Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Alain M. Urrutia eta Hedoi Etxarte. (Ihes Ederra liburuaren egileak): Maite ditugun fanzineetatik gertu mantendu nahi genuen proiektua
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Laburbilduz, zer aurkituko dugu Ihes Ederran?
Bikote heterosexual batetan urtebetean gertatzen diren bost pasarte kontatzen dira; guztia testuinguru desberdin batean, ukronia batean eta beti ere, irakurlearen gogoeta bideratzeko asmoz.
Badago poema itzulpen eta hautaketa bat; saiakeren pasarteen dibulgazioa; umorezko bakarrizketatik ere badu zerbait. Panfletoarekin lardaskatzen du. Baina dena dago bideratuta bikote heterosexualaren istorioa kontatzera. Ideia ugari diren arren, denak datoz bat; lotura handia dago liburuko istorioan maitasuna eta politika azaltzeko moduan. Distrakziorako ohitura handia dago gaur egungo gizartean, eta gure liburuaren estetikak eta ideiak lantzeko erak horrekin bat egiten du.
Nolabait Euskal Herriaren historia “berridatzi” duzue fikziotik...
Ukronia liburuaren testuingurua da. Independentzia gerra gertatu eta Espainiak Euskal Herria eta Aragoiko zati bat galdu zituen. Liburuan, Euskal Errepublika Askea Frantziako Estatupean dago, baina batuta. Euskara hizkuntza ofiziala da frantsesarekin eta katalanarekin batera, eta ez dago euskaldunen eta espainolen arteko gatazkarik. Alderantziz, espainolek galdutako nazionalitatea berreskuratu nahi dute orain, kosta ahala kosta.
Hala ere, errealitateko zantzuak ere aurki ditzakegu, ezta?
Liburuko errealitate eta gaur eguneko errealitateren artean ez dago desberdintasun handirik... hori irakurleak berak ikusi beharko du. Ihes Ederrari buruz Iban Balerdiren hitzetan “irudi eleberri honetako euskal jendea egungo gai berdintsuen inguruan bueltaka ageri zaigu. Beraz, historia beste era batera izan balitz ere, herri gisa zer garen edo zer izan nahi dugun jakin gabe jarraituko al genuke?” Alberdaniarerekin atera dute liburua.
“Ihes Ederra” euskarazko lehenengo eleberri grafikoa moduan bataiatu dute, besteek komiki gisa... Baina esaguzue, zuek nola definitzen duzue?
Horrek jende askoren artean eztabaida sortu du; zein ote da irudi eleberri eta komikien arteko desberdintasuna? Zeintzuk dira irudi eleberri batek izan behar dituen ezaugarriak?
Guretzako, orain artekoak albumak edo komikiak izan dira eta guk gureari irudi eleberri izena eman diogu, nahiz eta euskaraz ere egon diren irudi eleberritik gertu egon direnak edo askorentzat irudi eleberri direnak. Horien artean dugu adibidez, Harkaitz Canok itzulitako Paul Austerren Kristalezko hiria.
Gurea ez da hori bakarrik, baditu bestelako komiki–liburuetatik bereizten dituen ezaugarriak ere, esate baterako liburuan ezkerreko orrialdeetan agertzen diren tarteak. Horrek irakurketa liburutik kanpora bideratzen du, horrela irakurketa zabaltzen da; sarritan liburuaren kriptikotasunetik aldendu eta irakurketa errazteko eta besteetan istorioaren irakurketa osatzeko, bizi dugun munduaren eredua islatzeko.
Bestalde, jende askorentzako deigarriak izan dira liburuak dituen hizkuntzen arteko jokoak eta liburuan agertzen den euskarak ere irakurleen atentzioa deitu du. Hitzaurrea ingelesez dago, Iparraldekoa ez den euskara frantsestu bat ere erabiltzen dute pertsonaiek, frantsesa ere tartekatzen da... Hizkuntza batetan agertzen direnek gero ez daukate inongo itzulpenik, eta horregatik, askok ez dute sarrera ulertuko, beste askok ez dituzte frantsesez agertzen diren hitzak edo poesiak ulertuko... joko polita da.
Hasieratik has gaitezen. Nola erabaki zenuten lan hau mundura ekartzea?
Horrelako proiektuak modu natural batetan sortzen dira, elkar ezagutu eta elkarrekin proiektu bat sortzeko beharrizanetik hain zuzen. Hasieran ez genekien zer egingo genuen; liburu formatuko zerbait izango zela eta irudia eta testua elkarrekin maila berdinean jarriko genuela besterik ez genekien... Hortik sortu da Ihes Ederra. Gure bizitzetako beste momenturen batetan burutuz gero, beste zerbait egingo genukeen, edo ez!
Eta bi izaterakoan, nola moldatu zarete lanerako?
Hiri desberdinetan bizi gara eta biok ibiltzen gara etengabe alde batetik bestera; horrek emailez lan egitera behartu gaitu askotan. Bi asterik behin elkartu gara eta hortik aurrera internet eta telefonoz eztabaidatu dugu eta lan egitera! Oso lan prozesu arina izan da bestaldetik, proiektuaren ideia aurreko Gabonetan sortu bazen ere, lanean hasi ginenetik 4–5 hiletan amaitutako lana da...
Ez da, ohi izaten den bezala, bi zatitan banatutako lana. Hau da, ohikoena gidoia idatzitakoan marrazkiak egitea bada, gure kasuak biak aldi berean ematen ziren. Ideia sortu, idazten hasi eta aldi berean marrazkiak sortuz, kapituluka hurrengo zer gertatuko zen kalkulatuz...
Nola otu zitzaizkizuen ideiak, hots, argumentua edota zuri–beltzean lan egitea, esaterako?
Bi asterik behin batzen ginen, eta gehienetan Gasteizko Gora tabernan egiten genuen hitzordua; elkarrekin gosaltzen eta bazkaltzen genuen, gure kezkez hitz eginez –politikaz, gizarteaz, literaturaz, maitasunaz...– eta azken batean horrek dira gero liburuan jorratutako gaiak.
Zuri–beltzean lan egiteak berriz, arrazoi bi ditu. Aurrenekoa, guk horrenbeste maite ditugun fanzineetatik gertu mantendu nahi genuela proiektua, fotokopia kutsu horri eutsiz; argazkiak, fotokopiak marrazkiak... Eta bestetik, eta lehenengo arrazoia bezain garrantzitsua dena, argitaratzeko orduan horrenbeste orrialde dituen koloretako proiektu batek duen argitalpen kostu altua da; berez, arriskatua baldin bada horrelako proiektu bat aurrera eramatea, pentsa gastua hirukoiztu edo laukoiztuz gero!
Eta eduki al duzue zailtasunik zuen bidean?
Zailtasunen bat egon baldin bada, zer egingo, zelan egingo eta elkar ezagutze eta elkarrekin lan egiten ikasteko prozesua izan da. Taldean egindako proiektuetan sortzen den arazoa izaten da autoretzarena, norberak agintzearena... Kasu honetan, sortze prozesu horretan, biok galdu behar izan dugu, eta galera horiek liburuaren onerako izan dira eta liburua biona izatera pasatu da; eta ez sarritan gertatzen den bezala baten ideia besteak ilustratuta... Hedoi (ezkerrean) eta Alain. Argazkia: Jabi Zabala
Gaiz aldatuz, nola ikusten duzue euskal komikigintzaren egoera?
Sarritan aritu gara horren inguruan solasean. Hemen ez dago munduan komikiak irakurtzeko dagoen ohitura. Euskaraz ia ez dira argitaratzen eta pena da. Alde batetik istorio asko erbesteko hizkuntzatan irakurtzera derrigortuta gaude, eta bestetik, hemen argitaratzen diren komikiak oso publiko murriztu batera heltzen dira eta hori Euskal Herrian marrazkilari eta idazle onak badaudela dakigunean. Alain M. Urrutia (Bilbo 1981). 2002. urtean Arte Ederretan lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitateagaitik. Italian eta Euskal Herrian erakusketa desberdinetan parte hartu izan du. Egunkaria–ko kolaboratzaile “Pixkat” komiki–tirarekin eta Xirikako kolaboratzailea izandakoa hainbat alditan; Yale Unibertsitateko Argitaletxearen kolaboratzailea ilustrazio lanetan; Elkar, Elea eta Susa Argitaletxeekin hainbat kolaborazio burututakoa (ilustratzaile zein portadagile bezala). Azkeneko urtean BilbaoArte fundazioan egoile beka batekin lanean aritu bitartean burututako erakusketen artean: Ingurune Hurbilak– Entornos Proximos– ARTIUM museoan, INJUVE sariketan accesita jaso ostean Madrilgo Circulo de Bellas Artes–en, Explum (Puerto Lumbreras), Galeria Michel Mejuto (Bilbo), Espacio MenosUno (Madrid), BilbaoArte (Bilbo) eta Montehermoso (Gasteiz) fundazioetan, edo eta Evil Sondag Stavanger–en (Norbegia). Egun Vigon eta Bartzelonan jarriko dituen erakusketak prestatzen dihardu. Hedoi Etxarte (Iru?ea 1986). Itzulpengintza eta Interpretazioa lizentziatura amaitzen EHUn eta Bibolinaren Interpretazioarena Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan. Iru?eko Udalak antolaturiko Idazle berrientzako literatur lehiaketetan irabazle (lehen sari bat eta bigarren bat). Bost ale izan zituen Gaituzuelako fanzinean aritu zen 2005ean, “Karkrak” fanzinean ere ibili da 2007tik. Gaston Lagaffe–ren hamargarren albuma euskaratu zuen Yoran Embanner argitaletxearekin bat 2007ko udazkenean. 2008ko urrian Susa Argitaletxeak “Suzko Lilia” bere lehen poema liburua argitaratu zuen. Musikan, alor klasikoan, Euskal Herriko Gazte Orkestrako partaide izan da, bestela, besteak beste, Fermin Muguruzarekin kolaboratu du. Egun olerkietan aritzeaz gainera epe luzera prosa prestatzen ari da.