516 Zenbakia 2010-01-15 / 2010-01-22

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XIX): Uribarri Ganboa urtegia inguratuz

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Josemari Velez de Mendizabal

Uribarri Ganboaren ikuspegi elurtua.

Arabak itsasorik eduki ez arren, laku ederrak ditu bere baitan, eta txango honetarako bat aukeratu dugu: Uribarri Ganboako urtegia.

Gure jomuga Euskal Herriko urtegirik handiena da eta Arrazua–Ubarrundia eta Barrundiako lurretan dago, Gasteiztik oso gertu, 14 kilometro eskasera. Halere, ez da beti urtegi izan, orain ura dagoen tokian, lehen larre, soro eta baserriak baitzeuden. Hain zuzen, 1947. urtean hasi ziren eraikitzen, eta guztiz aldatu zen bertako biztanleen bizimodua, garai berrietara egokitu beharra eduki zutelarik. Gaur egun, lekuaren bestelako funtzioen artean, Gasteiz eta Bilboko biztanleak urez hornitzea da. 45 kilometro txundigarri Argazkia: Gebara.

Urtegi osoari buelta emateko aukera daukagu txango honetan, ezen horretarako apropos egokituta baitago aintzira ertzetik doan bidea. Ia maldarik gabe, oinez edota bizikleta gainera igota inguruaren edertasunaz jabetuko gara. Guztira 45 kilometroko ibilaldia izango dugu aurretik eta besteen artean, Uribarri Ganboa herria, Landa, Garaio, Azua edota Langara Ganboa herrietatik igarotzeko aukera izango dugu. Halere, ibilbide motzagoak ere egin ditzakegu, ezen bitan banatuta baitago zirkuitua; iparraldeko bideak 33 kilometro ditu, eta hegoaldekoak aldiz, 12.

Zenbait tokitan gainera, barnealderantz sartzen da bidea, eta horrek, Azua moduko herrixkak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen digu, esaterako. Eta kasu honetan gainera, momentu polita igaro dezakegu bistaz gozatzeko, ubideraino gerturatuz. Beste toki batzuetan –Garaio edo Landa inguruetan– uda sasoian eguzkia hartzeko atondutako hondartza ugariz gozatu daiteke, edota bazkaltzeko prestatutako barbakoa–guneekin.

Lakuaren beste erakargarritasun bat, ur–kirolak praktikatzeko aukera zabala da. Hala, Uribarri Ganboako urtegiraino gerturatzen den jende asko eta asko dago eta adibidez, udaldian eta haize onarekin, windsurfa praktikatzeko aprobetxatzen dutenak daude; ur–eskia, wakeboard, piraguismoa, zein bela dira egin daitezken bestelako kirolak.

Bestalde, bidean aurkituko ditugun herri txiki eta xarmagarriek antzinatasuna eta modernitatea uztartzen dute, maiz armonia ederrean. Horregatik, Arabako herri hauetako arkitekturari erreparatzea ere bisitariaren begientzako atsegingarri suertatzen da. Esate baterako, espiritu txarrak uxatzeko egurrezko ateetan eguzki–loreak zintzilikatzearen tradizioa bizirik mantentzen dela jabetuko gara.

Eta gure ibilbidetik apur bat irtetea erabakiz gero, Barrundian dagoen Gebararaino joatera animatzen zaituztegu, bertan XV. mende amaieran eraikitako gazteluaren aztarnak ikusteko baliatuz. Parke ornitologikoa

Mendixur deitzen da zonaldeko parke ornitologikoa eta Uribarri Ganboa urtegiko ekosistemaren zati handi bat aurkituko dugu bertan. Garaioko Parketik gertu, balio handiko eremuan sartuko gara, eta hegaztien behaketarako prestatutako hiru guneetariko bat baliatuz, barietate handiaz gozatuko dugu.

Urtaroaren arabera, behatu daitezkeen hegaztiak desberdinak izango dira, eta besteen artean txilinporta lepabeltza, lertxun hauskara, ahate txistularia, murgilari arrunta, mirotz zuria, arrano arrantzalea, hegabera, uda eta negu txirtak zein urretxindorra moduko txorien presentziaz jabetu eta animalia hauei buruz gehiago ikasteko parada edukiko dugu.

Deigarria suertatu bazaizue, jantzi arropa erosoa eta animatu Arabako zoko honetako altxor naturalekin gozatzera.

Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Iratiko oihanean barna Urbasa eta Andia Parke NaturalaGorbeia Parke NaturalaLekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroazGoierri ezagutuzKorresetik Maeztura, paisaiaz gozatuzDurangaldea Lizarra inguruetan Txingudiko badian Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com