509 Zenbakia 2009-11-20 / 2009-11-27
Bazkalosteko solasaldian, Mirenekin hitz egiteko parada eduki genuen, eta noski, aurreneko galdera ezin zen beste bat izan, nolatan hartu du parte ekimen honetan? “Aztikerrek egindako ikerketa benetan interesgarria dela iruditzen zait gazteen arloa ikertzen duelako. Egia da alde batetik, ikerketaren emaitzak nahiko katastrofikoak direla, gazteok gauza gutxitan hartzen baitugu parte eta oraindik are gutxiago gizarte gaietan eta orokorrean norbanakoari eragiten dieten kontuetan. Pixka bat joera orokorra dela ikusita, horrek animatuta gerturatu naiz Kursaalera.”
Bestalde, halako hausnarketa gehiago egin beharko ote genukeen galdetu diogu Mireni. “Noski, halako gogoetak egiteko ohitura hartu beharko genuke gure gizartean; ez soilik gazteak ardatz hartuta, gizarte osoan eta maila ezberdinetan zentratu beharko lirateke. Eta hausnarketa ere, guztiok egin beharko genuke, ez bakarrik politikoek, azken batean denoi eragiten digun zerbait baita. Gizartetzat zer nahi dugun esan beharko genuke, eta guztiok parte hartu bilakaera horretan.”
Bestalde, Aztikerreko ikerketaren bitartez jakin dugu politikoek nota oso baxua atera dutela gazteen artean. “Frustrazioaren eraginez izan daiteke. Hau da, politikoengan ikusten dugun bakarra ikus-entzunezko komunikabideek ematen dizkiguten datuak dira, eta normalean desadostasunak izaten dituzte hizketa gai. Nik uste dut horren eraginez eman zaiela neurri handian balorazio hori.”
Herri txikietan ?Urnietan, kasu- egoera ezberdina izango ote den zalantza agertu zaigu eta Mirenek, “nahiz eta beti ez den egoera berdina ematen, maiz gazteen eta oro har, herritarren inplikazioa txikia izaten da. Normalean politika gaietan parte hartzen duten herritarrak ideia batzuekiko kontrako jarrera daukatenak izaten dira; eta gainera, gai guztietan barik, pertsonalki interesatzen zaizkienetan animatzen da jendea soilik iritzia ematera.”
Egoera hobetzeko zer egin dezakegu orduan? “Zirko mediatikoa ekidin behar da ahal den neurrian. Ikusi behar da nahiz eta alderdi politikoek bide ezberdinak dituzten, gauza askotan elkartu eta aurrera egiten dutela. Eta gizarteak bere iritzia jakinarazi behar die politikoei, denon ardura baita bidea eraikitzea”.