505 Zenbakia 2009-10-23 / 2009-10-30
Euskal Herrian zehar bidaiatzen jarraituko dugu, eta ahalik eta gehien gerturatuko gara naturara. Asmo horretaz baliatuta, Europako bigarren oihanik zabaleneraino salto egingo dugu; hain zuzen ere, Iratiren aurretik Alemaniako Oihan Beltza aurkitzen da. Argazkia: Juan Mari Zurutuza (3digitala) Flora eta fauna anitza
Iratiren zabalera eremuak 17.200 hektarea inguru ditu; horiek gainera, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoako lurretan banatuta daude. Antzinateko lekua dela diote adituek, eta halaxe adierazten dute oihanean barna topatutako mairu–baratzeek, esaterako. Baina gainera, mitologian barneratzeko parada daukagu, izan ere, euskal kondairen arabera, basajaunen bizitokia zen Irati; eta nork daki, agian beraiek izan ziren cromlechak egin zituztenak...
Mito edo egiazko, ukaezina dena paraje honen edertasun eta aberastasuna da; horien bila abiatzeko ate natural ugari ditugu eskura. Aukeratzen duguna aukeratuta, gure begiek gozatu egingo dute, edozein txokotan ezkutatzen baita miresteko moduko zerbait. Pagoak nagusi diren oihan zabalean, haritzak, izeiak, elorri zuria zein sahatsa eta bestelako zuhaitz eta zuhaixkek zabalduko digute bidea ezker eskuin; eta behetik gora beraien handitasunaz harro daudela irudituko zaigu. Eta eguneko argi desberdinek eta momentuan zuhaitz–hostoek daukaten kolore ugariek magia gehitzen diote paisaiari. Orbaitzetako ikuspegia. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)
Faunari dagokionez, Iratin oso ohikoa zen hartzarekin topo egitea XIX. mendean. Belarjalea zela diote adituek, baina noski, beharrizanak bultzatuta zenbaitetan artaldeak ere erasotzen zituela ezagun da eta horrek fama txarra ekarri zion animaliari. Baina honek baino beltzagoa zen otsoaren ospea. Biak ala biak, XX. mendean desagertu ziren Iratitik, zoritxarrez.
Egun baina, bestelako animalien bizitokia dugu Irati. Azkonarrak, baso igel gorriak, hegazti mota desberdinak –saiak, belatzak apoak, sugeak, untxiak, lepahoriak, basurdeak, arrubioa edota ibai amuarrainak dira espezi askoren artean gutxi batzuk. Hainbat lurrean, besteak zuhaitzetan eta zenbait uretan bizi dira, Irati Ibaian adibidez. Hau, beste bi ibairen –Urbeltza eta Urtxuria– elkarketatik sortzen da eta 80 kilometro luze ditu eta bere bidean, esaterako, Irabiako urtegian sartzen da. Orbaitzeta bisitatuz
Oihanera sartzeko ate naturalak aipatu ditugu lehen eta asko daudela esan dugu. Guk hala ere, ibilaldi honetan proposamen bat daukagu: Orbaitzeta. Aezkoako haranean dagoen herrixka honetatik Iratin barneratu aurretik, geldiune bat egingo dugu eta udalerriko iragana ezagutzeko aprobetxatuko dugu. Urkulu eta bertan egondako dorrearen aztarnak. Argazkia: Archivo Sahats. (3digitala)
Adibidez, XVI. mendean eraikitako estilo gotikoko San Pedro eliza bisitatu ahalko dugu. Hala ere, ohiko bisitalditik ihes egin, Urkulu mendi tontorreraino gerturatu eta garai batean zutik egon zen erromatar garaiko dorre baten aztarnak bisitatzeko aukera izango dugu.
Bestalde, Orbaitzetako herritarrek XVIII. mendean sortu eta oso garrantzitsua izan zen arma ola baten aztarnak mantentzen ditu. Gainera, denboraren joan–etorriei aurre egin eta labea oraindik osorik mantentzen da.
Herriko egonaldia amaituta, gure paraje ederra den Iratiko oihanarekin gozatzeko txanda iritsiko zaigu. Antzina gizakiak leku hau deskubritu zuenetik inor axolagabe uzten ez duen ingurune bitxi bezain ederrarekin gozatzeko asmoz, bisitari andana jasotzen ditu Iratik. Horietariko bat izatera animatzen al zara?
Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com