509 Zenbakia 2009-11-20 / 2009-11-27
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta eta Eusko Ikaskuntzaren laguntzarekin, Parte hartuz erabakitzen duzu ekimena burutu zen 2009ko azaroaren 12an Donostian eta bertan parte hartu zutenen artean Euskal Herriko Unibertsitatean Zientzia Politikoak edota Soziologia ikasten diharduten taldetxoa zegoen; azken horretako kidea da Ander Urbina eta Euskonews Gaztearekin hitz egitera animatu zen.
“Soziologian Politika klase bat daukagu eta aukera eman ziguten eta taldetxo bat animatu gara etortzera. Benetan interesgarria iruditzen zait halako ekimenak martxan jartzea, eta gainera, lantaldeetan ondorioak ateratzen saiatzea. Noski, agian sakontasun handiagoarekin landu edo puntu berriak jorratzen saiatu beharko ginateke: zergatik dagoen gazteen desinteres hau, nondik datorren...”
Aztikerreko lagunek egindako ikerketatik berarentzako daturik deigarrienak esateko eskatu diogu donostiar gazteari. “Horrelako zerbait espero nuen arren, niretzako datu deigarriena politikariei eman dioten nota baxua dela esango nuke. Eta horrekin lotuta, politiko konfiantza eza, eta politikarekiko desinteresa.”
Izan ere, aipatzekoa da, Aztikerrek eginiko ikerketaren emaitzek adierazten dutena: galdekatutako 1652 pertsonetatik, hiru laurdenak politikarekiko interes gutxi edo batere ez daukala adierazi duela, eta soilik laurdenak baino zerbait gehiagok erakutsi duela interesa.
Hizketan jarraitu dugu eta soziologia ikasle den aldetik, ikerketan agertutako “ez dakit” erantzunen gainean esatekorik ote duen galdetu diogu. “Jakin badakigu politikak ez duela interes handirik pizten, eta ikerketa burutzeko eginiko galdera askori ez dakit erantzun diotenak ere ez dira gutxi izan. Badirudi ez zaiela ezer inporta, eta agian horrek kezkatzen nau gehien, axolagabekeriak.” Baina politikarekiko interes falta horren kontran, bestelako gizarte gaiei ematen dieten balorazio positiboa dagoela ahaztu gabe.
“Gai batzuekiko arduragabetasun horren atzean argi garbi ikusten dut frustrazio bat dagoela; pentsatu galdeketa egiten dizutela eta zure iritzia eman ostean ez duzu emaitzan eraginik izan duenik ikusten, ezta kontuan hartu dutenik ere. Noski, gauzak ez dira irtengo beti guk nahi bezala, eta hori jakin egin behar dugu, bai gazteok eta baita helduek ere”.