513 Zenbakia 2009-12-18 / 2009-12-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Egunkaria eta auziperatuak gogoan

SALTO, Mattin



Denbora nahikotxo igaro da Euskaldunon Egunkariaren itxiera eman zenetik; 2003ko otsailaren 20 triste hura nire oroimenean geratu da zizelkatuta. Oraindik ere gogoan dut esnatu eta albistea entzun nueneko eguna; kazetaritza ikaslea, euskaltzalea, eta batez ere pertsona arrazionala izanik, ezinezkoa iruditzen zitzaidan egia izatea. Amesgaiztorik surrealistenetik esnatu ezinka ote nengoen? Tamalez, ez.

Egunean bertan Euskal Herriko toki gehienetan zentsura eta atxiloketa burugabeen kontrako kale–agerraldiak eman ziren. Baina eszenatokirik deigarrienak Donostia zeukan izena; milaka eta milaka lagunek otsailaren 22an, ideologiak alboratu eta batera eta euripean logika guztietatik at geratzen zen gertakaria salatzeko kalera irten ziren. Jendartearen elkartasuna mundu osora iritsi zen., eta Euskal Herriko mugetatik haratago ere beren sostengua emanez talde ugari sortu dira gaurdaino: Herrialde Katalanak, Galizia, Madril...

Kartzela aldia, tortura salaketak... eta orain auzia. Ezen ia zazpi urte pasa direnean hasi da epaiketa. Demokraziaren izenean talde batzuek eginiko akusazioen bidez, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga eta I?aki Uria barroteen atzean ikusi nahi dituzte.

Akusazioak ETAren finantza sarearen partaide izatea egozten die, AEK, Foru Aldundiak edota beste erakunde publiko eta pribatuekin batera. Eta hainbatek mamuak ikusten dituzten bitartean, besteok badakigu euskaltzale izatearen alde negatiboetariko baten aurrean gaudela.

Baina hasi da epaiketa; 2009ko abenduaren 15ean irteteko pistola–tiroa eman eta Madrilgo Auzitegi Nazionalean hasi da emanaldia. Nora iritsiko dira? Akusatu banarentzako eskatzen dituzten 14 urteko espetxeratzeak nagusi izango dira, edota artxibatu egingo dute kasua?

Ikusiko da. Baina dagoeneko egindakoek ez dute atzera bueltarik. Zentsuratu zuten, jende errugabea atxilotu, eta denak arrazoi bakarragatik. Eta euskaldun sentipena harro daramagunok auziperatuei eta nola ez, Euskaldun Egunkariako langile eta irakurle orori, gure babes eta elkartasuna ematea besterik ez zaigu geratzen. Egunkaria ez baitzen lehengo biktima izan, eta nork daki gu izango garen hurrengoak.