507 Zenbakia 2009-11-06 / 2009-11-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XV): Gorbeia Parke Naturala

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Denbora geratuko dugu Araba eta Bizkaiko lurrak hartzen dituen parke naturala bisitatzeko eta minutu batzuez euskal altxor honekin gozatzera animatzen zaituztegu.

Hain zuzen ere Gorbeiako parke naturalaren harribitxiak ezagutuko ditugu gaurko honetan. Parkeak 20.016 hektarea ditu eta esan bezala, bi lurraldetan barreiatuta dago eremua; besteak beste, Bizkaian Orozko haranarekin egiten du muga, eta Araban berriz, Zuia zein Zigoitiarekin. Parke bizi–bizia

Parkearen baitan mendi ugari altxatzen dira harrotasunez bisitariaren begien aurrean, eta horien artean daude adibidez, Lekanda (1302m), Aldamin (1362) edota Gorbeigane (1475) tontorrak. Esan genezake, zonaldeko bitxi preziatuak fauna eta floran oinarritzen direla batez ere eta haren kontserbazioa ezinbestekoa dela jakinda, 1994ko ekainaren 21ean eman zioten parke natural izendapena.

Besteak beste, larre zabalak parke honen ezaugarrietariko bat dira; baita gure bidean aurkituko ditugun baso ugariak ere, non pagadiak nagusi diren. Baina, Gorbeia alde honetan, beste hainbat espezierekin egingo dugu topo; askoren artean aurkituko ditugu urkia, gaztainondoa edota haritza. Urtaroaren arabera gainera, parkeko koloreak –tonalitate gorri, berde eta horiak gailenduz– gure begien gozamenerako jostagarri bihurtuko dute tokia.

Esan bezala parkea bizirik dago. Eta noski, animalia mota ugariren bizilekua dugu Gorbeia. Hegazti, ugaztun eta narrastiek beren tokia aldarrikatu dute mendeetan zehar eta gaur egun kopuru murritzagoan bada ere, oraindik barietate handiak hartzen du parkea. Animali txiki, ertain eta handien etxea da; hala, azeriak, basakatuak, belatxingak, miruak, amuarrainak, uhandreak, igelak eta beste ehunka espezie aurkituko ditugu Gorbeia aldean.

Eta ezin ditugu oreinak ahaztu. Izan ere, iraila aldean animalia hauen araldia izaten da, eta arren arteko borrokak ematen dira; gainera, txoko guztietaraino iristen dira animalia hauen marrumak. Aurkikuntzak eta eraikuntzak

Baina Araba eta Bizkaiko lurrak bustitzen dituen parke naturalean bestelako altxorrak ere aurkituko ditugu. Hala, esanguratsua da Zigoitian dagoen Mairuelegorreta neolitikoko aztarnategia. Euskal Herriko beste hainbat tokitan eginiko aurkikuntza asko moduan, Joxe Miel Barandiaran ataundarraren eskutik daukagu lekuaren berri; hain zuzen 1918an Enrique Egurenekin batera egin zituen ikerketak bertan. Eta beste aurkikuntza bat aipatzearren, Austergamin muinoan –Orozko– aurkitutako dolmena izendatuko genuke.

Baina ez dago zalantzarik; Gorbeia ezaugarritzen duen ikurra izen bereko tontorrean dagoen gurutzea da. Leon XIII. Aita–santuak 1899.urtean mende berriari ongietorria egiteko tontor garaietan gurutze bat jartzeko agindua eman zuen, eta Gorbeia izan zen aukeratutako bazterretariko bat.

Hala ere, gaur egun ikus daitekeena eraikitako hirugarren ikurra da. Hain zuzen, aurreneko biek –1901 eta 1903an ipinitakoak– eguraldi gorabehera latzak jasan zituzten eta erori egin zirenez; ondorioz hirugarren bat kokatu behar izan zuten. Hala, zutik diruen 17 metro luze dituen gurutzea 1912koa da eta urtero ehunka mendizale bertaratzen dira, bertatik dagoen paraje ederraren ikuspegiaz gozatzeko asmoz.

Euskal Herriko parke natural guztiek moduan, bisitaria erakartzeko berezko indarra dauka Gorbeiakoak ere. Okasiorako arropa erosoa soinean ipini eta animatu zoko ederrekin gozatzera. Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Iratiko oihanean barna Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com