508 Zenbakia 2009-11-13 / 2009-11-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aztarna Ekologikoaren ondorioak: bide onetik goaz

IRAETA USABIAGA, Ainara

Gipuzkoa eta Bizkaiko taldeak behaketa egin ostean, hainbat ondorio atera dituzte Donostiako Amara Berri eta Sopelako Ander Deuna ikastetxeetako aztarna ekologiakoren gainean. Hona hemen emaitzak. Gipuzkoako taldea

Gipuzkoako taldean Donostiako Amara Berri ikastetxearen ezaugarri positiboen artean aipagarriena, garraioari zegokiona izan zen. Ikastetxe hau erdigunekoa izanik, sortzen duen garraioaren aztarna ia ez da existitzen; izan ere, ikasle eta irakasleen gehiengoa autobusez, “topoz”, bizikletaz edo oinez gerturatzen da.

Hondakinei dagokienez ere, emaitzak nahiko baikorrak izan ziren; hobetzeko puntuen artean, bazkalorduan sortzen ziren hondakinen banaketa desegokia izan zen aipagarriena. Ikas materialari dagokionez aldiz, paper birziklatuaren erabilpen gabezia azpimarratu zuten eta energiari dagokionez eraikuntzaren alorrean, beroak leihoetatik ihes egiten zuela eta hori ekiditeko neurriak hartzea proposatu zuten. Amaitzeko, jakiak izan zituzten hizpide eta, catering enpresa batek janariak ekartzen dituenez, elikagaien jatorria ezagutzea zaila dela eta aztarna kalkulatzea ezinezkoa izan zitzaiela adierazi zuten taldekideek. Bizkaiko taldea

Bizkaiko taldeari dagokionez, Sopelako Ander Deuna ikastetxearen aztarna ekologikoa ikertuz, emaitza onak izan direla azpimarratu du taldeak oro har. Hala ere, beti egoten denez zer hobetu, ikasmaterialetan orri ekologikoen erabilpena izan zen emandako gomendioetariko bat.

Ikastetxe honetan haurtzaindegi zerbitzua zegoenez, jostailu gehienak plastikozkoak eta multinazionaletatik ekarritakoak zirela aipatu zuten, garraio horrek aztarnaren hazkundean duen eragina handituz. Horregatik, gertuko enpresa batek eginiko jostailuak edota egurrezko edo trapuzko jostailuen erosketa gomendatu zen. Era berean, eta ausartak izanik, ikasle nagusiek plastikazko klaseetan jostailu hauek egiteko aukera ere otu zitzaien gazteei eta ikastetxeko zuzendaritzari gomendatzea proposatu zuten.

Hondakinen kasuan, birziklapen maila egokia bazen ere, ikastetxeko pasilloetan zaborra banatua jasotzeko zakar ontziak falta zirela aipatu behatu zuten. Era berean, ikastetxearen kokapena zela eta, eta ingurunean zituzten zelai eta basoengatik, konposta egiteko posibilitatea egongo litzatekeela iruditzen zaie. Ikastetxera iristeko baliatzen duten garraioari dagokionez, ikasleen portzentaje handi bat oinez joaten baldin bada ere, irakasleen gehiengoa kotxez gerturatzen da eta puntu honetan hobetu beharra nabarmendu zuten.

Bi ikastetxeetarako gomendio nagusi hauek jasota, proiektuaren azken urratsean, talde bakoitzeko partaideak zentro horietara joango dira euren proposamenak aurkeztera. Ea aztarna gutxitzeko baliagarriak diren.