentzat. Egia da gauza batzuetarako ez dela ogerlekorik behar, norberaren konpromisoarekin nahikoa izaten dela; baina bestaldetik, konpromiso hori hartu egin behar dutela esateko ekimenak burutu behar dira, eta dirua funtsezkoa da...
Gainera, krisiak ere norbanakoarengan eragin zuzena duenez, dirurik ez daukanak ez du euskaltegira joko, ez baitago bere lehentasunen artean. Lehen ere euskara preferentzien artean atzealdetik bazegoen, orain egoera kaxkarragoa bizi du.
Orduan esperantza epe luzera, ezta?
Bai noski! Zer esango dizu bada euskara teknikari batek! (barre)
Eta gainera, Markinan egiten duen batek!
(Barre) Halere, horren harira esan nahiko nuke, udalerri euskaldun batetan lan egiteagatik dudala daukadan ikuspuntua. Beste herri batzuetako kideek esaten didate oso erraza dela Markina moduko egoera baten aurrean aritzea, eta estres maila igoko litzaidake beste tokiren batean, zalantza barik!
Baina beti esaten dut udalerri euskaldunok beste erantzukizun bat daukagula gure gain. Hots, aurretik goaz bideko sasiak kentzen eta hemendik urte batzuetara gainerako udalerriak hasiko dira lan berdinean, eta haiek etsenplu bat izango dute behintzat. Kanpotik etorritako norbaitek esango du Markina eredugarria dela, baina bertako langileak beti esango du zer dagoen egiteko, beti gerora begira baikaude.
Amaitzeko, zer da proiektu honetatik nabarmenduko zenukeena?
Inongo zalantza barik, gazteek hartu duten konpromiso handia eta erakutsi duten interes eta inplikazio maila altua. Saltsa asko eman diote proiektuari eta oraindik ere euskaraz bizitzeko prest gazte asko dagoela ikusi dugu. Iratxe Lasa (Bilbo) Markinako euskara teknikaria da Iratxe. Bilbotarra sortzez, azken urteotan bertan bizi eta lan egiten du. Normalkuntza arloan hasi zela urtetxo batzuk dira. Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta betidanik euskara irakaskuntza eta hizkuntzalaritza helburu izan arren, hizkuntza normalkuntza arloan lanerako aukera eduki eta horretan dihardu buru–belarri. Eusko Ikaskuntzako bazkidea, bertako Gazteria Sailak martxan jarritako Euskara da nire aukera, zein da zure estiloa? proiektuan parte hartu du 2009an tutore moduan.