511 Zenbakia 2009-12-04 / 2009-12-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gure hizkuntza, kinka larrian

IBAÑEZ, Unai

Gasteizko Olabide Ikastola



Egun, gure herriak duen nortasun zeinu handiena euskara da, bera baita euskaldun egiten gaituena. Beti izan da horrela eta munduko herri guztietan berdina gertatzen da, hau da, hizkuntza herri–kultura dela, hiztun asko nahiz gutxi izan. Horregatik, hizkuntza bat galtzen denean herri bat galtzen da. Hau guztia denok dakigun zerbait da baina, ba al dakigu gure ama hizkuntza zein egoeratan dagoen?

Orain dela berrehun urte euskara Euskal Herri osoan entzun zitekeen, bere euskalki ugariekin, baina gerra zibila eta frankismoa izan zirela medio ?beste arrazoien artean–, euskara ia desagertzeko zorian egon zen. Guztiz debekatua kalean euskaraz mintzatzea eta hitz egiten zutenei zigorrak ezartzen zizkieten, horrela euskara ahuldu egin zen hizlari asko galduz. Urteak pasa ahala egoera hobetzen joan da gaur egun arte. Gure belaunaldian euskaraz mintzatzeko erraztasunak dauzkagu, hala ere, koadrilan eta oro har lagunen arteko solasaldietan gazteleraz aritzen gara. Gazteok gara erantzukizun honi aurre egin behar diogunak, gu garelako etorkizuna eta gure esku dagoelako euskarari behar duen bultzada ematea.

UNESCOk ateratako txosten batean, egoera larrienean dauden hizkuntzen artean euskara aipatzen dute, beste hainbatekin batera. Bertan, azken hiru belaunaldietan berrehun hizkuntza baino gehiago galdu direla ere aipatzen dute. Datu hauek harritzeko modukoak dira, beraz nola edo hala galarazi behar dugu euskara zerrenda beltz horretan agertzea.

Gure belaunaldiko gazteriaren helburu nagusia hauxe izan behar da, euskara ikastoletatik ateratzea; jendeari euskara zabaltzea gizartea euskalduntzeko; lotsak eta erreparoak alde batera utziz gure hizkuntza kaleratu behar dugu. Pentsa behar dugu gure arbasoak, aitona amonak euskararen alde borrokatu zirela eta orain guk zabaldu behar dugu hizkuntza, beraien borrokak zerbaitetarako balio dezan. Euskaraz bizi, ikasi, lan egin Euskal Herriaren nortasun indartsu eta berezia gal ez dezagun.

Ondorioz eta euskararen egoera larria ikusi ondoren, zer egin dezakegu? Arazo honen irtenbide bakarra, euskaraz mintzatzea da. Ekintzak egin ditzakegu, ez dakitenei erakutsi, baina, hizkuntza dakigunok ez badugu erabiltzen, nola esan behar diegu besteei ikasteko eta gero gurekin batera erabiltzeko?

Euskal Herrian euskaraz nahi dugu hitz eta jolas lan eta bizi euskaraz eta hortara goaz, bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz. Zabal bideak eta aireak gure hizkuntzak har dezan arnas, bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz.

Euskal Herrian euskara hitz egiterik ez bada bota dezagun demokrazia zerri askara geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ez gara. Hizkuntza gabe esaidazue nola irtengo naizen plazara, geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ez gara.

Euskal Herri euskalduna irabazteko eguna pazientzia erre aurretik behar duguna, ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena? Zer Euskal Herri litzake bere hizkuntza ere galtzen duena. Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?