506 Zenbakia 2009-10-30 / 2009-11-06
Urtero bezala, aurten ere Xalbador kolegioko hirugarreneko ikasleak, gure proiektu artistikoaren prestatzen hasi ginen. Aurtengo gaia ?Loturak? zuen izena. Hasieran, ez genekien batere norat eramanen gintuen gai honek.
Gure arteko loturak, amodiozkoak edo lagunartekoak aipatu nahi genituen bai eta ere bakoitzak bere senide eta sor lekuarekin dituen loturak. Aske sendiarazten gaituzten loturak edota menpean atxikitzen gaituztenak.
Gure proiektuaren prestaketa euskarako, frantseseko eta kiroleko kurtsoetan hasia genuen hilabete bat lehenago. Olerkiak eta kantuak hautatuz eta dantza batzu sortuz.
2009ko otsailaren 9an, astelehenarekin, egunero bezala ikastolako bidea hartu genuen baina egun hori berezia zen, gure proiektuaren lehen eguna baitzen. Goiz hartan, gurekin aste guzian egonen ziren bi pertsonen ezagutza egin genuen : PANTXIX BIDART eta KRISTOF HIRIART, ?Lagunarte? konpainiako bi kide. Berehala lan sakonean sartu ginen musika inprobisatuarekin ariketa batzuk eginez.
Ondotik kiroleko kurtsoan asmatutako dantza ezberdinak aurkeztu genituen Kristof eta Pantxix-en aitzinean. Haiek haien musika tresna ugariekin dantza bakoitzarentzat musika bat sortu zuten. Eta horrela bukatu zen gure lehen eguna.
Bigarren egunean, ikastetxerat heldu eta, Alduderat joan ginen, gure azken hiru egunak konkretuki prestatzeko.
Harat heldu eta Aldudeko herria bisitatu genuen eta bereziki ezker pareta han baitzen gure ostiraleko emanaldia iraganen. Ozentasuna eta espazioaren deskubritzeko Kristofek prestatutako ariketa arraro batzuk egin genituen. Hala nola murruen hunkitzeak, soinu batzuen bidez oihartzunaren neurtzea eta halako. Bazkaldu ondoren, arratsaldean, taldeka eman ginen olerki kantu eta dantza ezberdinen errepikatzeko. Biziki maitatu genuen momentu hori, zeren eta ikusgarrian agertzen ahalko ziren gauzak baitziren eta azkenean gure emanaldia pixkanaka eraikitzen hasi zela konturatu baikinen. Afaldu ondoren, egunaren bilana egin genuen eta oheratu ginen.
Biharramunean asteazkenarekin, goiz jeiki eta berehala ezker paretarat joan ginen gure emanaldiaren prestatzeko. Egun osoa pilotalekuan iragan genuen, musikan dantzan eta olerkien lan handia eginez. Egun horrek bukaera berezia izan zuen Antoine LE MENESTREL dantzari bertikala Avignonetik etorri baitzen gure ikusgarriari aberastasuna emaiteko. Bere ezagutza egin ondoren bukatu zen asteazkeneko eguna.
Ostegun goiza biziki euritsua eta iluna izan zen, horrek morala galtzerdietan ezarri zigun egun osoarentzat. Baina Kristofek eta erakasleek, haien motibazioari esker, lanean hasiarazi gintuzten. Ikusgarriaren bezpera zenez gure lanean aktibatu behar ginen; azken gauzak berrikusten hasi ginen aldaketa zonbait eginez. Goiza horrela igaro zen. Egun guziz bezala, piknika jan eta berriro hasi ginen lanean. Arratsaldean denak hoztuak ginen baina hala ere lan egiteko beharra genuen, ikusgarria ez baitzen oraindik batere prest. Arratsalde osoa ikusgarria prestatzen pasatu eta ez genuen gehiago lan egiteko gogorik. Beraz arratsean Kristof, Oier eta Antoinekin bilkura egin genuen haserretuak zirelako. Hirurek ikusgarriaren prestaketa gelditzeko asmoa zuten ez baitzuten motibaziorik ikusten gure baitan. Momentu txar horrekin bukatu zen osteguneko eguna.
Biharramunean, gure azken eguna zen Alduden, gure ikusgarriaren eguna. Beraz horregatik motibatuak ginen goizetik eta azken orduak zirenez biziki kontzentratuak ginen. Beraz lanari lotu ginen nahiz eta aro txarra eta hotza izan. Ongi lan egin ondoren, gose ginenez bazkaldu genuen. Lanean segitu aitzin, ikusgarria ordu zonbaitetara zenez aldatu behar ginen: denak beltz eta gorriz jantziak ginen. Aldatzean ginen ohartu ikusgarria zinez hurbiltzen ari zela eta hor ginen beldurtzen hasi. Ondoren azken errepika egin genuen eta 30 minutu ikusgarria aitzin Kristof eta Oierrekin mintzatuz gure beldurra pixka bat gutitu zen.
Zazpiak tanko ziren, emanaldia hasi behar genuen. Denak urduri ginen, espero genuen ikusgarria ongi pasatzea eta publikoak gustukoa izaitea. Kristof eta Pantxix musika jotzen hasi ziren eta gure emanaldiaren hasiera izan zen. Laurden bateko sartze bat egin genuen. Batzu eskaladan, besteak dantza edota kantuan ere. Ikusgarriak nunbait han ordu bat iragan zuen eta haren bukaeran ikasle guziak egin genuenaz biziki kontent ginen. Gure artean zoriondu ginen eta aste zoragarri bat elgarrekin pasatu genuela ohartu. Esperientzia bikaina izan zen, gehiengoarentzat lehen aldia baitzen halako gauza baten egitea. Gainera gure artean gehiago ezagutu ginen eta ainitzek inoiz egitea pentsatuko ez genukeen gauza bat egin genuen gau hartan. Zinez gure bizian denok halako momentu bat pasa behar genuke zeren eta hartatik helduago ateratzen baikara.