507 Zenbakia 2009-11-06 / 2009-11-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bubisher elkartea eta Sahara

APERRIBAI, Itziar BADIOLA, Andoni FERNANDEZ, Irati INCLAN, Ana IRURETA, Oihane MARZO, Nerea NARBAIZA, Ainhoa

Aranzadi Ikastolako ikasleak (Bergara)



Elsa Manso eta Bibi Andueza Bergarako Bubisher elkarteko kideak dira. Beraien lana Saharako herria ezagutaraztean eta laguntzean datza; eta ume elbarritu eta gorrendako diru–laguntzak bideratzeko proiektua darabilte azkenaldi honetan.

Bubiher dugu gaurkoan hizpide. Baina, zein da elkarte honen helburua?

Helburua hiru ataletan banatuko genuke: lehenengoa, umeak ekartzeko “Oporrak Bakean” deituriko proiektua antolatzea; bigarrena, abendu inguruan janaria biltzea errefuxiatu kanpamentuetara bidaltzeko, eta azkena, garrantzitsuena eta beharrezkoena, Sahara sufritzen ari den arazoaz jendea kontzientziatzea.

Zergatik dauka Euskal Herriak zehazki saharar herriarekin lotura estu hori?

Alde batetik, Euskal Herriak gaur egun bizi duen egoera politikoa oso antzekoa da, batik bat, independentziaren gatazkagatik. Bestalde, soldaduska garaian, Euskal Herritik bertara joaten zirenek hango herritarrekin harremanak eraiki zituzten.

Geuk lagundu nahian, janaria ikusten dugu bidaltzeko beharrezkoena. Baina, janariaren ordez, dirua bertara zuzenean bidaltzea egokiagoa da, agian?

Laguntza bi eratara eskaini dezakegu. Errazena eta egokiena, urtero geuk antolatzen dugun kanpainara janaria bideratzea izango litzateke. Hala ere, beste bide bat diruaren bidezko laguntza da. Diru hori komisioetara doa eta horri esker, janaria bertara eramateko garraiobideak lortzen dira (kamioiak, esaterako).

Denbora igaro ahala, egia omen da bertako familien artean maila sozial ezberdinak sortu direla. Zerk eragin du beraien arteko desoreka hori?

Bai, errealitatean hori gertatzen ari da. Saharatik Euskal Herriko familietara etortzean, familiek izugarrizko maitasun eta txera handia hartzen die haurrei eta beraiekin dauden hilabete horretan bere seme–alabak izango balira bezala tratatzen dituzte. Gainera familiek neska–mutilak bueltatzerakoan, maleta jakiekin bete eta dirua ematen diete. Baina, diru hori soilik haurraren familiarendako bideratua dago eta honek besteekiko desoreka handia sortzen du.

Nolakoa da beraien eguneroko bizimodua?

Beraien bizimoduak ez dauka gurearekiko desberdintasun handirik, nahiz eta jendeak kontrakoa pentsatu. Umeak, hemen bezala, eskolara joaten dira. Bitartean, amak etxeko lanekin eta animaliekin arduratzen dira. Adibidez, ahuntzak dituzten familiek, ahuntzak jetzi eta esnea urarekin nahasten dute familia guztiarentzat. Baina, bada beraien bizimodua gogorragoa egiten duen zerbait: beroa. Bero horren zati handi bat hareak eragiten du. Adibidez, guk bertara bidaiatzean ezin gara oinutsik ibili. Umeak, berriz, egoera hartara ohituta daude; alde batetik, ez dutelako oinetakorik, eta bestalde, beraien oinazpia oso sendoa dutelako. Ondorioz, ez dute ia bero hori sumatzen. Honetaz guztiaz gain, bada gure ohiturekin zerikusirik ez duen zerbait; txiki–txikitatik haurrak nagusien solasaldietan parte hartzera ohituta daude. Gainera, beraien iritzia kontuan hartu eta baloratua izaten da.

Guk, gazteok, zer egin dezakegu egoera hobetzeko?

Oso garrantzitsua da guretzat gazteen inplikazioa elkarteko ekintza, egitasmo eta bileretan. Zeuek ideia berritzaileak –helduoi burutik pasatzen ere ez zaizkigunak– transmititu ditzakezue. Halaber, ikas–bidaia, eta orokorrean, bertara laguntzera joatea oso interesgarria iruditzen zaigu. Badira aurreko urteetan joan diren ikasle talde batzuk. Euren problematika, hau da, bertan bizi duten egoera latza ezagutu dute. Gainera, hemen pentsatutako proiektu batzuk bertan aurrera eramateko asmoarekin joaten dira (eskola–pintaketak, garbiketa?). Adibidez, bergararren kasuan, ume elbarrituekin egindako proiektuak ikustera eta laguntzera joan dira. Beraz, animo!

Etorkizunera begiratuz, nola antolatzen dute herria, bereziki gazteek?

Eurak baliabide gutxirekin herri garatu bat eraikiaz doaz. Hezkuntzan, adibidez, guztiak eskolatuak daude, hau da, ez dago analfabetorik. Gainera, haur guztiek dute haur hezkuntza eta lehen hezkuntza egiteko aukera. Ondoren, Kuba, Libia eta Aljeriara joaten dira maila altuagoko ikasketak egitera. Behin ikasketa denak amaitu dituztenean, beraien herrira bueltatzen dira. Baina, nahiz eta ikasketak eduki, Saharatik irten ezean herrialdeak ez die lan aukera handirik eskaintzen. Badira bizimodu hobe baten bila bertatik irtetera animatzen diren gutxi batzuk. Tamalez, bide hori hartuz gero, paper gehiegi egitera behartuta daude, eta hori bete ezin dutenen irtenbide bakarra pateraz etortzea izaten da.

Administrazioari dagokionez, antolamendu finko bat daukate. Hala ere, askotan, bertara joateko bide militarrak erabili behar izaten dira, adibidez, hegazkinak.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

Oso ilun, egia esan. Sahara oso lurralde aberatsa da (arrantza–gune onenak, petrolioa, beste lehengai baliotsu asko...); beraz, Marokok interes handia dauka lur horiek mantentzeko eta ez du etsiko, kontrol izugarria baitu. Kontuan hartu beharrekoa da Marokoren aurrekontuen erdia Maroko eta Sahara banatzen duen harresian inbertitzen dela. Gainera, Europak oso erlazio ona dauka Marokorekin, honek ere interes hutsengatik; beraz, guztiz inplikatuta dago nahaspila honetan. Hau guztia kontuan hartuta, saharar herria oso egoera konplikatuan dago independentzia lortzeko, eta momentu honetan, beraien buruetatik pasatzen den gauza bakarra berriz ere gerra hastea da.