Euskonews Gaztea
Gaiak: Asier Elorza eta Belceblues
Aranzadi Ikastolako ikasleak (Bergara)
Noiz sortu zineten? Hasieratik zaudete taldekide berberak?
Bai, 2005eko uztailean eman genuen lehenengo kontzertua, beraz, lau urte egin ditugu hirurok batera. Bigarren urtean berriz, kontzertu baterako tronpetak, saxoak eta bestelako instrumentuak gehitu genituen eta horiek ere batzuetan jotzen dute gurekin. Noizbehinka, kontzertuak eskatzen duenean, - emanaldia handia denean edo aurrekontu handia dagoenean- eramaten ditugu beste efektu bat sortzeko: tronpeta bat, bi saxo eta tronboi bat.
Nola sortu zen Belceblues?
Talde desberdinetan jotzen genuen hirurok. Ibon gitarrista eta ni betidanik ezagutzen dugu elkar, futbolean jokatzen genuen batera eta auzo berdinean bizi ginen. Eta kalean edo festan elkartzen ginenean, beti ibiltzen ginen planak egiten ?Egunen baten inbiakou zeoze batera eta ez dakit zer?.
Justu berak talde bat laga zuenean hasi ginen serioago berbetan. Orduan blues asko entzuten nuen eta nire CD batzuk pasatu nizkion. Arratsalde batean elkartu ginen bertsioak egiteko eta bateria bat topatu behar genuela pentsatu genuen. Ondoren etorri ziren gure abestiak. Horrela sortzen dira talde gehienak, gustuko dutena oinarri hartuta.
Zergatik erabaki zenuten blues estiloa jotzea?
Garapen natural bat izan zen. Lehenengo taldean momentuan Euskal Herrian entzuten zena jotzen hasi ginen, euskal punk & rock erradikala. Niri ez zitzaidan gehiegi gustatzen, eta bertan urte bat edo bi egon eta gero, heavy kutsu handiagoa zuen taldea sortu genuen, gustukoena zelako. Eta hori desagertu zenean, tronpetaren bidez, jazzaren munduan sartu nintzen eta estilo asko deskubritu nituen, jazza zein bluesa, esaterako. Eta azkenerako bluesaren sarean harrapatuta nengoen eta Ibonekin CDak trukatzen hasi nintzen.
Infer izeneko lehen diskoa kaleratu zenuten2008an, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin. Zer nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia oso ona izan zen eta orain etekinak ateratzen ari gara. Arrakastatsua izan dela esango nuke, diskoa atera genuenetik kontzertu asko izan ditugu-eta. Euskal Herriaz gain, Bartzelona edota Zaragozan ere ibili gara.
Baina diskoaren grabaketa gogorra ere izan zela aitortzen dut, aste egunetan aritu baikinen. Hain zuzen nik bi ume ditut eta Oihanek EITBn lan egiten duenez, gauez grabatu behar izaten genuen. Gero, goizean lanera joan behar genuen, gauean berriro grabatzera, eta aste horiek nahiko gogorrak izan ziren. Baina azken finean, emaitzarekin, pozik eta gustura gelditu gara.
Belceb? deabru baten izena da. Zein da zuen taldeko deabruena?
(Barreak) Denok gara pixka bat deabruak eta haizezko laukotea osatzen dutenak gure ?satanasak? dira. Egia esan, taldea sortu genuenean, ez genekien zein izen jarri, baina bluesarekin zerbait nahi genuen, Blue Station..., baina ez zen ganorazko izenik irteten. Eta behin, neuri, ez dakit nola, bonbilla piztu zitzaidan: ?BELCEBLUES! Hori da gure izena?. Belceb? deabru baten izena da latinez, Lucifer deitzen zitzaion moduan, deabruak izen desberdinak ditu. Niri Belceblues deitzen didate, Iboni Blucifer eta Oihani Diablues. Diskoaren izena ere Infer da. Bluesak mito asko dauzka, horietariko bat da batzuek gitarra ondo jotzen ikasteko deabruarekin paktua egin zutela infernuan. Azkenean, hitz horrekin jokatzen dugu, denak lotura handia dauka infernuarekin eta aukera asko ematen dizkigu.
Zein izan da zuen kontzerturik zirraragarriena?
Berezienetako bat Danbakako finalean jo genuena izan zen, leku oso ona, eszenatoki ona, jende asko, anplifikadore eta talde oso onak, soinu eta giro polita? Gainera, final bat zen eta aparteko motibazioa ematen dizu horrek.
Beste kontzertu bat aipatzearren, sorpresa moduan irtendako bat izan daukat gogoan, Azkoitiko Mataderoan: tximinia batekin, armiarmez beteta, oso zaharra. Lau katu etorriko zirela pentsatzen genuen, baina bete egin zen, jendea taula gainera igotzen zen...
Kilometroak 07ko Argi da abestia zeuek grabatu zenuten. Nolakoa izan zen jendearen parte hartzea?
Abesti bat sortzeko erronka ikastolatik bidali zidaten. Kilometroak izanda, abesti popularra izatea nahi genuen. Estudioko grabaketan jende askok hartu zuen parte: akordeoiak, pianoa, biolinak... Egunean bertan ikastolako patioa guztiz beteta zegoen, inoiz ez dut horrenbeste jenderen aurrean jo, eta denek zekiten abestia, The Queen-en kontzertu bat balitz bezala! Emozioz beteriko esperientzia polita izan zen.
Grabatu al duzue bideoklipen bat?
Pentsatu dugu. Badaukagu lagun bat GOITBn lanean eta hari komentatu genion. Ezin zuela esan zigun, eta orduan, aurrekontua eskatu genuen, baina alboratu egin dugu ideia. Eta ez dugu dirua ordaindu nahi bi edo hiru aldiz GOITBn zein ETB3n agertzeko. Oroitzapen bezala edukitzeko nahi genuen bakarrik.
Kontzertu didaktikoak ere egiten dituzuela entzun dugu. Zertan datza horrelako emanaldiak?
Kontzertu didaktikoarena Elorrioko Blues-Jazz festibalaren haritik atera zen, ikasleei egiteko moduko kontzertu bat egiteko eskatu zigutenean. Esan nien aspertu egingo zirela, eta orduan zerbait didaktikoagoa egitea erabaki genuen, bluesaren gainean hitz egin, eta bitartean, jo. Unitate didaktikoak prestatu, jo beharreko kantuak pentsatu, eta azkenean, arrakasta handia izan zuen. Elorriotik txostena pasa zuten eta toki askotatik deitu digute, eta denetan arrakasta nahiko handia izan dugu.
Kontzertu didaktiko bat hau da: kanoia baliatuz argazki batzuk ematen ditugu, eta horrekin batera, bluesaren eta esklaboen historia kontatzen dugu. Oihanek esperientzia duenez, bera arduratzen da azalpenak emateaz. Ordubeteko saioa izaten da, eta bluesaren eboluzioa azaltzen dugun neurrian, musika jotzen dugu ideia bat egin dezaten. Gitarra akustikoekin hasten gara, harmonika pixka bat, instrumentuak nola elektrifikatu ziren, hau da, orokorrean nola heldu den gaur egungo musikara. Hori adibide praktikoekin esplikatzen dugu, galderak egin, norbait bateria jotzera atera eta erritmoa pixka bat erakusten diogu. Momentuko gauza baterako muntatu genuenak leku askotan jotzeko balio izan digu. Kultura etxetatik eta udaletxetatik deitu digute.
Aurrera begira proiekturen bat?
Jadanik, bigarren CDan pentsatzen gaude. Hori epe luzerako doa, irailean hasten bagara, martxa horrekin, ea urtarrila edo otsailerako hasi gaitezkeen grabatzen eta berriz zikloa hasi.
Konturatu gara diskorik gabe zaila dela jotzea, zerbait jotzen duzu, baina gutxi, eta gainera, askotan ez zaituzte aintzat hartzen. Diskoa ateratzen baduzu eta promozio ona egiten baduzu, zabaldu egiten da gauza, kanpotik deitzen zaituzte, jendeak egiten duzuna ezagutzen du, produktu bat daukazu eskaintzeko, ?beittu, hau ga? eta ?gustatu zait? edo ?ez zait gustatu?, baina, behintzat, zerbait daukazu. Lehenengo disko horrek efektua galtzen duenean efektu berdina sortzeko bigarren bat ateratzea da gure asmoa. Guk oraindik bizitasuna daukagula ikusten dugu, gure erronka ahal den eta festibal gehienetan jotzea da. Laburtzeko, hiru proiektutan sartuta gaude: hirukotea, zazpikotea eta kontzertu didaktikoak.
Eskola-kirolean ume ugari zure eskuetatik pasatu izanak lagundu dizu aita izateko orduan?
Eskola kirolean umeekin lan egiteak pazientzia izaten, maneiatzen, enfokatzen eta beraien mundua ulertzen lagundu dit. Dena kontrolatu nahi izaten da, baina umeak ume dira. Alabarekin konturatu naiz niretzat txorakeria bat dena beste batentzat garrantzitsua izan daitekeela. Taldean 20 ume badituzu ezin zaie edozer gauza esan, beraientzat trauma bat izan daitekeelako.
Ikasleak txikitatik hazten ikustea asko gustatzen zait. Nigandik pasatu direnean, gazte horrengan pixka bat eragin ahal izan dudala pentsatzea eta baloreren bat bereganatu dutela, ez soinketakoa baizik eta orokorra, niretzat irakaskuntzaren gauzarik politena da. Heziketa hori da.
Pertsona aktiboa zara (kirola, irakaslea, musika...). Horrenbeste gauzekin baduzu denbora librerik?
Azken urteotan nahiko larri nabil, umeengatik gehien bat. Bestela bai, beti izan naiz horrelakoa, solfeoa, futbola, igeriketa, ingelesa? Dena batera, eta gainera asteburuetan, entrenamendua, partidua, bizikletan ibiltzera lagunekin... Eguneko ordu guztiak martxan egoten nintzen.
Txarrena da orain bi umerekin gauzak aldatu egin direla pixka bat, orain haiek dena xurgatzen didatelako. Kontzerturen bat dugunean beti ibili behar naiz umeekin zer egin pentsatzen. Beti mugan, presaka eta estresatuta, baina ohituta nago.
Bukatzeko, eskerrak ematea norbaiti?
Bueno, ez dakit, eskerrak ematea edo? Beti dago bidean laguntzen dizun jendea?. Baina guk irabazi edo borrokatu dugun gauza bat da eta ez da egun batetik bestera egiten dena, 14-15 urtetatik nago mundu honetan.
Daukagun arrakasta hau 20 urterekin heldu balitzait, agian, gogor ekingo genion; orain pixka bat nagusi harrapatzen nau. Gurea, gainera ez da konbentzionala, hots, bluesa ez zaio edozeini gustatzen. Kontzertu bat ematera joaten garenean, badakigu 20-30 pertsona egongo direla, baina fidelak dira musika hori gustuko dutelako. Gurea ez da makro-kontzertuen kasua.
Diskoa Euskadi Gaztean ere aurkeztu nahi izan zen, baina hasiera batean ezetza eman ziguten ez zelako komertziala; azkenean diskoa atera genuela esanez sartu zuten tarte batzuetan. Gazteen artean ez da asko saltzen, alde horretatik ate batzuk itxita ditugu. Baina onartu beharra daukagun zerbait da, guk aukeratu dugu musika mota hau jotzea gustatzen zaigulako. Nik esperientzia honetatik ateratzen dudana taldearekin eta musikarekin ezagutu dudan jende guztia da: kanpoan, aritzen garen tabernetakoa, kontratatu zaituen managerra? Eta bizi ditudan esperientzia guztiak.