Euskonews Gaztea
Gaiak: Zarautz, Aztarna Ekologikoaren aterpe
Eusko Ikaskuntzaren Gazteria Saila
Iragan den azaroaren 6an “Aztarna Ekologikoa, asko dugu esateko” proiektuko bi taldeak Zarauzko aterpetxean elkartu ziren talde bakoitzak bere lurrandean egindako lana aurkezteko xedez Guztira, 17 gazte bildu ziren. Gipuzkoako taldeak Donostiako Amara Berri ikastetxeko Aztarna Ekologikoa kalkulatu zuen eta Bizkaiko taldeak aldiz, Sopelako Ander Deuna ikastetxekoa. Aterpetxe honetako egonaldia proiektuaren azkenaurreko fasea zen eta helburua, talde bakoitzak egindako lana besteei aurkeztea eta ondoren bien arteko alderaketa bat egitea zen; azkenik, talde bakoitzak aztertutako ikastetxera gomendio batzuk eramateko.
Ostiralean, iritsi bezain pronto, taldekide guztiak afaltzera joan ziren eta bertan lehen hartu emanak uztartzen hasi ziren. Nongoa zen bakoitza, zergatik hartu zuten parte proiektu honetan, nola izan zuten ekimen honen berri? Larunbatean, lan ugari
Hurrengo egunean, goizeko 10:00etan lanean hasteko garaia iritsi zen. Zarauzko aterpetxeko Plazaola aretoan Bizkaiko taldea euren lana aurkezten hasi zen. Bikote bakoitzak egiten zuen aurkezpenari, poliki poliki beste partaideek euren iritziak gehitzen zizkieten. Ondoren Gipuzkoako taldearen txanda iritsi zen eta bikoteek egindako lana aurkeztu zuten: energia aztarna, hondakinen aztarna, ikasmaterialaren aztarna, garraio aztarna eta jakien aztarna. Galderen txanda amaitzean bazkalordua iritsi zen eta ondoren haizea hartzeko denbora pixka bat izan zuten parte hartzaileek.
Aisialdirako denbora ere tartekatu zuten eta modu honetan, larunbat arratsaldean kirol eta jolasetarako aukera eduki zuten gazteek. Bazirudien gutxi batzuk, nagitasunak gaindituta ez zutela korrika egiteko gogo handirik. Hala ere Xiba enpresako dinamizatzaileek berehala aktibatu eta berotu zituzten artean bildutakoak eta parte hartzaileek euskal joko eta jolasak praktikatzeko beta eduki zuten: sokatira, harri jasotzea, txingak, giza froga eta toka norgehiagoak izan zituzten besteak beste.
Eguraldiak ez zuen batere lagundu, beraz, aterpetxeko gimnasioan egin behar izan zituzten ekitaldiak. Hala ere, elkar ezagutzeko eta lotsa galtzeko bidea izan zen. Gipuzkoarrek eta bizkaitarraek irabazteko eta galtzeko aukerak izan zituzten eta ezin esan daiteke orokorrean lurralde batetako ordezkariak irabazle izan zirenik, denetarako aukerak izan baitzituzten. Igandean, ondorioak
Proiektuaren zatirik garrantzitsuena ordea, igande goizean izan zen. Gipuzkoako bikote bakoitzak egindako lana Bizkaiko taldeko bikoteek egindakoarekin alderatu zuten. Horrela, ikastetxe bakoitzean hobetu zitezkeen aktibitate eta gabeziak agerian gelditu ziren eta bileraren amaierarako Gipuzkoako nahiz Bizkaiko taldeek bakoitzak euren ikastetxeetara gomendio sorta bat eramateko konpromisoa hartu zuten.
Dena zehaztu ostean, azkeneko aldiz elkarrekin bazkaldu zuten eta egonaldiari amaiera eman zitzaion horrela. Nork daki, agian hurrengo proiekturen batean elkartzen da berriz ere.