511 Zenbakia 2009-12-04 / 2009-12-11
Lehenik eta behin Zorionak! Esaguzu, euskarekin erlazionatutako zer–nolako ekimenak burutzen dituzue NABOn?
Milesker! Ekimen ugari burutu ditugu euskarekin erlazionatuta. Orain arte egin duguna euskara klaseak zabaltzea izan da; hau da, irakasle berriak lortu ditugu AEBtako hainbat lekutan euskara irakasteko. Azken bi urteotan euskara klaseak sortu dira Mountain Home, Gooding (Idaho), Miami, New York, Chapell Hill (North Carolina), Bakersfield (California) eta Washington D.C.n.
Boisen eta Elkon euskara klase gehiago daude. Oraintxe 200 ikasle heldu dabiltza eta 150 BOGA sistemarekin hasi dira irailetik. Horretarako, irakasle batzuek ikastaro bat egin genuen. Ikasleak isolatuta ez sentitzeko eta euskara praktikatzeko, Moodlen bitartez EHko Ulibarri euskaltegiko ikasleekin mezuak trukatzen ditugu. Esperientzia hau laster AEBetako ikasle guztien artean zabalduko dugu.
Udetan udalekua egiten dugu eta bertan nerabeek euskarazko klaseak dauzkate. Umeentzat euskara klaseak daude Mountain Homen (Idaho), Elkon (Nevada) eta Ontarion (Oregon). Modu horretan katea ez da etengo eta adin desberdinetako pertsonek euskaraz hitz egin ahal dute. Baina oso zaila da hizkuntza mantentzea kalean ingelesez egiten denean eta eskola euskaldunik ez dagoenean. Boiseko ikastola da salbuespen bakarra baina 6 urtetik aurrerako umeak eskolara joan behar dira eta ingelesez ikasten dute.
Irakasleak trebatzen ari gara eta orain BOGAren bidez euskara ikasten ari dira. Talde handiagoa lortzen badugu gai izango gara barnetegiak egiteko hemen. San Frantziskon bertso afaria ospatuko dute eta bertara joango gara bertsoak itzultzera eta egun hori euskara asko entzutea espero dut.
Bestalde, udan zehar euskal jai asko burutzen dituzte eta euskaldunak bertan elkartzen dira eta ekitaldi kultural asko daude. Jai hauek aspaldian hasi ziren, adibidez lehen Jaialdia 1975ean hasi zen Boisen eta hau, bost urtetik behin burutzen da. Hiri berean euskal koroa eta ?Amuma says no? euskal musika taldea ere badaude eta Chinon (Kalifornian) ? Noka ? euskal musika taldea dago.
Eta etorkizunera begira, zer–nolako proiektuak dituzue?
Geroari begira, euskara klase gehiago eduki nahi ditugu eta noski, ikasle gehiago. Euskara ikasi duten ikasle hauekin ekintza asko egin ahal ditugu, esate baterako itzulpenak egin, mintza taldeak sortu, hemengo jaietan aurkezpenak euskaraz egin...
Nire ametsa, ikasle batzuk euskara ikasteko Euskal Herrira bidaltzea da, hizkuntzaz aparte kultura ere ikasi ahal dutelako eta euskara bera askoz ere arinago ikasiko luketelako. Honela irakasle gehiago edukiko genituzke.
Bestalde, nola ikusten duzu euskararen egoera?
Euskal Herrian egoera asko hobetu da azken 30 urteotan, jakina. Dena dela, erronka euskaraz dakitenek eguneroko elkarrizketetan euskaraz mintzatzea da eta ez erdaraz; erosketak egitean, bankuan, oporretan, astialdian, lanean... Hau da, euskaraz egiteko ohitura lantzea. Hau lortzeko pentsatu beharko genukeena, beste hizkuntzak euskara erabili ezin diren egoeretarako bakarrik direla; pertsona batek euskaraz badaki beti egingo dut euskaraz berarekin. Egoera batean posiblea bada, euskaraz egingo dut.
Eta Ameriketako Estatu Batuetan? Hemengo egoera oso desberdina da. Euskaldunen ondorengoen artean gutxik dakite euskaraz. Hori bai, Euskal Herritik etorritakoek beti egiten dute euskaraz. Egoera hobetzeko kontzientzia piztea da kakoa. Guk euskara bizirik mantentzen ez badugu hil egingo da Ameriketan. Nagusiak hurrengo 20 urtetan hilko dira eta gazteek euskara egiten ez badute katea eten egingo da eta hori gertatzen bada, euskara desagertuko da AEBetan. Hau gerta ez dadin bi bide baino ez dugu: EUSKARA IKASI ETA HITZ EGIN. Izaskun Kortazar (Sondika, Bizkaia) Izaskun Kortazar Errekatxo Bizkaitarra da eta 2003an urte maletak egin eta Sondikatik Atlantikoa zeharkatu eta Amerikako Estatu Batuetara joan zen. Boisen –Idaho estatuko hiriburua– dauka bizilekua. NABOko euskara koordinatzailea lanetan dihardu azken urte eta erditik.