505 Zenbakia 2009-10-23 / 2009-10-30
Doktoregoa egiten hasi berria zara.
Nire tutorea Historian doktore den Óscar Álvarez Gila da eta berak bultzatu ninduen urrats hau ematera; ez dakit zergatik, baina etengabe esaten zidan doktoretza egin behar nuela, eta azkenean animatu nintzen. Nik beti doktoregoa zerbait sakona bezala ikusi izan dut eta nolabaiteko errespetua sorrarazten zidan.
Azkenean baina, proiektu bat aurkeztu nuen Eusko Jaurlaritzara, onartu egin zuten eta esan dezaket gutxi gorabehera sarean erortzeko modua izan zela, lan horrekin konpromisoa hartu bainuen. Eta noski, nire tesinaren nondik norakoak markatuko dizkidan lana da.
Euskal Herria Mugaz Gaindiren VI. edizioan horretaz egin duzu berba, ezta?
Hein handi batean hitzordu hori ikerketa martxan ipintzeko modu bat izan dela esango nuke. Bertan puntu ezberdinak azaldu nituen, lan hau burutzeko eduki ditudan arrazoien, erabiliko ditudan baliabideen eta lanean jarraituko dudan eskemaren gainean, hain zuzen.
Hau burua, oraindik ez dugu zure ikerketa–gaia aipatu!
Euskal delegazioak munduan, horren gainean ari naiz tesia egiten, eta horren barruan hainbat etapa kokatuko ditut. Alde batetik, Europan bertan egondako aurreneko euskal delegazioak aipatuko dira, hala nola, Madrilen, Valentzian, Bartzelonan, Parisen... Azken batean gerra hasi baino lehen sare hori nola sortu zen azaltzea daukat helburu, hau da, nolabait esateko Euskal Gobernuaren aurreneko ahotsaren gainean ikertuko dut.
Ondoren garai berri bat iritsi zen, gerra zibila. Horrek eraginda, delegazioak egoerara nola moldatu ziren begiratzea da asmoa; hau da, beraiek zituzten aurre–ideiak nola moldatu behar izan zituzten jazotzen ziren gertaera ezberdinen ondorioz.
Eta segidan, beste gerra bati egin behar zioten aurre, Mundu Gerlari zehazkiago esanda. Ordura arte Europan sortutako sarea birmoldatzea ekarri zuen eta gainera, Ameriketan zehar eratutako delegazioek garrantzia handiagoa hartu zuten; hori guztia nola koordinatu zuten jakitea garrantzitsua da. Gainera, aldaketek Eusko Jaurlaritzan eduki zuten eragina eta benetan delegazio horiei emango zitzaien erabilpenaren gainean ere zentratuko da ikerketa, hau da, propaganda moduan erabili zitezkeen, edo finantziazioa bilatzeko modu bat ziren, edota para–diplomazia egiteko baliatzen zituzten... Azken horri dagokionez, gai korapilatsua da, izan ere suposatzen da estaturik ez daukaten gobernuek ezin dutela diplomaziarik egin, baina Eusko Jaurlaritzak Argentina edo Txileko gobernuekin aurrez aurre hitz egiten zuela badakigu, hortik para–diplomaziarena.
Mamitsua ezbairik gabe! Noiz aurreikusten duzu hitz egin genezakela ikerketaren emaitzei buruz?
(Barre) Aurrena esan behar dut honi buruz asko eta asko idatzi dela eta bestaldetik delegazio bakoitzaren inguruan tesi bat egin daitekeela iruditzen zait. Baina nire lana orokorragoa izango dela azpimarratu nahi dut, hau da, oro har ordezkaritzen irudia nolakoa zen, zer suposatzen zuen, sare guzti horren erbesteko funtzionamendua zein zen... Guk jakin badakigu erbesteratu behar izan zutela edota Agirre lehendakariaren bidaiak ere ezagunak dira, baina zer dago guzti horren atzean? Nola antolatzen zituzten gauzak? Bidaiak egiteagatik zen edo helburu zehatz batzuk zituzten? Hori guztiari erantzutea espero dut. Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegian egindako aurkezpenean.
Orokorra dela diozu, baina gai sakona da, ene ustez!
Arrazoia duzu. Gainera, egia da bizitza guztia eman dezakedala ikertzen, baina norbera noraino hel daitekeen jakitea ezinbestekoa da. Nire lanarekin, etorkizun batean gaia landu nahi dutenentzako hasiera bat izatea lortu nahi dut, haiek jarrai dezaten.
Bestalde, ez da Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegian parte hartu duzun aurreneko aldia...
Lehenengo urtean, mintegian hizlari gisa egon nintzen soilik, bigarren urtean berriz –2005.urtean Gasteizen– hizlari bezala bai, baina baita koordinatzaile moduan ere aritu nintzen; eta aurten mintzalari izatea egokitu zait berriro.
Halako mintegiak primeran daudela iritzi diot; era honetako ikerketetan murgilduta gaudenak ez gara asko eta maiz ez dugu jakiten albokoa zertan ari den eta baliagarriak izaten dira neurri berean kontaktuak egiteko adibidez. Baina gero betiko galdera irteten da: iristen al zaio gizarteari guzti hau? Espero dezagun baietz, gure historiaren parte baita gaia.
Abian duzuna ez omen da zure aurreko ikerketa lana, ezta?
Orain arte bat edo beste egin dut, egia da! Ni beti zentratu izan naiz ?Euskaldunak Ameriketan? arloan, baina ikuspegi kultural batetik, ezen interesgarria iruditzen zait horren inguruko guztia. Hala ere, behin farmaziako fakultateko ikasle batzuk kontaktuan jarri ziren nirekin. Euskaldunak egondako tokiak zeintzuk ziren jakin nahi zuten endekapenezko gaixotasunei buruzko ikerketa bat egiten ari baitziren. Norbait behar zuten emigrazio korronteen gainean informatzeko, eta ni izan nintzen pertsona hori. Amerikako Estatu Batuetara bidaiatu nuen beraiekin, baina dagoeneko amaitu dut nire eginbeharra ikerketa horretan.
Bestalde, egin ditudan beste lan batzuek Uruguayko euskal presentzia eta kulturarekin erlazioa eduki dute maiz. Han burututako azken lana Juan Celaya bekaren bidez egin nuen eta leku hartan euskal kultura eta musika ikertzea zuen ardatz. Kasu hartan Alberto Irigoienekin batera aritu nintzen lanean. Bertan egondako musikariak elkarrizketatu genituen, dokumentazioa bilatu, digitalizatu... Hilabete eman genuen lurralde hartan.
Ikusten dut, bai, bidaiatzeko balio dizula ikerlari gisa aritzeak...
Noski! (barre) Ipar zein Hego Ameriketan zehar bidaia desberdinak burutzeko aukera eduki dut orain arte.
Eta halako ikerlanak burutzeko, trabarik izan al duzu?
Orain arte ez. Baina zerbaitetan konturatu behar gara. Maiz jendeak bere oroimenaren zati bat ematen digu eta elkarrizketak–eta egiterakoan, jendea tratatzen jakitea funtsezko kontua da. Horregatik, elkarrizketatua ahalik eta gusturen egon dadin saiatu behar gara. Esate baterako, erbesteratu batekin gerra garaiari buruz hitz egin nahi baduzu, ezin zaitezke hasi bere familia nola hil zen galdezka. Nahiz eta gu kazetariak ez izan, bide egokitik lan nola egin jakin behar dugu.
Amaitzeko, munduko euskal komunitate ezberdinak ezagutzeko aukera eduki duzu. Zer esan dezakezu diasporaren gainean?
Hemengo euskaldunok normalean oso gutxi gogoratzen gara kanpokoez. Ezagutu dudanaren arabera, beraiek asko begiratzen dute Euskal Herrira, euskal kultura asko ezagutzen dute, disfrutatzen dute, maitatu... Esaterako, hemen bizi garenon artean euskara askotan tresna bat moduan erabiltzen dugula, eta kanpoan bizi diren euskaldunek berriz nola darabilten ikustea berezia da. Noski denetariko jendea dago, ez pentsa! Euskal erroak bai, baina izaera hori berarentzako ezer berezirik ez dela esaten duenik ere topatu dut.
Aitortzen dut hautsi egin zaizkidala nituen aurreiritziak. Beti edukitzen ditugu kanpoko euskaldunei buruzko estereotipo batzuk eta pentsatzen dugu euskal kolektibitate mota bakarra dagoela. Ikusi dut taldeak anitzak direla. Adibide bat jartzearren, Argentina edo Uruguayko taldeak beraien artean oso bertsuak izan daitezke, baina Argentinan bi talde guztiz ezberdinak aurkitu ditzakegu. Batzuek garrantzia handiagoa emango diote dantzari eta besteek politikari. Baina amankomunean dutena, euskal kontzientzia daukatela da. Eneko Sanz (Donostia, 1981) Gipuzkoako hiriburuan jaio eta zenbait urtez bertan bizi ostean, Errenteriara mugitu zen familiarekin, eta bere burua errenteriartzat dauka. Goi Mailako ikasketak egitera Gasteizera abiatu eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Historiako fakultatean matrikulatu zen, lizentziatu eta 2009an doktoregoa egiten hasi da.