510 Zenbakia 2009-11-27 / 2009-12-04
Gazte Foroa koordinatzen ibili zara. Azalduko al diguzu zer den?
Eusko Ikaskuntzaren Gazteria sailetik antolatutako proiektua izan da; orain zenbait urte ikusi zen bazkide gazteen interesei erantzuten zien zerbait eskaini behar zitzaiela. Erantzuna bilatze asmotan bilerak egin ziren lurralde bakoitzean, ideiak bota eta zenbait proiektu atera ziren; horietariko bat Eusko Ikaskuntzaren Kongresuen kongresu paraleloak burutzea izan zen. Modu horretan sortu zen Gazte Foroa.
Eta zein desberdintasun eduki ditu ohiko kongresuarekin alderatuta?
Kongresu paralelo honek dinamika ezberdina jarraitu du, parte hartzeari dagokionez, esaterako. Izan ere, unibertsitateetako neska–mutilek taldeka egin behar zituzten lanak, beti ere irakasleek koordinatu edota lagunduta. Amaia, koordinatzaileetariko batekin.
Baina noski, nire lana hilabete batzuk lehenago hasi zen, maiatza inguruan kontaktuan jarri bainintzen unibertsitate ezberdinetako irakasleekin, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu nizkien. Eusko Ikaskuntzaren XVII. kongresuak –eta bide batez, Gazte Foroak– jarraituko zituen bederatzi ardatzen berri eman nien eta irailean ikasturte berria hastearekin batera, ikasleei horietariko bat aukeratzea eta lan bat burutu zezatela eskatu behar zietela esan nien. Ondoren, guztiak jaso nituen, eta eguna iristerako dena prest geneukan.
Hala ere, bederatzitik zazpi ardatz jorratu dituzue soilik.
Azkenean ezin izan ditugu arlo guztiak landu, eta pena ematen dit. Irakasle eta ikasleen esku utzi genuen zein ardatzetan lan egin nahi zuten erabakitzea, eta Gazte Foroa baino hilabete lehenago ohartu ginen bi ardatz bete gabe geratu zirela, Guztionari balio handiagoa ematea, eta Gizarte tentsioa, hain zuzen.
Baina beste guztietan parte hartze handia egon da, eta lanak askotarikoak izan dira; lehenengo mailako ikasleek parte hartu dute, baina baita karrera amaitzear dauden lagunek ere eta entregatutako lan guztiak benetan interesgarriak direla gaineratu nahiko nuke. Hirurehundik gora parte hartzaile eduki ditugu, eta 60 lan baino gehiago aurkeztu dituzte, 24 irakasleren gidaritzapean.
Eta zeintzuk izan dira gehien eta gutxien jorratutako gaiak? Gizarte solidarioaren ardatzak arrakasta eduki du eta horren barruan gazteek gehien landutako gaiak migrazioen ingurukoak izan dira; zergatik etortzen diren etorkinak, Euskal Herrian bizi dituzten baldintzak zeintzuk diren... Horretaz gain, emakumearen egoera beti suertatzen da erakargarri eta nabaritu egin dugu hori, askok aukeratu baitute horren gaineko ikerlana burutzea. Bestalde, Gizarte Memoria da lan gutxien jaso dituen ardatza, baina hala ere, maila benetan altua izan da; horren erakusgarri dugu, Ei Gazte! Sarietan Komunikazioa kategorian irabazi zuen lana bertatik irten zela.
Esaguzu, zer moduz portatu dira gazteak?
Primeran! Gure dinamika honakoa izan da; taldeka ateratzen ziren beraien lanak aurkeztera, eta gero ardatz bakoitzeko koordinatzaileen laguntzarekin –hauek ere gazteak, doktoretza prestatzen dihardutenak– eztabaida pizten zen gela bakoitzean. Ez dakit beste kongresuan zer–nolakoak izaten diren, baina Gazte Foroan benetan sutsuak izan direla aitortzen dut. Bakoitzak bere ikuspuntua ematen zuen, eta maiz kontrajarriak izan arren, beti ere errespetuz hitz egiten zuten.
Aztikerrek publikatutako ikerketa batek dio gazteek interes gutxi erakusten dutela gauzekiko...
Niretzako behintzat topiko hutsa da hori, ezen egin kontu, Gazte Foroan 300 gazte baino gehiago elkartu dira hiru egunetan zehar! Arrakasta ikusita, nik pentsatzen dut gazteek behar dutena plataformak edo estilo honetako foroak direla, eta egitura batzuk eskaintzen zaizkienean aprobetxatu egiten dituzte. Azken finean gogoa daukate hitz egiteko eta beraien ideiak aurkezteko, baina maiz ez dute aurkitzen nola egin hori. Gazteria Sailetik horixe eskaini nahi genien.
Hurrengora arte agur esan diogu Gazte Foroari. Zein sentsaziorekin geratu zara?
Eguna iritsi aurretik lan handia egin behar izan dut, bilerak, lan bilketa, datuen gainean egon... Baina oso gustura geratu naiz emaitza ikusita, eta merezi izan du esfortzu guztiak. Etorkizunera begira gainera, eskaerak jaso ditugu gazteen partetik. Besteak beste, gazteen artera ez ezik, kongresu orokorrera ere eraman nahi dituzte beraien lanak eta ideiak elkartrukatu.
Hala, hau hasiera besterik izan ez denaren sentipena eduki dut, proiektu ezberdin asko irten baitaitezke hemendik. Eta bide batez, gazteak animatu nahiko nituzke ikerketa mundura eta horrelako aukerak ematen zaizkienean, aprobetxa ditzatela.
Izan ona eta konta iezaguzu txutxu–mutxuren bat!
(barre) Autobusak jarri genituen Bilbo, Donostia zein Iru?etik Gasteizeraino, eta horrelako kasuetan beti pasatzen den moduan, berandu iristen ziren gure neska–mutilak eta urduri jartzen ginen! Edota Euskomediako lankideek bideoa grabatu behar zutenean jendea bilatu behar nien; kamera aurrean zein deseroso egoten direla ikusi dut, eta hori aurretik jende askoren aurrean aurkezten zutela beraien lana! Baina kongresu munduan aurreneko esperientzia izanik, gure asmoetariko bat beldurra gal zezatela izan da.
Gaiz aldatu, badirudi historiak ez zaituela aspertzen, doktoretza amaitzen zabiltza eta!
Txikitatik argi neukan historialaria izan nahi nuela; eta ez da gutxi horren argi edukitzea! Baina askorentzako ez da erakargarria suertatzen, eta ez dakit formula magikorik ote dagoen hori aldatzeko. Gainera, historialariok beti esaten dugu kazetariek lekua kentzen digutela (barre); baina egia da guk maiz oso zientifikoki idazten dugula eta agian hori aldatu beharko genuke. Hala ere, nire iritziz, historia berez da interesgarria, baina gaur eguneko gizartean askok pentsatzen dute zer ikasi erabakitzerakoan praktikoagoa den zerbaiten alde egin behar dutela. Historiak pentsatzen irakasten dizu eta hori ez da jende askok dakien zerbait; ikuspuntu kritikoagoa edukitzeko aukera ematen du.
Kritikoa esan duzu, baina historialariok ez al duzue soilik bertsio ofiziala kontatzen?
(barre) Ez noski! Beti egotzi izan zaigu historialarioi objektiboki ez jokatzea, baina azken batean pertsonak ere bagara, eta subjektiboak izatea gizon–emakumeon ezaugarria da; horregatik ez dakit kritikagarria ote den... Gainera, aberatsa ere izan daiteke. Agian irakurleak kontuan hartu behar du irakurtzen ari den liburua nork egin duen, baina historialari ona bada, iturri ezberdinei esker sostengatuko du bere bertsioa.
Amaitzeko, etorkizuna eraiki nahi badugu gure iragana ezagutzea ezinbestekoa dela erran nahiko nuke; iraganaz geroz eta gehiago jakin, orduan eta oinarri sendoagoak izango baititugu. Amaia Nausia Pimoulier (Iru?ea, 1982) Nafarroako hiriburuan jaio zen eta egun ere bertan bizi da Amaia. Nafarroako Unibertsitatean Historian lizentziatu zen, eta bukatzear dauka doktoretza; XVI. eta XVII. mendeko alargunei buruzko tesia aurkeztuko du 2010ean. Eusko Ikaskuntzaren 2009. urtean XVII. Kongresuaren barruan Gazte Foroa, gazteentzako kongresu paraleloa koordinatu du Amaiak.