511 Zenbakia 2009-12-04 / 2009-12-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Naturaz gozatu naturan biziz

BOUTEFEU, Aitor

Gasteizko Olabide Ikastola



Betidanik gustatu zait naturarekin harremanetan jartzea. Nire aburuz, zaletasun hori ene gurasoengandik etorri zait. Haiek izan ziren bultzatu nindutenak. Lehenik eta behin, Arabako muga ondoan dagoen herri batera joan ginen, nire lehenengo urteak bertan igaroz. Ez zen betiko bizitzekoa lekua, aldiunekoa baizik. Bertara asteburuetan eta oporretan joaten ginen, eta lan ikaragarriak egiten genituen, etxeak 100 urte baino gehiago baitzituen, eta horrek lan handia ematen zuen.

Hamalau urte nituenean edo, etxea saltzea erabaki genuen. Harrizkoa izanda, hotza zen, eta garbitzeko zaila. Gainera, bertan genituen hiru katuek gure bizimodua moteltzen zuten. Hara joateko ilusio hura itzali egin zitzaigun, eta erosle batzuk etorri zirenean, gure salbazioa izan zen.

Urtebete behar izan genuen etxea saltzeko, baina azkenean diru horrekin beste etxe bat eraiki genuen. Nire gurasoek beti esaten zuten etxe berri honetan ez genuela lan eta esfortzu handirik egingo, bakarrik lan zehatz eta finak. Harrezkero, golfean jolasten aritu gara, jendearekin harremanetan jarriz eta kafetegian orduak pasatuz. Nahiko atsegina da, eta zorte handia izan dudala esan dezaket.Bestalde, denbora gutxiegi daramat jolasten, bazkide–sortzaileak izan arren ez garelako inoiz joan. Bertako paisaia atsegina eta lasaia da, animaliaz beteta. Askotan, txorien kantuek esnatu egiten gaituzte, eta goizeko ihintzak pozez betetzen nau. Zoragarria da hainbat tanta ikustea, guztiak askeak, nola bateratzen diren.

Badira ur tantek “memoria” dutela esaten duten pertsonak; kontaktuan jarritako edozeren esentzia hartzen dutela. Hori horrela izatekotan, konturatzen gara gure organismoaren xumetasunaz, eta hobetzeko grina pizten zaigu. Nire etxe honetan, eta bi urteko epean, beste etxean baino mila bider gauza gehiago ikasi ditut. Izan ere, bertako jendea agure lapurrak baino ez ziren besterik, eta kalte egiten saiatu dira behin baino gehiagotan. Hemen desberdina da, edonor dago prest laguntza emateko. Pertsona hauek gizatiarragoak dira. Haiekin egotea gustatzen zait, hitz egiten edo txantxetan. Noizbait etorri izan dira nire etxera, esperimenturen bat egitera.

Etxeko tailerrean dagoen txoko batean, erabiltzen ditudan pieza guztiak gordetzen ditut. Betidanik gustatu zait momentu horiek jendearekin elkarbanatzea, bereziki egiten diren gauzak ondo ateratzen direnean. Gauza zera da: ondo ezagutzen nautenek bakarrik dakitela dibertigarria dela. Gainera, “asmakizun” guztiak etxe horretan egiten ditut, seguruagoa delako, eta beraz, Gasteiztik ez da ia inor joaten.

Horretan igaro dut bizitza osoa, mailuarekin batera eta bestera, iltzeak jartzen eta kentzen? Orain, bistaz ezagutzen nindutenek, ea ezagutzen ninduten galdetzen nienean, kable eta teknologia–esparruko gauzekin ibiltzen zen pertsona ez beste ikusten zuten. Izan ere, pena eta sekulako tristura ematen dit pertsona horiek bakarrik horixe ikustea. Askoren ustez, bere munduan dabilen zoro horietako bat besterik ez naiz. Argi dago askotan zaila dela gainerako pertsonen gustuekin bat egitea, baina irekiak izan behar garela iruditzen zait, behin frogatu ostean gure erabakiak hartzeko.

Egia izanda, badakit zaila izango dela. Nik neuk aldaketak pairatu beharko ditut; baina aldaketa xumeak eta poliki eginak izan beharko dira. Beti gurasoekin egin dut lan; gauza askotan lagunduz. Orain, familiaren erdia galtzeak suntsitu nau. Ez dakit zer egin, nora joan. Zerbaiten beharrean nagoela iruditzen zait, baina ez dut hori aurkitzen. Ez dakit zehazki zer den. Egun hartatik aurrera, pertsona batzuk nire bizitzari ostikoak ematen saiatu dira, gauza gogorregiak egiten eta esaten. Askotan gauza gogorrenak hitzen bidez adierazten dira. Bizitza honetan gaizki tratatzen gaituzten pertsonak baztertzen ikasi behar dugu, kaltetuak atera baino lehen.