510 Zenbakia 2009-11-27 / 2009-12-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gazte Foroan barrena

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Eusko Ikaskuntzaren XVII. kongresua Gizarte aurrerapen iraunkorrerako berrikuntza lelopean burutu zen 2009ko azaroaren 18tik 20ra bitartean Gasteizko Europa Jauregian. Egun horietan, eta kongresuko ardatz berdinak jarraituz, Gazte Foroa egin zuten, hau da, gazteei zuzendutako kongresu paralelo bat. Gazte Foroko parte hartzaileak akreditazio eta Euskal Herriko hainbat unibertsitateetatik Arabako hiribururaino gerturatutako parte hartzaileak asko izan ziren. Ez da nolanahiko zifra, antolatzaileek jakinarazi zutenez, 300 neska–mutil baino gehiagok aprobetxatu zuten okasioa jendaurrean beraien lanak aurkezteko. Horrez gain, gainerakoen azalpenak arretaz entzun eta hainbat ideien gainean eztabaidatu zuten, errespetuz, baina ezer gorde gabe.

Hirurehun ikasle, 60 lan eta 24 irakasle. Horiek izan dira Gazte Foro honetako datu esanguratsuenak. Taldeetan banatuta eta irakaslearen laguntzarekin, gustuko gai bat aukeratu, lana burutu eta kongresu batean parte hartzera animatu dira. Gehienentzako aurreneko aldia izan da horrelako ekimen batetan parte hartzen zutela; baina ez ziren kikildu, eta burua tente zutela irten ziren jendaurrera, eginikoa gainerakoei jakinaraztera.

Batzuek Berrikuntza izan dute hizpide, Bizi Kalitatea besteek, edota Genero Sistemak, Gizarte Solidarioa, Gizarte Memoria, Globalizazioa, zein Justizia ardatz hartuta aritu dira gainerakoak. Eta txaloak jaso dituzte. Gazteak dira, zer esan daukate, eta nabaritu egiten da. Ikasleak hizlari

Nahia Belloso eta Oroitz Sanchezek Gizarte Solidarioaren ardatzean hartu zuten parte. Ngeya eta Ixiar deituriko lan bat aurkeztu zuten; ohiko formatutik aldendu nahian, ipuin formatuan idatzi dute lana. Gazte Foroan bizitakoaren berri eman digute. “Esperientzia berri bat bizitzeko gogoz animatu ginen, ez baikara inoiz horrelako ekimen batetan egon. Gure ardatza Solidaritatea izan arren, gai nagusia bidezko merkataritza izan da. Horretarako eta eramangarriagoa egiteko, ipuin moduan burutu dugu lana”.

Nahiak eta Oroitzek ume etorkin baten istorioa kontatu nahi izan dute, bertako haur baten ikuspuntutik landuta. Gurera iritsitako mutikoak bere herrialdean jasandako egoeraren berri ematen da bertan. “Batez ere islatzen duguna haur etorkina bere herrian lanean ibili dela, esplotatu egin dutela eta tratu txarrak jasan dituela da. Gainera, bi umeek gauza ezberdinak baloratzen dituztela azpimarratzen dugu ipuinean. Eskubideen gainean hitz egin nahi izan dugu.”

Bi neskei agur esan eta beste parte hartzaile batekin hitz egin dugu; Boris Rekagorri da bere izena. “Unibertsitatean irakasleak kongresu honen gaineko informazioa eman, eta parte hartzeko aukera geneukala esan zigun. Horretarako lan bat egin behar genuela–eta, Berrikuntza ardatza jorratzea erabaki genuen; hala, gaur eguneko kontsumo portaeretan ematen diren aldaketak azaltzen saiatu gara. Ikusi dugu krisiak eragina eduki duela kontsumo ohituretan, eta besteen artean, publizitateak eta globalizazioak kontsumitzera behartzen gaituztela. Kontsumo kultura batetan bizi gara eta produzitzen dena kontsumitzeko da, horrela etengabe.”

Gazteei 2009an zuzendu zaien Gazte Foroan parte hartu dutenak gustura geratu dira ekimenarekin. Esperientzia hartu dute, eta nork daki, agian hurrengo hitzorduan elkar ikusiko dute berriz ere. Ezen ateak irekita izango dituzte.