507 Zenbakia 2009-11-06 / 2009-11-13

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Aines Arizmendi. (Surfrider Foundation Europe): Mendiko zaborra beti jaitsiko da hondartzara

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Itsasoak berebiziko garrantzia daukala ezin dugu ukatu; Lurraren hiru laurdena ura dela jakinda errespetua zor diogu. Horren gainean jendea sentsibilizatzeko erakunde ezberdinak aurkituko ditugu, Surfrider Foundation Europe, besteen artean. Nahiz eta Europa mailako elkartea izan, ordezkaritza dauka gure artean; hain zuzen ere, Biarritz eta Donostian ditu bulegoak. Mare Urdina izeneko egitasmoaren partaideetariko bat ere bada, eta horren gainean hitz egin dugu Ainesekin.

Nazioarteko Komertzioa ikasi duzu eta horrek toki ezberdinetara eraman zaitu, ezta?

Halaxe da. Egia esan arrazoi horrexegatik hautatu nituen ikasketa hauek, hau da, bidaiatzea maite dut eta horretan segitu nahi nuen. Gainera, hizkuntzak ere atsegin ditut eta bi zaletasunak uztartzea lortu dut; euskara, frantsesa, ingelesa eta gaztelania nahiko ondo hitz egiten ditut. Ikasketak amaituta, Surfrider Foundation Europera gerturatu eta ordutik hemen nago.

Esaten dute Ipar eta Hego Euskal Herria desberdinak direla. Zer moduz bizi zara Donostia aldean?

Niri biziki gustatzen zait hemen bizitzea, egia esan! Gainera, ez nago nire sorterritik horren urruti. Noski, desberdintasun ugari aurkitu ditzakegu bien artean, bizimodua aldatzen da, jatorduak egiteko tenorea, gure usai propioak ditugu, euskalkiak ezberdinak dira... Baina ongi moldatzen naiz! Eta gainera maiz joaten naiz Miarritzen daukagun bulegora material bila, esaterako.

Surfrider Foundation Europen egiten duzu lan. Kontatuko al diezu gure irakurleei elkartearen nondik norakoak?

Noski! Duela 29 urte sortu zen (1990ean), Munduko Txapeldun izandako Tom Curren surflariaren eskutik. Bere asmoa, jendea ingurumen arloko arazoekiko sentsibilizatzea zen; ezen surflari gisa ohartu zen itsasora sartzen zen bakoitzean hainbat arazo bazirela. Ikastaldi baten egiteko jo nuen elkartera, eta hala gaur egun Mare Urdina egitasmoan buru–belarri sartuta nago; esan genezake honen helburua euskal itsasbazter guztiko balorazioa eta sentsibilizazioa egitea dela. Hala, bai Surfriderretik bultzatutako ekimenek eta baita Mare Urdinakoek ere, xede berberak dituztela argi geratzen da.

Baina ez zabiltzate bakarrik egitasmo horretan, ezta?

Lau bazkide gara guztira Mare Urdinan: Surfrider Foundation Europe, Eusko Ikaskuntza, Euskal Herriko Surf Federazioa (EHSF) eta Pirinio Atlantikoko Kontseilua.

Lan arlo ezberdinak ditugu gure lanerako. Alde batetik, itsasbazterraren balorazioa egiten da. Bestetik sentsibilizazio arloa dago, eta uda honetan adibidez, kanpainak egin ditugu surf txapelketak egin diren tokietara jo eta gazteekin joko pedagogikoak burutuz; hauek uraren kalitatearekin zein birziklatzearekin daukate zerikusia.

Jorratzen dugun beste arlo bat uraren kalitatea konprobatzea da; Bizkian hasi genuen ikerketa orain bi urte. EHSFko eta bestelako ur–kirolak praktikatzen dituzten boluntarioen esku dago ekimen hau. Uraren laginak hartzen dituzte eta guk analizatzen ditugu. Momentuz, Zierbenatik Mundakara bitarteko hamar bat lekutan ikertu ditugu urak eta orain Gipuzkoara sartu gara.

Bestalde, vidECO izeneko bideo lehiaketa ere abiatu genuen. Eta zuk zer egiten duzu ingurumenaren alde? galderari erantzunda hainbat lan jaso ditugu.

Gainera, urtero martxoan zehar Surfrider elkartean Europako hainbat hondartzen garbiketa egiteko ohitura dago eta Mare Urdinaren bidez ere, euskal kostaldera iritsi gara. Eko–ekintza honetan edozein pertsonak antolatu dezake garbiketa egun bat eta Mare Urdina proiektutik laguntza ematen dugu, materiala utziz, esaterako.

Gauza anitz badituzue martxan! Zertaz arduratzen zara zu?

Nire egitekoa ekitaldiez arduratzea da, animazioak antolatuz, esaterako. Gainera, orain gutxira arte euskaldun bakarra nintzen euskarazko ekimenak prestatzeko orduan. Lanean euskara erabiltzea gustuko dut eta horrelako ekimenak gure hizkuntzan egitea garrantzitsua dela iruditzen zait.

Baina Ipar eta Hego Euskal Herriko egoerak desberdinak direla gogoratu behar dugu, hasteko iparraldean euskara ez delako ofiziala eta animazioetan gure hizkuntza naturalki erabiltzeko zailtasun batzuk eduki ditugu. Hala ere, gaur egun ikastolekin lan eginez, edota euskaltzale batzuen laguntzarekin ateratzen ditugu euskarazko ekimenak aurrera. Hondartzan jasotako zaborrarekin surflari bat irudikatuta. Argazkia: Aines Arizmendi.

Uraren ikerketara itzulita, orokorrean hitz eginda, nolakoa da gure uraren kalitatea?

Hasteko, esan nahiko nuke mota honetako ikerketa ezberdinak burutzen direla Eusko Jaurlaritza edo tokian tokiko udaletxeetatik, baina normalean udan egiten dira soilik. Guk urtaro ezberdinetan burutzen ditugu, surfa eta bestelako kirolak praktikatzen diren tokietan.

Ikerketa bakteriologikoa egiten dugu; hots, gizakia kaltetu dezaketen arazoak begiratzen ditugu. Egoera hobetzen ari da, baina lan asko dago egiteko oraindik. Eta noski, eguraldiak ere eragin zuzena dauka uraren egoeran. Esate baterako, euri asko egiten baldin badu, ur–mailak igotzen dira, eta kaleetako zein ibai ertzetako zabor ugari hartu eta hondartzaraino eramaten ditu.

Eta zeintzuk dira gure itsasoak izan ditzakeen mehatxurik handienak?

Noski, gizakia da erantzule handiena. Jakin behar dugu itsasoan aurkitzen den kutsaduraren %80a herrietako jendearen ekintzen ondorioz dela, hau da, arrantzaleak ez du normalean plastiko bat uretara botatzen; noski, guztiek ez dute horrela jokatzen. Gainera gogoan hartu behar dugu gure ekintzen ondorioak prozesu bat jarraitzen duela. Hau da, mendian zaborra botaz gero, lehenago edo beranduago jaitsiko da hondartzara. Kontuz ibili behar gara egiten dugunarekin.

Euskal Herriko leku ezberdinetan lan egiten duzunez, toki batetik bestera ingurugiroarekiko kontzientzia handiagoa nabaritu al duzu?

Alde batetik, uste dut gazteak geroz eta gehiago kontzientziatuak direla gai honen inguruan, ikastetxeei esker, neurri handian. Noski, lekuka begiratuz gero, desberdintasun batzuk topatu ahal dira. Iparraldean esaterako, jende askori entzuna diot uretako kutsadura Hegoaldetik datorrela, eta ez da horrela. Zinez sentsibilizatuta dauden herriak aurkitu ditut nire lanari esker, eta esaterako, badakit Zierbenan ostatu guztietako olioa birziklatzen dutela. Iparraldean ere badira ekimenak, baina ohartu behar gara toki guztietan ez direla eguneroko ekintzak egiten. Garrantzitsuena, baina, herritarrek eurek egitekoak beraien gain hartzea da, eta erakundeetatik zerbait egiteko itxaroten ez egotea.

Bestalde, hondartzen garbiketak ere aipatu dituzu. Ez daukat zalantzarik mota guzietako gaiak aurkituko dituztela horretan dihardutenek, ezta?

Normalean udaletxeek soilik udan garbitzen dituzte hondartzak erabiltzaileek tokiaz gozatu ahal izateko; ondorioz, neguan zabor ugari pilatzen da gure kostaldean. Baina horrekin ez dut esan nahi jendea bertara joan eta zaborra botatzen duenik, eragin zuzena duen arren.

Itsasoak ekartzen du gure kostaldera zabor gehiena, olatuen eraginez hondakin natural eta ez naturalak ailegatzen dira hondartzetara. Esate baterako, telefono kabina bat aurkitu genuen behin itsasbazterrean, nahita edo nahi gabe botata, baina urak denetarik ekartzen duela frogatuz.

Bestalde, gehien–gehien aurkitzen den gaia plastikoa da. Eta duela bi urte gurekin lanean ziharduen ikastola batetako taldeak izurde bat aurkitu zuen hilik, eta bere barruan hiru kilo plastiko zituen. Arazoa, plastiko poltsak uretan daudenean urrutitik medusak diruditela da eta animalia hauek jan egiten dituzte horrek dakartzan ondorioekin. Eta geroz eta gehiago ematen ari den egoera da tamalez.

Inoiz ez omen da berandu, baina urte luzeak igarota, orain jarri dute martxan plastikozko poltsen erabileraren aurkako kanpaina.

Funtsezko zerbait da. Adibide deigarri bat ipintzearren, Plastic Garbage Patch izeneko plastiko meta bat dago Ozeano Barean; zientifikoak horrekin lanean aritu dira eta ur korronteekin borobil bat osotu dute, uharte txiki bat bezala. Daukan hondakin kopurua Europaren herena dela diote adituek.

Bestalde, legeak ez ditu uretara botatzen diren hondakinak kutsadura bezala kontsideratzen. Surfrider eta Mare Urdinako partaideok, Europar Batasunari eskaera bat egin diogu legedia alda dezan eta kutsadura arazo gisa ezagutuak izateko, aski grabea baita egungo egoera.

Amaitzeko, nork har dezake parte Mare Urdina egitasmoan?

Jende guztiarentzako ditugu irekita ateak; gure helburua, proiektu honetan ahalik eta jende gehien inplikatzea da. Orain webgunea sortzen ari gara eta parte–hartzailea izango da. Hau da, bertan jendeak esku hartu dezakeen atal ezberdinak egongo dira. Ur–laginak hartzeko boluntario izan nahi duenak tokia dauka Mare Urdinan, edota lagunekin hondartza garbiketa egin nahi duenak, zein bildutako hondakinekin artelan bat osotu gura duenak. Bulegora etorri eta informatzera animatu nahiko nituzke interesatuak. Aines Arizmendi (Donibane Garazi, 1984) Nafarroa Beherekoa sortzez, gaur egun Donostian bizi da lana dela eta. Goi Mailako ikasketak egitera Bordeleko unibertsitatera joan zen eta bertan, Nazioarteko Komertzioa ikasi zuen. Ondoren lizentzia bat egin zuen Baionan; handik, Eskoziara joan zen komertzio ikasketekin jarraitzeko asmoz eta urtebete egin zuen bertan. Masterra egitera Baionara itzuli eta bigarren kurtsoa bertan burutu ostean, Surfrider Foundation Europera jo zuen; ordutik dihardu elkartean.