Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Naiara Etxepeteleku eta Nerea Fernandez. (Biologian lizentziatuak): Asko falta zaigu iraunkortasun egoerara iristeko
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Aztarna ekologikoa tailerreko tutoreak izan zarete aurten. Kontatuko diezue gure irakurleei zertan datzan proiektua?
Nerea: Noski. Hasteko, bi talde egin ziren, bata Bizkaikoa eta bestea berriz, Gipuzkoakoa; eta lurralde bakoitzean ikastetxe bana aukeratu ziren. Hala, Bizkaiko taldea Sopelaraino mugitu zen eta bertako Ander Deuna ikastetxean behaketa lan bat egiko; gu berriz, –Gipuzkoako taldea– Donostiako Amara Berri ikastetxeraino gerturatu eta bertan finkatu dugu gure lana.
Naiara: Bai, eta ikerketak arlo ezberdinak jasotzen ditu bere barruan. Modu horretan energia, material didaktikoa, hondakin, elikadura eta garraioaren gainean ikastetxeak dauzkan ohiturak behatu behar genituen talde bakoitzak. Adibidez, gela batetan inortxo ere ez dagoenean argiak itzaltzen ote diren, edota ongi birziklatzen den eta ikasleei horretarako aukera eskaintzen zaien, edo ikasle eta irakasleak ikastetxera iristeko oinez joaten diren, garraio publikoa baliatzen duten edota auto pribatuan gerturatzen ote diren... Eta guzti horrek sortarazten duen inpaktua behatu eta gutxitzeko gomendioak ematea izan da asmoa. Izan ere, jendea sentsibilizatu nahi da tailer honen bitartez.
Eta zein ondorio atera dituzue?
Nerea: Egia da akatsak ateratzera joan ginela ikastetxera, baina bide onean daudela ikusi dugu nahiz eta oraindik alor askotan teoria aplikatzea falta zaien. Adibidez, elikadura mailan, sortzen diren hondakinak bereiztea, eta modu ona izan liteke ikasleek eurek burutzea lan hori. Gauzak beti hobetu daitezke, eta asko falta da iraunkortasun egoerara iristeko.
Naiara: Zalantza barik geroz eta kontzientziatuago gaude horrelako gaien inguruan, eta gaur egun jasotzen diren eraikinak ere, oro har, prestatuago daudela esango nuke fakultate zahar batekin alderatuta, esaterako. Eta horren barruan, Donostiako kasuan beste ekimenen artean, kontsumo baxuko bonbillak erabiltzen zein ahalik eta energia gutxien gastatzen saiatzen direla ikusi dugu, baina esandakoa, oraindik bide luzea dute egiteko.
Etorkizunera begira orduan positiboak izan gaitezke?
Nerea: Nik uste dut baietz. Ematen ari diren urratsak oso onak dira eta ez soilik ikastetxe moduan hitz eginda. Hau da, ikasleei txikitatik nola jokatu irakasten zaie eta ziur aski nagusitzerakoan bide horixe jarraituko dute, eta haien seme–alabei ere irakatsiko dizkiete ohitura on horiek.
Naiara: Hori da, eta gainera positiboagoa da haurrekin lan egitea, helduekin baino. Hots, guk iazko tailerrean parte hartu genuen eta Portugaleteko Nautika Eskolara joan ginen ikerketa egitera eta ez genuen iraunkortasunarekin lotutako ekimenik ikusi –eta hau normalean fakultate gehienetan ematen da. Bestelako ikastetxeetan aldiz, iniziatibak egon badaudela ikusi dugu eta irakasleak saiatzen dira neska–mutikoak txikitatik inplikatzen.
Bitxikeria gisa, ikertu berri duzuen ikastetxea hezkuntza sistema aldetik apur bat desberdina da, esaterako, ikasleek ez dituzte liburuak erabiltzen. Hori, aztarna ekologikoaren aldetik begiratuz gero, ona edo txarra al da?
Nerea: Nolabaiteko eragina dauka, batez ere paperaren kontsumoari dagokionez. Esan bezala, ez dituzte liburuak erabiltzen, eta ikasgaiak praktika bitartez irakasten zaizkie ikasleei, baita fotokopiak emanaz ere. Beraz, esango genuke ikasliburuak ez erabiltzean aztarna ekologikoa baxuagoa izango dela.
Naiara: Bai, nahiz eta papera erabili, material didaktikoa ez denez urtero berritzen, Nereak esan bezala aztarna txikiagoa izango da. Eta bestaldetik eta gaiz aldatuz, oso interesgarria iruditzen zait Amara–Berriren kasuan darabilten hezkuntza modelo hori.
Zein berezitasun ikusi diozu bada?
Naiara: Besteen artean, gela guztiak irekita daude uneoro eta neska–mutilak toki horietatik sartu eta irten egiten dira nahi dutenean. Nire ikastetxean ezinezkoa izango litzateke; Amara–Berriko kasuan, gizalegezko jarrera handiagoa daukatela iruditu zait.
Naiara: Eta bazkalostean ordu erdi libre edukitzen dute, eta nahi izanez gero jolastera joan daitezke, edota ekintza antolatuetan parte hartu eta ikusi ahal izan dugunez, horietan esku hartzen du gehiengoak! Batzuk gimnasia egiten ikusi genituen, besteak irakurtzen...
Nerea: Bai, eta gainera maila ezberdineko ikasleek ekintza ugari burutzen dituzte batera, eta nagusiak txikiari laguntzen dio. Benetan interesgarria da!
Aztarna Ekologikoari berriro helduz, aurtengoa ez da gai honekin eduki duzuen aurreneko harremana.
Naiara: Iaz ere aritu ginen, baina kasu hartan ikerlari moduan eta aurten berriz, tutore gisa. Aurreneko esperientzia hark asko lagundu digu aurtengo egitasmoa aurrera eramateko orduan, nire burua prestatuago ikusi baitut. Bizitza pertsonalean ere eduki du eragina eta baliagarria suertatu zait “aztarna ekologikoa” kontzeptua deskubritzea.
Nerea: Erronka berri bat zen niretzako tutore moduan aritzea, baina pozik egin dut lan hau, garrantzitsua baita denon etorkizunerako aztarna ekologikoari buruzko kontzientzia edukitzea.
Baina esan iezaguzue, zein desberdintasun ikusi duzue iazko Nautika Eskola eta aurtengo ikastetxearen artean?
Naiara: Iazkoa oso eraikuntza handia eta zaharra da eta aztarna ekologikoa ikaragarria dela ondorioztatu genuen. Kontuan hartu behar da Nautika Eskolan geroz eta ikasle gutxiago dabiltzala; orain zenbait urte toki erreferentea zena gaur egun ixteko zorian dago. Ia inork erabiltzen ez duen toki bat izanda ere, argiak beti piztuta zeuden, egin kontu!
Nerea: Bai, eta ez du merezi horrelako eraikina mantentzea horren ikasle gutxi edukita energia kontsumoari dagokionez, handia da daukaten gastua.
Naiara: Hori da, eta aurtengo ikastetxea berriagoa izanda prestatuago daude bide egokitik joateko. Hau da, energia sortzeko 200 eguzki plaka baino gehiago dituzte, kontsumo baxuko bonbillak baliatzen dituzte, ikasleek birziklatzeko edukiontziak gela guztietan dauzkate...
Nerea: Baina esan dugun bezala, oraindik gauza ugari hobetu behar dira egoera ahalik eta onena izateko.
Amaitzeko, Aztarna Ekologikoaren barruan arlo ezberdinak jorratu dituzue –energia, material didaktikoa, hondakinak, elikadura eta garraioa. Baina, zein da zuentzako garrantzitsuena?
Naiara: Zalantzarik gabe, energia. Nik uste dut energia aurrezten ikasi behar dugula guztiok. Izan ere, unitate didaktikoak esaterako, moduren batean edo bestean erabili egiten dira ikastetxeetan, eta kontrara, ez gara konturatzen zenbat argi, ur edota gasolio baliatzen dugun, adibidez.
Nerea: Argia itzali, ordenagailuak standby moduan utzi... denok egin beharko genituzkeen gauzak dira, baita ikastetxeetan ere. Gainera, ingurugiroarentzako ona den moduan, gure poltsikoei ere eragiten diete halako ekimenek eta aurrezteko modu bat ere bada. Naiara Etxepeteleku eta Nerea Fernandez (Gipuzkoarrak) Nafarroa Beherekoa Gauza ugari dituzte komunean Naiarak eta Nereak: biek 25 urte dituzte eta biologian lizentziatuak dira. Oiartzuarra da Naiara eta lizentziatura amaitu zuenean master bat burutu eta gaur egun lanean ari da. Nerea berriz, irundarra da eta lizentziatura amaitu berri du. Gainera, biak ala biak Eusko Ikaskuntzak abiatutako Aztarna Ekologikoa proiektuan parte hartu dute, bai 2008 eta baita 2009an ere.