514 Zenbakia 2009-12-25 / 2010-01-08
Garai batean euskaldunok izan ginen munduan zehar barreiatu zirenak; batzuek abentura soila zuten helburu, besteek bizitza hobea bilatzea. Azken urteetan, baina, joera aldatu da. Beste herrialdeetako gizon–emakumeez bete dira gure kaleak; maiz beste inork egin nahi ez dituen lanak egiten dituzte, kasurik onenean lan baldintza duinetan, ezen askok prekarietatea sufritzen baitute. Guk Medellin –Kolonbia– atzean utzi eta Arrasatera bidaiatu zuen Patiño–Atehortúa familiarekin egin dugu hitzordua; Mónica, Nelson, Juan Pablo eta Danielek osatzen dute sendia. Haien esperientzia konpartitu dute gurekin beren etxeko goxotasunean. Arrasate helmuga
“Orain hiru urte –2006– atera nintzen Kolonbiatik arrazoi ekonomikoak medio,” hasi da hizketan Mónica. “Azken batean aukera berri baten bila etorri nintzen. Hemen bizi zen izeba baten sostengua neukan, eta horrek eragina eduki zuen nire erabakian. Amets askorekin ekin nion bide berriari eta inoiz ez nuen atzean utzitako familiaren bila itzultzeko ilusioa galdu. Hamazazpi hilabete luze igaro behar izan ziren asmoa egikaritzeko, eta benetan luzea eta gogorra egin zitzaidan denbora–tarte hura”.
“Negua zen Arrasatera iritsi nintzenean, hotz egiten zuen, eta hori, sentitzen nuen bakardadearekin elkartu zen, eta oroitzen dut arnasarik ere ezin nuela hartu. Beti ari nintzen ea eguraldiak onera noiz egingo zuen galdezka. Zorionez baina, hemen bizimodua asko erraztu zidaten pertsonak aurkitu nituen, eta eskerrak horri!” gogoratzen du. “Baina lanik ere ez neukan iritsi nintzenean. Caritasera jo nuen eta gaizki sentitu nintzen, ezen errumaniar ugari zeuden ni moduan –eta Kolonbian, errumaniarrak laguntza gehien behar dutenak dira; haien azalean ipintzea ez zen erraza izan. Baina bestalde, Caritasen bitartez lanerako aurreneko aukera atera zitzaidan eta mundu berri bat ireki zen nire bizitzan. Ez daukat kexarik.”
Eta Mónicak bidea irekitzen zuen bitartean, Nelson etxeko txikiekin geratu zen Medellinen, eta hark ere bere bizipenak partekatu gure izan du guztiokin. “Bagenekien emakume batek erraztasun gehiago izango zituela lanpostu bat aurkitzeko orduan, eta onartu egin nuen; baina banantzeko eguna iritsi zenean... hori bai gogorra! Hasieran ez nuen erreakzionatu, burutik mila ideia pasatzen zitzaizkidan; halako harreman ederra eduki dugu, aurrena lagun moduan, gero bikote eta senar–emazte gisa. Guztiz hunkituta nengoen eta nola ez, gure semeek negar asko egiten zuten. Depresioa eta hutsunea hor zeuden, baina semeengatik aurrera egin nuen, zailtasunez batzuetan, baina indarrez beti.”
“Autonomo moduan egiten nuen lan, eta Mónicaren amak ere asko lagundu zidan, baina oso zaila egin zitzaidan halere. Aita zein amaren lanak burutu nituen hilabete luzeetan. Bestalde, nire emazteagandik miresten nuen gauzetariko bat, egunero dei egiten zigula da; orduak igarotzen genituen hizketan.” “Goiz, arratsalde eta gauez deitzen gintuen amak,” oroitzen du Danielek, etxeko txikienak.
Beste gogoeta bat ere egin du familiak. “Edozein pertsonak bere herritik irteten denean harrera egiten dion herrialdeak arazo guztiak konponduko dizkiola pentsatzen du. Eta ez da horrela, hona iristean dena arrotza egiten zaizu –janaria, klima, jendea...– eta halako aldaketa gogorra izaten dira”. Nelsonek gainera, beraientzat erlijioak daukan garrantziaz hitz egin digu. “Guk oso fede sakona daukagu, eta horrek indar handia eman zigun familia osoari aurrera egiteko.”
Baina denak elkartzeko unea iritsi zen ia hamazazpi hilabeteren buruan. “Uste dugu hona etortzen diren familietatik askok ez dutela guk lortutakoa eskuratzen. Hau da, herrialde berrira iristeaz bat, bidetik aldentzen dira, eta esate baterako, beste bikote bat bilatzen dute. Zorionez, familia elkartuta mantentzea lortu genuen, distantzia handia izan arren. Horrelako maitasun polita dago gure artean, batak bestearengan konfiantza osoa geneukala.” Baina Nelsoni ere konplikatua egin zitzaion bizitza berrira ohitzea, “eguraldia, jendea, eta hizkuntza! Aurrenekoz euskara entzun nuenean bitxia iruditu zitzaidan, nahiz eta banekien gaztelaniaz ere hitz egiten zela.” Bere hitzetan, hilabete behar izan zuen lainoak utzi eta oinak lurrean ipintzeko. Baina urtebete igarota, oso pozik dagoela aitortzen digu.
Familiak inoiz ez du arazorik eduki bertako jendearekin. Lanean gustura daude nahiz eta batzuetan gogorra izan ordu asko ematen dituztelako horretan –Múnicak etxebitzitza zein enpresen garbiketan dihardu lanean, eta Nelsonek Oñatiko enpresa batetan aurkitu zuen aukera. Eta herritarren partetik ere, buruhausterik ez dute eduki. “Jendea oso ongi portatu da gurekin. Gainera, jende bikaina aurkitu dugu hemen, zintzo hitz egiten duzue euskaldunok, eta hori miresteko zerbait da. Gauzak garbi esaten baitituzue, hau urdina edo beltza da, eta kito; latinoamerikarrok hitz mordoa erabiltzen dugu gauza gutxi esateko. Bestalde, puntualtasuna ere zuen bertuteen artean dago, salbuespenak salbuespen. Azkenik ikusi dugu hitzezko gizartea dela, deituko zaitut esaten baduzue, bete egiten duzue normalean. Oso maitatuak sentitzen gara, eta ez dakit etorkizunean Kolonbiara itzuliko garen, baina hala izanez gero ere, euskaldunon irudi eder bat eramango dugu gurekin.” Gabonetako ohiturak
Bestalde, Gabonetan egonda, Kolonbia eta Euskal Herriko ohiturei buruz hitz egiteko ere aprobetxatu dugu. “Modu ezberdinez bizi dugu sasoi hau. Medellinek bi aurpegi ditu, jende langilea aurkitzen duzu baina ez zaio lan hori aintzatesten eta Gabonak egunerokotik ihes egiteko modua da pertsona horientzako. Hiri guztia argiztatzen da: balkoiak, ateak, erreka, kaleak... Berdin da familia batek dirurik ez baldin badu, berdin–berdin argiak ipintzen baititu. Zazpi kilometro inguru argiztatzen ditu hango gobernuak eta jendea kalera irteten da familia osoarekin ikuskizunarekin gozatzera; noski, uda sasoia da bertan eta kalean egoteko giroa egiten du!”
“Beste desberdintasun bat, janaria da noski, eta Olentzeroren ordez, Jesus haurrak ekartzen dizkigula opariak. Pentsa nolako garrantzia duen jendearengan, abuztu amaiera aldean hasten direla komertzioak Gabonetarako prestatzen; ilusio handiz bizi dugu. Kalean musika da nagusi, festa giro ederra. Bestalde, abenduaren 31n argi horiek eklipsatuta geratzen dira airean batzen den bolbora medio; familia guztiek botatzen dituzte suziriak.”
Besoak zabalik hartu dituzten herritarrei eta urrutian geratutako ahaide eta lagunei zorionak bidaliz amaitu dugu hizketaldi adeitsua. Guk ere, etorkizunik oparoena opa diogu familia osoari.