511 Zenbakia 2009-12-04 / 2009-12-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XV): Durangaldea

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Santa Ana arkua. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)

Bizkaian burutuko dugu gaurko txangoa, eta horretarako Durangaldearaino abiatuko gara, Euskal Herriko hiru leku ezagun bisitatuz.

Iurreta, Izurtza, Abadiño eta Amorebieta mugakide dituen Durango hobeto ezagutzeko egingo dugu gure aurreneko geldialdia. Lautadatxo batean kokatuta dago, eta gaur egun Bizkaiko herria den arren, ez da beti horrela izan. Hain zuzen ere, Nafarroak fundatu omen zuen herribildua, eta beraz, esan genezake Bizkaiko lurraldean uhartetxo bat izan zela Durango. Baina historiak hainbat buelta ematen ditu eta zenbait historialariren arabera, XI. mendean Bizkaiko konderriaren parte izatera itzuli zen.

Herria sortu zutenetik gaurdaino aberastasun arkitektoniko handiko hainbat eraikin jaso dituzte, eta Durangora gerturatuz gero, horietariko batzuekin gozatuko dugu. Uribarriko Santa Maria eliza, adibidez; XIV. mendean altxatu eta XVI. eta XX. mendeetan berreraikitako eraikina begiztatzeko parada edukiko dugu. Baita XVI. mendeko Santa Ana parrokia ere, besteen artean.

Gainera, Durango mendeetan zehar harresiz inguratuta egon zen eta hala, XXI. mendean oraindik ere zutik dirauen murru hartako ateetariko bat ikusteko okasioa daukagu. Santa Anako arkua izenez ezagun, 1566. urtean eraiki zuten eta estilo barrokoa du. Garai hartakoa da baita ere Durangoko udaletxea, 1570.urtekoa, hain zuzen.

Hala ere, historia modernoagoari erreparatzen baldin badiogu, gertaera latz batekin egingo dugu tupust; zehatzago esanda, Francoren aginduz herria bonbardatua izan zen 1937ko martxoaren 31n, eta 400 pertsonatik gorak galdu zuten bizia zorigaiztoko egunean. Muntsaratz dorrea, Abadiñon. Argazkia: Gaizka Garamendi (3digitala) Gure noranzkoa, Mariren atzetik

Bidean aurrera egin eta Urkiolara iritsi aurretik, Abadiñon geratuko gara, bertan zer ikusi badaukagu eta. Auzo ezberdinetan banatuta, balio handiko eraikuntza zibil zein erlijiosoak aurkituko ditugu, parke naturalak gure mugimenduak zaintzen dituen bitartean.

Adibide batzuk ipintzearren, Zelaieta auzoko San Torkuatoren omenezko eliza (1762–1783 urteen artean eraikia) edota 1591ko Abadiñoko Jauregi errenazentista. Muntsaratz auzoan berriz, izen bereko bost pisutako dorre handia, akaso udalerriko eraikinik esanguratsuena izango dena; IX. mendean jaso zuten eta 1590. urte inguruan zaharberritu.

Abadiño bisitariz betetzen da urtero otsailaren 3an, San Blas feria ezaguna burutzen baitute herritarrek, abeltzaintza, artisautza zein nekazaritzari garrantzia emanez. Bertaratzeko aitzakia ederra bada, behintzat.

Baina atzean utziko dugu herria eta gure helmugara gerturatzen joango gara. Urkiolako Parke Naturalak mitologia kutsuz egiten digu ongietorria, euskaldunon artean ezagun baitugu Anbotoko Mari bizi dela bertan. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digita)

Buelta bat emanez, oraindik ere garai bateko elurrezko putzuen aztarnak aurkituko ditugu begiak ondo irekiz gero. Eta kareharrizko mendien magalean Urkiolako santutegia dago, hain zuzen bi santuri eskainitakoa da, Antonio Abad eta Antonio de Padua santuei. Bertara urtero egiten den erromesaldia benetan ezaguna da euskaldunon artean. Ekainaren 13an ospatzen da urtero eta ehunka pertsona batzen dira; horietariko askok ohitura zahar bati jarraipena ematen diote. Hain zuzen ere, santutegiaren kanpoaldean dagoen harri handi bati orratzen noranzkoan buelta kopuru bat eman behar zaizkio –batzuek zazpi direla diote, besteek hamar– eta diotenez, maitasun kontuetarako eta osasun ona edukitzeko baliagarria izaten da.

Garrantzitsuena egun pasa polita egitea da, zalantzarik gabe. Eta espero dugu gure proposamen honekin helburua lortu ahal izatea. Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Iratiko oihanean barna Urbasa eta Andia Parke NaturalaGorbeia Parke NaturalaLekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroazGoierri ezagutuzKorresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com