509 Zenbakia 2009-11-20 / 2009-11-27
Gipuzkoako Gazteak eta Politika, 2009 izan da egin duzuen azken ikerlana. Kontaiguzu zer den.
Gipuzkoako Diputaziotik lehiaketa bat jarri zuten martxan, eta guri eman ziguten azkenean lana egiteko ardura. Beraiekin hitz egin genuen eta bazeukaten kezka bat; izan ere, orokorrean gizartea eta politikaren artean aldentze bat bazegoela ikusten zuten. Aurretik egindako beste ikerketa batzuek ere horixe adierazten zuten, eta gazteen artean joera berdina zela ikusi zuten. Abiapuntu horretatik, guzti horren azpian zer zegoen aztertzea zen egin ziguten eskaera: interes eza nondik datorren, politikarekiko harremana, gizartea aldatzen denez horrek nola eragiten duen begiratzea...
Hala diseinatu genuen gure azterketa. Bi atal ditu, alde kualitatiboa eta kuantitatiboa. Gainera guk ere interes hori geneukala aipatu nahiko nuke, hau da, ez geratzea zundaketa huts batekin, baizik eta barneko joeren ikuspegia lantzea.
Eta lan mardula atera zaizue!
Oso mardula, bai. Sakona izan da, eta hustu egin garela aitortzen dut, ezen lanbidea ezik, gurea bokazioa ere bada eta lan honetan islatzen dugu hori; gainera, bereziki benetako interesa sortzen zigun gaia zen.
Denbora aldetik hilabeteak behar izan ditugu amaitzeko. Maiatza aldean lehiaketa izan zen, eta lan kualitatiboa beranduxeago iritsi zen, hau da, inkestak egitea. Gainera, denbora ugari eraman zigun beste gai bat elkarrizketa sakonak prestatzea izan zen, galdera egokiak bilatu behar baikenituen. Ondoren txostena egin dugu.
Gazteengana jo duzue erantzun eske.
Ikerketa kualitatiboa –eztabaida taldeak eta elkarrizketa sakonak– egiteko orduan zalantza eduki genuen ea soilik 15–29 urte bitartekoetan oinarritu ala ez, eta azkenean 15–34ra zabaldu genuen. Batez ere 30 urte azpikoengan geneukan interesa, baina eztabaida taldeetako bat 30 urtetik gorakoentzat izatea erabaki zen.
Hala ere, ikerketan aurrera egin ahala ohartu ginen talde horretako jendeak gazteez hirugarren pertsonan hitz egiten zutela. Alde batetik, adin psikologikoa dago, baita adin soziala ere –gizarteak gazte izatea zer kontsideratzen duen. Zer zegoen ikusita, 15–29 urte bitarteko neska–mutiletara mugatu genuen inkesta.
Emaitzei begiratu diezaiegun. Orokorrean hitz eginda, zein da gaur egungo gazteen jaidura?
Gaur egun joera bat ematen ari dela sumatzen dugu; eta ez dut uste ezer berririk aurkitu dugunik, baina egia da egoera hori nabarmentzen dugula ikerketan. Gipuzkoako gazteen artean ere berdina gertatzen ari da, eta guk indibidualizazioaren joera deitu diogu.
Baina ez da indibidualismo hutsaren sinonimoa, hau da, balio, helburu eta aspirazio pertsonalek gaina hartzen diotela zentzu kolektibo batean planteatzen diren egitasmoei. Bestelakoa da egoera; gizarte parte hartzea hobetsi egiten da, baina aldi berean norberak konpromisoa hartu eta inplikatzeko joera ahulagoa da beste garai batzuetan baino.
Bestalde, oraindik badago gizarte bokazio handia erakusten duen gazte multzoa, eta hori ere baloratu behar da zalantza barik. Iragan hurbil batean, ideologiek indarra zeukaten jendartean, eta agian gaur egun zilegitasun handiagoa daukate termino indibidualago edo pertsonalago batetan egiten diren narrazioek. Eta ikusten ari garena, bakoitzak bere bizitzarekin norbere borondate eta nahien arabera antolatzearen baloreak indar gehiago daukatela da eta bestelako gauzek balioa galtzen dutela.
Politikariei, adibidez, nota baxua jarri diete ezta?
Hala da. Gazteek oso urruti ikusten dute politika, eta gainera espezializazio edota lanbide gisa kontsideratzen dute, hau da, politika politikarientzako soilik izango balitz bezala. Zentzu horretan, politikarien irudia oso ahulduta agertzen da eta gainera, gazteek oso itxura txarra hartzen dietela ageri zaigu ikerketan; neurri batean espero genuen arren, egia da harritu gaituela nota baxua emate hori horren orokorra izateak.
Frustrazioak eraginda gertatu ote da?
Izan daiteke. Baina arrazoiak bilatzerakoan denetarik egongo dela iruditzen zait. Esaterako, indibidualizazioak politikarekiko urruntasunean eragiten du zuzenean; eta irudi txarraren gainean, arrazoiarekin pentsatuko dute maiz hori, eta besteetan gai horrekin asper–asper eginda daudelako.
Nork eman beharko luke egoera aldatzeko lehenengo urratsa?
Galdera potoloena egin didazu! (barre) Ez ditugu erantzun guztiak, baina ikerketa honekin nabarmendu gura genuen hausnarketa hori egiteko oinarri oso majoa egon zitekeela. Zer ari da gertatzen gaurko gazteekin? Indibidualista eta berekoi hutsak dira edo gaurko politikagintzarekin talka egiten duten bestelako ikuspegi eta baloreak adierazten dituzte?
Alde batetik, inongo konplexurik gabe termino indibidualetan planteatzen diren galderak daude, baina kontuan hartzekoa da, dena ez dela berekoikeria, eta politikara gerturatzeko bestelako begirada bat dagoela. Horretan balio pertsonalek garrantzia hartzen dute: errealizazioa eta garapen pertsonala, norbere hitzaren defentsa eta bakoitzak ahotsa edukitzeak, esaterako.
Eta maiz talka egiten dute alderdi politikoen irudiarekin, besteek erabakiak hartu behar izate horrek norberaren askatasunaren galera dakarrela pentsatzen baita. Maila batean hausnarketa hortik bideratu behar dela deritzogu, gazteen begirada nolakoa den ulertu eta gaur egun zer nolako politikagintza eredua beharko litzatekeen begiratu. Ez litzateke soilik marketin asuntoa, sakonagoa izan beharko luke eta horregatik, alderdiez kanpoko parte hartze politiko zuzenagoen norabidean erantzunik topa daitekeen hausnartzera animatzen dugu jendea.
Bestalde, nabaritu al duzue joera desberdinik toki batetik bestera zein adinaren edota generoaren arabera?
Zerbait igarri dugu, orokorrean aipatu dugun joera da nagusi, baina egia da bestalde, taldeen arabera desberdintasunak egon badaudela. Esaterako, emakumeek ardura gehixeago adierazten dute gizarte arazoen gainean, ikasketa maila altuak dituztenengan ere bestelako ikuspuntua dago, euskal eremuko jendartean zein herri txikietan inplikazioa handiago dela ikusten da... Baina ez dira oso nabarmenak joera horiek, beti ere maila xumean ematen dira.
Eta politikaz ez bada, orduan beste zerbaitez arduratzen al dira?
Alderdi politikoekin zerikusia duten adierazleek balorazio apala ateratzen dute, baina helburu sozialagoak dituztenei aldiz, bestelako puntuaketa ematen diete. Euskararekin lotutako elkarteei balorazioa altua lortzen dute; aisialdi edota xede zehatz batzuk lortzeko elkarteek ere nota ona ateratzen dute; izaera aldarrikatzailea daukatenak –homosexualen edota emakumeen aldeko taldeak kasu– oso ongi ikusiak dira. Baina orain arte erakunde klasikoak izan direnek –sindikatuak, elizarekin lotutakoak eta batez ere, politikoak– emaitza kaxkarrak lortzen dituzte. Orduan, aldaketa nabarmena eman dela ukaezina da, baina beste gauza batzuekiko interesik eta inplikaziorik ez daukatenik ezin da esan.
Orduan, diozunaren harira, katastrofiko hutsak ere ezin gara izan...
Ikerketaren emaitzak publikatu eta hedabideetan zer–nolako titularrak ziren nagusi ikusita, badirudi batzuetan hondamendi moduan zabaltzen dituztela berriak. Nire ikuspuntutik behintzat ez da horrenbesterako, batetik ikusten dugulako nolabaiteko inplikazio maila badagoela eta hori ezin da gutxietsi. Bestetik parte hartze sozialaren baloreek zer–nolako onespena daukaten ere garrantzitsua da; baita demokrazia parte hartzailearen ereduetan esku hartzen dutenen datu txukuna ere.
Baloratu behar diren eta garrantzia eman behar zaien gauzak daude eta gazteak ez dira axolagabe hutsak. Hausnarketak beste bide batetik joan beharko luke; egia da balio pertsonalak gailentzen direla, baina hori kontraesanean al dago gizarte ardura eta konpromiso kolektiboekin? Agian orain arte politikara hurbiltzeko erabili diren bitartekoek –alderdiak kasu– beste zeregin batzuk betetzen dituzte eta bestelako bideak bilatu beharko dira. Azterketa kuantitatiboa ikusteko, sakatu hemen Igor Ortega (Hondarribia, 1975) Gipuzkoar honek Hondarribian eman ditu bere bizitzako urte gehienak, baina gaur egun Donostian bizi da. Goi Mailako ikasketez Soziologian lizentziatua, horretan dihardu lanean. Orain urte batzuetatik Aztiker enpresako langilea da, eta besteen artean, Gipuzkoako Gazteak eta Politika (2009) ikerketan parte hartu du.