505 Zenbakia 2009-10-23 / 2009-10-30

Euskonews Gaztea

Gaiak: EHMG: antolatzaileak pozik emaitzarekin

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegiak agur esan du datorren urtera arte. Hiru egunetan makina bat iritzi edota ikerlan entzun dira Arrasateko kultura–etxean, eta antolatzaileak pozik daude ekimenak eman duen guztiarekin.

Ana Isabel Ugalde eta Jon Ander Ramos izan dira dena prestatzeko arduradunak eta urte eta erdiko antolaketaren ostean atseden hartzeko garaia iritsi zaie. Nahiz eta hasiera batean antolaketa soil bat zela iruditu, 2009ko urria geroz eta gertuago egon orduan eta azken orduko aldaketa gehiagori aurre egin behar izan diete biek. Baina merezi izan du esfortzuak, mintegiaren emaitzari dagokionez, bai Ana Isabel eta baita Jon Ander ere pozik agertu baitira. Jon Ander Ramos eta Ana Isabel Ugalde, aurtengo mintegiaren antolatzaileak.

Horrelako ekimenetan adituek beraien iritziak plazaratzeko aukera izaten dute, edo osterantzean, burutu duten, edo burutzen ari diren ikerketaren berri eman. Eta noski, behin amaituta, antolatzaileen sentsazioen berri jakin gura izan dugu. Antolatzaileak pozik

Ana Isabel Ugalde, Euskal Herriko Unibertsitateko Artearen Historiako Departamentuko kideak azaldu digunez, “balorazio oso baikorra egiten dugu. Mintegia hasi aurretik gure buruari jarritako helburuetariko bat ikerketak egiteko perspektiba berriak eskaintzea izan zen eta hiru egun hauetan zehar lortu dugula uste dut. Bai historia eta baita jorratu diren bestelako gaiek ere ikuspuntu ezberdinak eman dituztela iruditzen zait eta zentzu horretan, aipatutako helburuak soberan gainditu ditugu”.

Jon Ander Ramos Historian doktoregaiak Euskal Herria Mugaz Gaindiren inguruko bere balorazioa eskaini digu. “Nik ere positibotzat ematen dut mintegia. Bi egunen ordez hiru egunetara luzatzeak zailtasun handiagoa eduki du antolaketa aldetik bestela baino. Dena koordinatzea ez da erraza izan, baina publikoaren partetik erantzun bikaina eduki duela iruditzen zaigu, batez ere azken egunean. Hain zuzen, deituren inguruan hitz egin da eta jendeak interes handiarekin jarraitu ditu mintzaldiak.

Gainera, krisiari aurre egiteko teknologia berriak baliatu ditugu, hala munduko edozein tokitan egonda ere, parte hartu ahal izan dute aditu ezberdinek. Hori bai, batzuetan kale egin digu konexioak eta hori konpondu beharreko zerbait da. Baina okerretatik ere ikasten da.” Datorren urtean Boisen

Amerikako Estatu Batuetan egingo da 2010ko mintegia, hain zuzen ere Boiseko euskal jaia ospatzen denean, uztailean. Ana Isabelek “han egoteko ahalegina egingo dugu, ea zer proposatzen diguten eta beno, ikasleak ere animatu nahiko genituzke beraien ikerketak aurkeztera,” gaineratu du. Jon Anderrek berriz, azaldu digu, EHMG aurreneko aldiz jaialdi baten barruan egingo dela eta “nik uste dut festa harekin batera egiteak indarra emango diola mintegiari”. EuskoSaren EHMGri eginiko jarraipena, hemen