513 Zenbakia 2009-12-18 / 2009-12-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskara da nire aukera, zein da zure estiloa?

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Euskararen egoerak hobekuntza bizi izan du azken lau hamarkadotan. Debekatuta eta gaizki ikusia zegoen garai haietan euskalgintzaren alde lanean jardun zuten euskaltzaleen ahalegina ez zen debaldekoa izan. Haiei esker, egungo egoera ordukoa baino hobea da. Noski, ez gara modelo idiliko batetan bizi eta akaso ez gara inoiz iritsiko baina nolabaiteko egoera “perfektura” heltzeko –perfekzioa existitzen bada– beti zer hobetu dagoela gogoan izan behar dugu. Sei lekutako behaketa

Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako bina tokitan jendeak euskara edota gaztelanian baliatzen duen jakiteko asmoz, behaketa bat burutu zuten hogeita sei neska–mutilek ekaina amaiera aldean abian jarritako Euskara da nire aukera, zein da zure estiloa? proiektuan. Hala, Bilbo eta Markina, Gasteiz eta Aramaio, Donostia eta O?ati izan dituzte gazteek ikergune.

Esan daiteke, egitasmoko parte hartzaileek euskaraz bizitzeko hautua egina zutela jada, baina errealitatea ezagutzeko jakin–minak eraman zituen Eusko Ikaskuntzak antolatutako proiektuan izena ematera. Hala, aukeratutako herrietan euskararen presentzia zer–nolakoa den ikusteko parada eduki zuten eta askori behaketa egiteko unean zituzten aurreiritziak desegin zitzaizkien, batzuetan onerako eta bestetan txarrerako.

Aho bete hortz geratu dira kasu askotan, ezen usteak erdi ustel izaten diren heinean, beraiek ere egia hori baieztatu ahal izan dute. Ezen ikerketa egin aurretik neska–mutil batzuen buruetan esate baterako, Gasteiz zein Bilboko udaletxeetan gaztelaniaz soilik aritu ahalko ziren ustea zegoen, besteek gaurko gazteek euskara baliatzeko kontzientzia daukatela. Horrela da edo guztiz oker al gaude?

Estilo horretako baieztapenei erantzuteko asmoz, hainbat alor behatu behar izan dituzte parte hartzaileek. Hala nola, tokian tokiko ikusketa eginez, euskara erakundeetan, herritarren artean, gazteengan, komunikabideetan eta euskalkiaren gaineko datuak batu eta ondorioak atera zituzten. Argi zeukaten ez zela ikerketa soziolinguistiko bat izan behar, hain zuzen, ateratako ondorioetatik eztabaida sortu eta hausnarketa bultzatzea baitzen antolatzaileek buruan bueltaka zeukaten ideia.

Sentsazio gazi–gozoarekin amaitu dute askok tailer honetan. Pozik, hainbat egoera uste baino hobeak zirelako; triste aldiz, ontzat ematen zituzten situazioak horren positiboak ez direla ohartzean. Halere, bizi dugun gizarteari buruz asko ikasi dute Euskara da nire aukera tailerreko gazteek, eta nola ez, lagun berriak egin dituzte.

Ondorioak irakurtzeko, sakatu hemen.