509 Zenbakia 2009-11-20 / 2009-11-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: Berbakeita, gazteak eta komunikabideak

ESTARRONA ELIZONDO, Itsaso

Euskadiko Gazteria Kontseilua, Komunikazio arduraduna



“Oiongo motorzale gazte bat hil da Logroñon, istripuz”. Gazteria eta komunikabideak. Bikote berezia, agian. “El joven apuñalado el viernes fue a consecuencia de un "pique de tr?fico". Lainoak bezala, egonezina sortzen diguna. “Denidos ocho j?venes acusados de violar a una joven en Barañain”. Badaude beste pareja batzuk gure arreta hainbeste pizten ez dutenak: Helduak eta komunikazioa. Jaioberriak eta hedabideak. “Euroguneko bost gaztetik bat langabezian dago” Ordea, Gazteak eta komunikabideak... horrek lanbroak bezala astintzen gaitu. “Adictos al humo”. Ez da beti erraza egun eguzkitsu bat iragartzen duen ala nahaspila dakarren jakitea; “Irakiten ari den sorkuntza gaztea”. Non jaio den, nola. Baina, nork ez du inoiz bikote honen berezitasuna sentitu? “Bi Harriz Lau Xori jaialdiak euskal kultura gaztea hurbilduko du Biarritzera”. “20 urteko Basauriko gaztea hil da auto istripuan, Galdakaon” “Queremos trabajar”. “Gazteek nahiago dituzte bideojokoak, telebista baino”.

Kafe baten berotasunean, honi guztiari buruz hitz egin nahi dugu.

Horretarako, Berbakeita ekimena antolatu dugu. –Berba, hitza. Akeita, kafea. Guztira, hiru saio antolatu ditugu. Bat Bilbon (azaroaren 25ean, asteazkena, Boluntan), beste bat Donostian (26an, osteguna, CRAJen) eta hirugarren bat Gasteizen (27an, ostirala, Landatxo/El Campillon); denak arratsaldeko 19.00etan.

Saio bakoitzean 16 parte–hartzaile egongo dira: elkarteetako lau gazte, erakunde eta elkartetan ez–antolatutako beste lau, lau kazetari eta lau gazteria–teknikari edo politikari. Horietaz gain, mahai bakoitzean dinamizatzaile bat egongo da, eztabaida gidatzen; eta mahaiko perfil ezberdinetako lau pertsona eseriko dira. Inork ez du jakingo ondoan duena politikaria edo gazte–antolatua den. Horrela, aurreiritzirik gabeko eztabaida erraztuko dugu.

Izan ere, kafetegi batean egin genezakeen eztabaidara hurbiltzeko asmoa dugu: giro erlaxatu batean hitz egin, presiorik gabe eta amankomuneko une batean. Hori da–eta world–kafearen filosofia; eta horreek, elkarrizketa atsegina bideratzeaz gain, sare ez–formaletan sortzen diren eztabaidak eta ekimenak balioesten ditu. Elkarrizketa eta talde–lana balioesten ditu.

Beraz, “Gazteak eta komunikabideak”. Asko dira gure buruari egin diezazkiogun galderak:

“Gazte” hitzak, noiz laguntzen du informazioa hobeto ulertzen/argitzen eta noiz ez?

Zein paper betetzen dute jendarte–eragile ezberdinek gazteriaren inguruko iritziaren eta irudien sorkuntzan? “Gazte–elkarteek lortzen al dute hedabideetan bere ahotsa entzunaraztea?

Komunikabideek gazteen jarrerak islatzen dituzte... edo komunikabideek islatzen dituzten jarrerak bereganatzen dituzte gazteek?

Elkarrekin erantzunak aztertzen saiatuko gara. Ondoren, uztaren berri emango dizuegu. Parte hartu nahi baduzu, idatziguzu: komunika@egk.org.