506 Zenbakia 2009-10-30 / 2009-11-06
Jakin dugunez, aisialdiak zure bizitzan garrantzia handia eduki du, ezta?
Halaxe da! Izan ere, Txatxilipurdi aisialdi taldea erakundetzeko lanetan aritu nintzen beste lagun batzuekin batera 1993an eta asko ikasi nuela esan behar dut. Garai hartan mota horretako nahiko erakunde gutxi zeuden, eta esan genezake bidetxo bat sortzen ibili ginela. Ondoren beste hainbat ekimenetan hartu dut parte, azkena GaraiOn NaturArtean.
Hasiera haietatik denbora dezente pasatu da. Gazteen beharrizanak aldatu al dira ordutik?
Azken batean, 90. hamarkadan D eredua martxan hasi zen ikastetxeetan eta irakasleak eurak izan ziren eredu horretan ikasten zihardutenentzako eskolaz kanpoko euskarazko ekintzak antolatzeko eskaera egin zutenak. Hor abiatu ziren hainbat proposamen Arrasateko euskalgintzatik, hala nola Larunbatero ekimena edota udalekuak.
Gaur egun beharrak berdinak direla iruditzen zait, nahiz eta ereduetan aldaketak eman diren. Azken batean, gaur egun mass–mediek ez diote gure hizkuntzari gazte batek nahi duen prestigioa ematen; hau da, gazte bati ez zaio erakusten euskara komunikatzeko arintasuna ematen dion hizkuntza moderno bat moduan. Guk gure gauzak ditugu, telebista txikiak esaterako, eta modernitate gutxi... Oro har euskararen magia kutsatzeko zailtasunak ditugu oraindik ere. Gainera, gazteak modan dagoenaren harira joaten dira. Bazkideak lortzeko ekimenaren barruan, garaiON naturArtea elkarteko kideak, eszenatokian.
Orduan, gaurko gazteak euskaraz bizi dira edo ez?
Denetarik dago, egia esan. Azken batean, bizi duten errealitatearen arabera neska–mutil batzuek gehiago bizi dute euskara, eta besteek soilik zerbait akademikoa moduan ikusten dute. Badaude kontzientzia maila handiagoa daukatenak –esaten dutenez, neskek gehiago eusten diote nerabezaroan beren gogoari. Ezin dugu ukatu, bestalde, normalean adin tarte bat egoten dela non askok euskara horrenbeste erabiltzen ez duten; hori bai, kontzientzia maila altua daukatenek berreskuratu egiten dute. Eta horietariko batzuek beraien lana euskalgintzatik bideratzen dute; nire kasua halaxe izan zen esaterako, 16 urtetatik 22ra gaztelaniaz egin nuen, eta begira orain!
Argi dago, zure lanean euskalgintzak eduki duen protagonismo handia.
Halaxe da. Bai aisiari eta baita lan munduari dagokionez ere; hau da, haur eta gazte mundutik helduen mundura egin nuen salto. Biak zailak direla esango nuke, baina niretzako behintzat haur eta gazteekin aritzea askoz pozgarriagoa dela esango nuke, gehiago asetzen bainau. Ezen nagusien inkoherentzia hori, hau da, diskurtsoan gauza bat esatea eta ekintzan beste bat egitea –denoi gertatzen zaiguna, bestalde– eta uneoro euskaraz animatzen ibili beharra, nekagarria dela esango nuke eta meritu handia daukate horretan lan egiten dutenek.
Baina zu enpresa mundua euskalduntzen aritu zinen etapa batetan. Langileek bultzatu behar dute euskara esparru horretan, edo nagusiaren eginbeharra izan beharko luke?
Noski alde guztietatik bultzatu behar da euskara, bai alde indibidualetik, baina baita kolektibotik ere. Orduan, pertsonengan jarrera lantzea ezinbestekoa da eta enpresak bere hizkuntz jarduera erabaki eta hori gauzatzea. Goitik, behetik, ezkerretik eta eskuinetik eragin behar dugu, ahalik eta alor gehienetatik, arlo guztiak euskalduntzeko.
Hegazkinera igo eta Afrikara bidaiatzea erabaki zenuen egun batez...
Mozambiken urte eta erdiko egonaldia egin nuen. Hain zuzen ere, Mundukide Fundazioaren bidez joan nintzen bertara. Momentu hartan gogoa piztu zitzaidan eta aurrera egin nuen. Esperientzia benetan positiboa izan zen, ederra, batez ere maila pertsonalari dagokionez. Hango herriak eta pertsonak ezagutu eta haiekin bizitzeko aukera edukitzea, polita izan zen. Herri aberatsak topatu ditut, pobreagoak baita ere... Proiektuan lan egiten duten 18 kideetako batzuk.
Lana beste gauza bat da. Izan ere, oso zaila da benetan erein eta zerbait haztea. Nire egitekoa, enpresa txikiak sortzen ari zirenei negozioa antolatzen laguntzea izan zen; kontabilitatea erakutsi nien zortzi lagunei, bulegoko paperak nola txukundu... Azken finean gauza txiki eta xumeak, baina benetan beharrezkoak zirenak.
Esperientzia amaituta, Euskal Herrira itzuli eta proiektu berri bat egikaritzen hasi zinen.
Halaxe da, garaiON naturArteaizeneko proiektua. Hala ere, uste dut beti sortzen arituko den zerbait dela, garai onak sortu egin behar baitira. Esate baterako, nekatuta jaiki naizelako edota lehenengo orduan haserretu naizelako eguna hondatu egiten da, eta beraz, garai onak gauzatzea funtsezkoa da.
Proiektura bueltatuz, orain arte bultzadatxo bat eman diogu ekimenari. Geroz eta kolektibo handiagoa osatzen dugu, geroz eta jende gehiago daukagu gure inguruan eta daukagun gauzarik ederrena da. Bestalde, gaurko gizartean baloratzen diren baliabideei dagokienez, oraindik ere gauza gutxi daukagula esan behar da, hori bai, nahiko genuke gehiago edukitzea! Baina azken batean geroz eta jende gehiagorekin harremanetan egon, orduan eta emaitza hobeak lortuko ditugu.
Bazkideen bidez funtzionatzen duzue, ezta?
Horretantxe gabiltza momentu honetan buru–belarri. Esango nuke herrira jaitsi eta herritarrei laguntza eskatzeko nolabaiteko ausardia behar dela. Azken batean ongi pasatu nahi duten guztiei daude irekita garaiONeko ateak.
Eta zein da garaiON naturArtea beste aisialdi talde batetik bereizten duen ezaugarria?
Ez dugu gure burua aisialdi talde moduan definitzen. Egia da aisialdi espazio bat sortu nahi dugula, baina gu natur zaleak gara, sortzailetasuna eta arte eszeniko, plastiko eta bestelakoak maite ditugu eta ondare zaleak gara, giza ondarea deitzen dugun hori. Esate baterako, zure harremanetarako gaitasuna nirearekin batu eta kontrastatzea. Bestalde, herri ezberdinek Landa (Araba) eta inguruko herriekin izan duten bizipen erreala baloratu eta hobeto elkar ezagutzea bilatzen dugu. Sormena lantzea da talde honen helburuetariko bat.
Poliki–poliki eraiki nahi dugu guzti hori Otazan (Ozeta, Araba), bertan etxalde bat martxan jartzeko aukera baitaukagu; baina aldi berean, oraindik txukundu gabe daukagunez, gu joaten gara herrietara. Bertan, gazte zein jubilatuekin egiten dugu lan, 0–99 urte arteko jolas bat izan nahi dugu etorkizunean. Jendeak askatasunean bere garapen pertsonalak lantzeko espazio bat sortu nahi dugu.
Herriak aipatu dituzula, mugatu egiten al duzue zuen lan–eremua?
Gure estatutuetan zehaztu dugu gure lan eremua Euskal Herria dela. Baina abiatzeko, alde batetik Arabako lautada eta bestetik Debagoiena hautatu ditugu –Agurainetik hasi eta Aretxabaleta, Arrasate, Eskoriatza...–, bien arteko nolabaiteko elkar ezagutza bat emateko asmoz. Hala ere esandakoa, gure asmoa Euskal Herriko txoko guztietatik jendea garaiONera gerturatzea da.
Bestalde, pentsatzekoa da ez dituzuela ekimen berdinak burutzen gazte edo jubilatuekin, ezta?
Hori da. Baina horri erantzuteko lantaldeari buruz hitz egin beharko genuke aurrena. Xume–xume hasi ginen, iaz hiru lagun baikinen bakarrik, baina ikusi genuen ezinezkoa zela horren pertsona gutxirekin gure egitasmo guztiak aurrera ateratzea. Hala, erronka berri bati ekin genion, lantalde berri bat sortzea, alegia. Urte osoan zehar enplegu tailer bat egin dugu, eguneroko jardunean 18 pertsona egon gara inplikatuta, zortzi orduz lanean elkarbizitzen, eta hortik konkretuki bi lan programa atera dira, nerabeentzako bata, jubilatuentzako bestea.
Zure galderara bueltatuz, nerabeekin batez ere sorkuntza gaitasuna da lantzen den arloa, eta jubilatuekin berriz, parte hartzea. Azken kasu honetan, parte hartzea eta sorkuntza nahastu egiten ditugu baina sormena ezkutatuago geratzen da, lotsa gehiago izaten dutelako, besteen artean. Hala ere, gure proiektuaren partaide direla sentiarazten diegu, besteak beste aholkuak eskatuz, eta ilusioz erantzuten dute.
Bestalde, talde bakoitzarentzako bost ordutako programak izaten dira eta gaur arte mila bat gaztetxorekin egin dugu lan. Aurretik esan bezala herrietara joan, leku goxo bat topatu eta martxan jartzen gara. Bost ordu horiek “zer sentitzen dut?” galderari erantzunez hasten gara, eta artista bat izanez amaitzen dugu eguna, film batetan parte hartuz, esaterako. Guk garrantzia ematen diogu bideari eta ez horrenbeste helmugari; bidea atsegin izatea da garrantzitsuena.
Eta badaukazue bestelako egitasmorik martxan?
Arlo turistikotik zerbait bultzatu nahian gabiltza eta horren bideragarritasuna aztertuko dugu. Besteen artean, lorategi mitologiko bat sortu gurako genuke, baita poliki–poliki museo etnobotaniko bat eraikitzen joan Otazan daukagun hiru kilometro bidean zehar. Bestalde, ortu ekologikoa dagoeneko martxan daukagu eta emaitza bikaina izan da; oso pozik gaude kalekumeak izanda gure aurreneko esperientzia izan delako. Ikusten duzunez gauza xumeak baina epe luzera, indartsuak.
Kalekumek esan duzu, eta kolore anitzeko lantaldea izango zarete gainera...
Zalantza barik! Soziologia, Ingurugiro hezkuntza, Fisioterapia, Enpresaritza, Arkitektura eta bestelako karrerak ikasitakook osatzen dugu taldea. Buru eta pentsamendu ezberdinak ditugu, lan arlo ezberdinetatik gatoz, eta guzti hori zalantza barik oso aberatsa da.
Zuen lana sorkuntzan oinarritzen da, natura eta ondarearekin batera. Bizi ditugun garai hauetan nahikoa lantzen ez den gauza bat al da sormena?
Gure ikuspuntutik, ez zaio ematen eman beharko litzaiokeen garrantzia. Eta benetan etorkizuneko herri “berritzailea” izatea nahi badugu, ezin dugu gure helburua lortu gaur eguneko gizarteari ez baldin badiogu sormenerako grina sartzen.
Bestalde, nola ikusten dugu gure nagusienengan sormen gaitasuna? Berez gizarteko jakintsuenak izan beharko zirenak zahar ikusten ditugu eta gaitasun hori daukatenik ere ez dugu pentsatzen. Eta txikienak zortzi orduz “aparkatzen” ditugu umezaintzan... Guzti horrekin etorkizun berritzaile bat eraikitzeko gai izango al gara? Gure ekimenarekin alternatiba bat eskaini gura diegu gazte eta helduei. Azken batean interesa duten guztiei irekita daude garaiONeko ateak, gerturatu Otazara edota deitu (945 063 245) telefonora, zein emailez kontaktatu garaionaturartea@gmail.com helbidean. Amaia Gabilondo (Urretxu, 1967) Txikitan familia Urretxutik Arrasatera mugitu zen eta Amaiak bertan egin du bizimodua. Ikastolan ikasi zuen; O?atiko ETEOn –Enpresa zientzien fakultatea– jarraitu zituen eskolak eta Goi Mailako ikasketak egitera berriz, Bilboko Sarrikoko Ekonomia Zientzien fakultatera abiatu zen. Euskalgintza ongi ezagutzen du, AEKn irakasle izan zen, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartetik ludotekak bultzatzen lan egin zuen, besteen artean. EMUNen –Lan Mundua Euskalduntzeko Kooperatiba– teknikari lanak bete zituen harik eta Mozambike aldera bidaiatu zuenera arte. Gaur egun, garaiON naturArtea deituriko elkartea martxan jartzen dihardu.