505 Zenbakia 2009-10-23 / 2009-10-30
Ikerlariak hitza esaten baldin badugu, jende askori ez zaio bururatzen gazteak izan daitezkeenik; ezen, denbora luzean ikerketa lanak egitea jende helduagoarekin lotu izan baita. Baina garaiak aldatu dira, eta horrekin mundua begiratzeko modua. Hala, gaur egun ez da arraroa egiten gure artean ikerlari gazteak aurkitzea eta nahiz eta bidea ereiten ari diren oraindik, mundu zabal bat ezagutzeko aukera eskaintzen zaie Euskal Herria Mugaz Gaindi moduko mintegietan. Maialen Lasa, Naiara Arrizabalaga, Aroia Kortabitarte eta Alaitz Imaz Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegian.
Hain zuzen ere, liburu artean murgilduta egotetik landa lana egiterako urratsa ematea, eta ostean jendaurrean zure lana defendatzen ikastea, eta horretarako mahai inguruetan aritzea, benetan baliagarria izaten dela diote adituek. Arrasaten zazpi gaztek hartu zuten hitza urriaren 22an, jardunaldiei agur esateko. Horien artean, Historiako ikasketak egin dituzten lau neska: Maialen Lasa, Naiara Arrizabalaga, Aroia Kortabitarte eta Alaitz Imaz. “Klase magistralak baino baliagarriagoa”
Horixe izan da lau neskek Euskonews Gazteari azaldu diotena. “Ikerketa lan hau egitea ohiko eskoletan baliatzen den metodologia alboratzea ekarri digu, eta asko ikasi dugu.” Baina nolatan animatu ziren Historiako ikasle hauek migrazioari buruzko ikerlan bat egitera?
“Karrerako hirugarren mailan genbiltzan lan hau egitea egokitu zitzaigunean. Egia esateko, zoriak hala nahi izan zuelako egokitu zitzaigun gaia, papertxo bat aterata hain zuzen ere!”, oroitzen dute. “Irakasleak esan zigun klase osotik talde bat aukeratuko zuela Alemaniako Bonn hirian 2008an burutuko zen Environment, Forced Migrations and Social vulnerability kongresuan parte hartzeko, eta gure lana hautatu zuen!.”
Beraz, Arrasatekoa ez da neska gazte hauen aurreneko hitzaldia izan. “Ez, baina kasu hartan ingelesez aritu ginen, hori bai, testua literalki irakurri genuen orduan. Oraingoan ezberdina izan da, euskara gure hizkuntza izanik, nahiz eta blokeatu, beste hitzen bat bilatu eta aurrera jarraitzeko aukera izan baitugu. Ingelesez, blokeatuz gero, akabo.”
“Hala ere, gaia moldatu dugu baita ere, gurea soilik migrazioaren ingurukoa baitzen. Óscar Álvarez Gilak deitu gintuen ea Euskal Herria Mugaz Gaindin parte hartuko genuen galdezka, eta beno, euskal alorrera ekarri dugu kasu hartan eginiko lana. Liman kokatuta, baina euskaldun bati aipamena eginez, Antonio Velascori hain zuzen.”
Asko ikasi dutela aitortu digute laurek. “Ikerketa metodo desberdinak ezagutu ditugu lan hau egiten. Informazio iturri ezberdinak bilatu, artxiboetara jo eta han jasotako datuak interpretatzen ikasi behar izan dugu. Ohiko klaseetako teoria hutsa ikasteak baino gehiago irakatsi digu esperientziak. Betiko ikasketetatik irtetea eta horrelako zerbait egitera animatzen dugu jendea”, benetan aberasgarria baita proiektu bat hasieratik amaieraraino eramatea. “Gainera, karrera amaitu eta hemendik urte askotara Historiako ikasketak burutu bitartean egin genituen lanetatik gogoratuko dugun lan bakarra izango da, ziur.”
Aurrerago beste ikerketarik egingo ote duten galdetuta, “bakoitzak bere bidea hartu du, eta norberak bere esparruan egitea, zergatik ez!”. Agian Maialenek Antropologia arloan landuko du proiektu berriren bat, hori ikasten baitabil orain. Edo Naiarak Antropologiatik zerbait egingo du, edota Aroia eta Alaitzek Erdi Aroan kokatuko dute hurrengo ikerlana. Dena delakoarekin, ikerlari gazte hauek ez dute ahaztuko esperientzia moduan aberasgarri suertatu zaien mintegia.