513 Zenbakia 2009-12-18 / 2009-12-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskararen erabilera Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Bilbo–Markina, Donostia–Oñati eta Gasteiz–Aramaion zentratutako Euskara da nire aukera tailerrak, bertako biztanleen euskara erabileraren gaineko datuak hartu eta errealitateaz jabetzea izan du helburu. Deialdia egin eta hogeita sei pertsonek eman zuten izena proiektuan parte hartzeko; 10 lagun Arabako taldean aritu dira, zortzi Gipuzkoan eta beste horrenbeste Bizkaian. Hala, talde horiek azpitaldetan banatu eta behatu beharreko alor banaren kargu egin ziren gazteak. Edozein zalantza edo zailtasunetan laguntzeko asmoz, talde bakoitzak tutore bana zeukan.

Hiru taldeek ez zuten elkar ezagutzen, eta 2009ko azaroaren 13an konpondu zen hori, Hondarribiko aterpetxean batu eta asteburu pasa egin zutenean. Bertan, jasotako emaitzak aurkezteko unea iritsi zen; hala guztiek ezagutu zituzten hautatutako sei udalerri horietako errealitatea. Egoera, ez zuri ez beltz, grisa baizik

Lan ona egin dute parte hartzaileek proiektuan, eta horren eredu da, tokian tokiko behaketa egiteko nagitasunik gabe, euskararen erabilerari dagozkien adibide ugari hartu dituztela. Eta tutoreek ere, pertzepzio horixe daukate, gazteek ez dutela zalantzarik eduki saltsan ibili eta bilatzen zutena lortzeko. Aurrez aipatu bezala, azpitaldeak sortu eta hauek ikertu beharreko bost eremu proposatu zitzaizkien: euskara erakundeetan, euskara herritarren artean, euskara eta gazteak, euskara eta komunikabideak eta azkenik, euskalkia. Euskonews Gaztean ondorioetariko batzuk bildu ditugu, 26 gazte horien lanaren emaitzak ezagutarazteko.

Hasteko, argi eta garbi geratu da euskararen erabilera handiagoa dela ikertu diren hiru herrietan hiriburuetan baino. Hori esanda eta erakunde publikoei dagokienez, bai Gasteiz, Bilbo zein Donostiako kasuetan euskaraz jakin badakiten langileak aurkitu dituzten arren, gaztelaniarekiko joera handia daukatela ikusi dute –hizkuntza jakin arren lehenengo hitza gaztelaniaz egiten dutelako, edota langileen arteko hizkuntza horixe delako, adibidez. Seinaleak ere begiztatu zituzten eta elebidunak dira hiru kasuetan. Herrietako egoerak aldiz, bestelako errealitatea eskaini zien ikerlari gazteei; Markina, Oñati eta Aramaio udalerri euskaldunak izanik euskara nagusi dela, alegia.

Eta herritarren artean, nolakoa da euskararen erabilera? Kasu honetan, denetarik aurkitu dute behatzaileek. Gaztelania gailentzen da hiriburuetako kaleetan, supermerkatu eta denda txikietan. Ikertutako beste hiru lekuetan, denetarik behatu zuten. Oñati eta Markinan euskararen nagusitasuna nabarmena da; Aramaioko herritarrak euskaldunak izan arren gaztelaniazko joera hauteman zuten Arabako taldeko kideek.

Euskara eta gazteak atala bere gain hartu zuten gazteek aldiz, honako emaitzak eskaini zituzten. Hiriburuetan gutxik egiten dute euskaraz –eta hizkuntza hau hautatzen dutenen kasuan gainera, gehienak bertara ikastera joandako kanpotarrak dira. Bestalde, gure hizkuntza hezkuntzarekin erlazionatzen dutela adierazi zuten, aisialdian behatutako gazteen arten gaztelania baitzen nagusi. Herrien kasuan, Markina eta Oñatiko gazteek euskarazko erlazioak dituzten bitartean, Aramaiokoen jaidura gaztelania baliatzea da; hori bai, 12 urte azpikoek eta 25 baino gehiagokoek euskaraz hitz egiteko joera handiagoa dutela ere ikusi dute.

Bestalde, komunikabideen kasuari dagokionez, sei lekuetako egunkaririk irakurrienak gaztelania hutsezkoak edo behintzat ia gehiena gaztelaniaz idatzitakoak dira. Aldaketa herri aldizkarien kasuan ematen da, ohikoena euskara hutsezkoak izatean datza eta.

Amaitzeko, euskalkiei erreparatu zitzaien eta hala, herri guztietan euskalkia entzun eta erabiltzen dela, baina hirietan bestelako egoera dagoela ohartu ziren. Azken kasu horri dagokionez, aurkitu zituzten euskal hiztunek edo batuan egiten zuten, edota kanpotarrak izanik beste euskalkia erabiltzen zuten.

Hala, herrietan euskararen erabilera hiriburuetakoa baino altuagoa da, baina kasu guztietan oraindik ere, zer hobetu badagoela adierazi zuten parte hartzaileek. Horretarako, oinarrizkotzat ikusten dute euskarazko aisialdia bultzatzea edota jendearen kontzientzia piztea. Zaharkituta geratu dela dirudien arren, gaurkotasunik falta ez zaion esaerarekin uzten zaituztegu, gogoetarako denbora hartzera animatuz. Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik.