516 Zenbakia 2010-01-15 / 2010-01-22

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Noemi Gonzalo Bilbao. (Instituzio-teknikaria New Yorken): Estatubatuar askok Euskadiz ezagutzen dutena biolentzia da

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Noemi Gonzalo Bilbao (Gasteiz, 1981) Arabako hiriburuan jaio zen Noemi eta bertan bizi izan zen harik eta Federico Baraibar Institutuan batxilergoko ikasketak amaitu zituen arte. Ondoren, Nafarroako Unibertsitatean eman zuen izena, eta Kazetaritza eta Ikus–entzunezko komunikazioan lizentziatu zen. Alemanian ere aritu zen Unibertsitatean Erasmus bekari esker, aurrena Mainzen, Dresdenen ondoren. Eta handik berriz, Nazioarteko Harremanak ikastera Amerikako Estatu Batuetara bidaiatu zuen Fulbright beka eskuratuta. Gaur egun, New Yorken bizi da, eta Jaurlaritzak AEBn duen euskal ordezkaritzan dihardu lanean. New York, etxe–orratzen hiria. Euskonews Gazteak bertaraino bidaiatzeko proposamena egiten dizu, birtualki bada ere; eta bidaia–lagun, Noemi daukagu, gasteiztarra bera. Metropoliaren dimentsio handiak medio, metroan bidaiatzen du gehienetan, eta lauzpabost eleberri irakurtzen ditu hilero joan–etorrietan igarotzen duen denbora aprobetxatzeko. Brooklynen bizi da, eta hiriaz hitz egin digu, baita azken urteotan ezagutu dituen beste leku batzuei eta eginiko lanen gainean ere.

Gasteiztar bat New Yorken. Nola amaitu duzu Jaurlaritzaren AEBn duen ordezkaritzan beharrean?

Orain urte erdi hasi zen dena eta ordutik, instituzio–teknikari moduan dihardut. Orokorrean hitz eginda, komunikazio, kultura eta hezkuntzarekin erlazionatutako gaiak maneiatzen ditut. Nire egitekoa, gizarte eta kultura arloan errealitate estatubatuarra ikertzea eta ostean, txostenak landu eta aholkuak ematea da. Era beran, AEBko instituzio eta entitate ezberdinekin –unibertsitateak, museoak...– balizko lankidetzak ikertzen ditut eta gainera, kontaktuan nago herrialde honetako eta Kanadako euskal diasporarekin eta haiekin ere kolaboratzen dut.

Baina noiz hasi zen abentura hau?

Dena 2004ean hasi zen; urte hartan Fulbright beka eskatu nuen eta eskabidea egina neukala ia ahaztuta neukanean, aurre aukeratu nindutela jakinarazi zidaten. Frogak gainditu nituen, eta New Yorkeko New School unibertsitatean Nazioarteko Harremanetako maisutza ikasketak egiten amaitu nuen.

Halere, jakin badakit, ez zela hor hasi munduan zehar egin duzun ibilbidea...

Egia esateko zorte handia izan dut nire ibilbidean beti eduki baitut gurasoen babesa, eta noski, ezin ahaztu jaso ditudan bekak, horiei esker herrialde ezberdinetara bidaiatu eta ikasteko aukera ukan baitut.

Iruñean Goi Mailako ikasketak egin eta Erasmus bekari esker Alemaniara joan nintzen, Mainz eta Dresden hiriak ezagutu nituen modu horretan. Ostean AEBra bidaiatu nuen, eta New York, Dominikar Errepublikan zein Miamin bizi izan naiz. Azken horri dagokionez, Miami Herald egunkarian formazio akademikoko kazetari moduan aritu nintzen. Dominikar Errepublikan berriz, UN–INSTRAW Institutuan. Bestalde, New Yorken IHESaren Batzorde Latinoan aritu nintzen, baita Human Rights Watch eta Nazio Batuen Erakundean ere.

Orain arte eduki ditudan bizipen guztiak benetan aberasgarriak izan dira eta gainera, toki oso desberdinetako errealitateak ezagutzeko baliagarriak izan zaizkit.

Nazio Batuen Erakundea aipatu duzula, zer moduzko esperientzia izan zen?

Pertsonalki, Dominikar Errepublikako esperientziarekin ikaragarri gozatu nuen, ezen emakumearen garapenerako komunikazio arloan lan egiten bainuen UN–INSTRAWek (Nazio Batuen Erakundearen Emakumearen Sustapenerako Ikerketa eta Trebakuntzarako Nazioarteko Institutua) Santo Domingon duen egoitzan. Eta Karibeko herrialde honetan emakumearen garapena lortzeko lan egitea erronka handia zen, egunez egun aurkitzen nituen traba soziokultural guztiengatik. Nahiz eta batzuetan gogorra izan, eta sarri emaitzak begi bistakoak izan ez, lortutako edozein urrats txiki poztasun handia zen bertan lan egiten genuen guztiontzat.

Hitz egin dezagun kazetaritzaz. Hedabide desberdinetan aritu zara beharrean –telebistan, prentsan... Zer moduzko ogibidea da?

Orokorrean, nahiko gogorra izaten da hedabideetan lan egitea. Maiz, jendeak kazetariaren bizitza glamourrarekin, abenturarekin edota entretenimenduarekin lotu ohi du. Gehienetan, ez dute kontuan hartzen hedabideetako lana zein gogorra izatera irits daitekeen; horren adibide, badakizu zein ordutan sartzen zaren telebista edota egunkari batetan, bana inoiz ez duzu jakiten zein ordutan amaituko den zure laneguna. Esate baterako, greba baten jarraipena, edo hondamendi natural baten zein beste ordutegi bat daukan herrialde bateko ekimen baten berri ematea egokituz gero, ez duzu jakiten zein ordutan etxeratuko zaren.

Pentsatzen dut telebistako albistegi batetan lan egitea estresagarriagoa dela kazetariak albiste bat emateko egunkari batetan baino denbora laburragoa izaten baitu. Halere, nahiago dut albistegietan lan egin erredakzioan bizi den intentsitate handiagatik, nahiz eta nekagarria suertatu.

Amerika aldean bizi zarela–eta, esan, nola ikusten gaituzte euskaldunok estatubatuarrek, baldin eta begiratzen badigute?

Zoritxarrez, eta normalean, AEBko komunikabideek Euskal Herriko albisteak atentatu bat egoten denean soilik lantzen dituzte; ondorioz, gure herriaz estatubatuar askok ezagutzen duten gauza bakarra biolentzia da.

Aitzitik, estatuaren arabera aldatuz doa hori. Nevada, Idaho edota Kalifornia moduko estatuetan, non euskal diasporaren presentzia handia den, estatubatuarrek euskaldunak askoz ere gehiago ezagutzen dituzte. Badaukate euskararen, pilotaren, dantzarien zein bestelako manifestazio kulturalen berri. Eta gainera, euskal diasporako jende askok bizilagunen artean gure herriaren gauza liluragarriak zabaltzen dituzte.

Gaiz aldatuz, pentsatzen aritu naiz eta New Yorken aspertzeko betarik ez duzula edukiko iruditzen zait. Erakartzen zaituzten gauza ugari egongo dira! Halaxe da! Bertako gauza ugari atsegin ditut, baina akaso hiriak duen onena, daukan kultura eta aisialdi eskaintza handia da; halako zabala da, nagusi egiten ez zaren sentsazioa sortzen zaizula ez baitzara sekula aspertzen. Mila gauza daude egiteko, ikusteko, bisitatzeko; hori bai, nolabaiteko erosteko ahalmena eduki behar da, ez baita hiri merkea.

Bestalde, jendea oso independentea da, eta biziki atsegin dut hori, ez baitira besteen bizitzatan sartzen. Baina batez ere, denetarik aurkitu dezakezula gustatzen zait; hots, metro batetan esaterako, bi moja mariachi eta rap musikarien artean eserita ikustea, ez da arraroa egiten!

Aisialdia diozu, emaguzu burutzen duzun aktibitateren baten adibideren bat ideiara egin gaitezen!

Ados! Astean zehar normalean arratsaldeko bost eta erdietan amaitzen dut lana, eta nire afizioei heltzen diet orduan. Egunaren araberakoa izaten da, italiera eskoletara joaten naiz eta ostean capoeira egitera; edo Euskal Ikasketetan burutzen ari naizen masterreko irakurketaren bat burutzen dut eta ondoren gimnasiora joaten naiz; edo lagunekin geratu eta erakusketaren bat ikusteko aprobetxatzen dugu... Sarritan 23:30ak aldera arte ez naiz etxera iristen!

Asteburuetan berriz, argazki kamera hartu eta New Yorkeko bazter zein jendea erretratatzera irteten naiz; lagunekin egotea atsegin dut; neguan eskiatzeaz eta udan hondartzaz, rafting egiteaz edota bizikletan ibiltzera joateaz gozatzen dut. Abenturazko edozein kirol gustatzen zait eta hiriburu honetan askotariko eskaintza aurki daiteke, eta nahikoa prezio lehiakorrak dira.

Beste gogoeta bat datorkit burura. Tamaina horretako hiri batek ez al dizu estresik sortzen?

Egia esateko neurri batean baietz esango nuke. Ezen bertatik gutxien gustatzen zaidana, etengabe denbora planifikatu beharra da, baita lagun batekin kafea hartzeko asmoa baduzu ere! Dena horren urruti dago ez dagoela denborarik naturaltasunerako. Etxetik gimnasiora joatea, Gasteiztik Bilbora besteko denbora hartzen dit.

Distantzia handiak aipatzen dituzula, nola moldatzen zara hirian barrena mugitzeko?

Normalean Brooklyndik –etxetik– Manhattanera metroz joaten naiz, eta han autobus bat hartu behar izaten dut Midtown auzora, bertan baitago bulegoa. Eta zortea daukat, soilik 30–40 minutu egiten baititut etxetik lanera, eta New York izateko ez dago gaizki! Gehienetan garraio publikoan egiten dudan denbora nobelaren bat irakurtzeko baliatzen dut; esan behar da ohiko joera dela hiriburuan.

Pentsa dezagun turismoa egin nahi dugula, eta gidari zaitugula. Nora eramango gintuzkezu?

Jende guztiari pelikuletan agertzen dena bisitatzea gustatzen zaio. Beraz, aurreneko tokiak tipikoak izango lirateke: Empire State eraikina, Chryler, Times Square, Liburutegi Publikoa, Grand Central, Nazio Batuen Erakundea, Brooklyngo zubia...

Behin horiek bisitatuta, interesgarria iruditzen zaizkidan beste toki batzuetara eramango zintuzketet, esaterako, Brooklyngo auzo judutarrera eta baita lorategi botanikora, Harlemgo Cotton Clubera, Williamsburg auzora, Coney Islandeko jolas–parke dekadentera, Chinatowneko farmazietan ematen dituzten masaje bat hartzera...

Interesa piztu didazu! Baina amaitzen joan behar dugu... esan, zer eskatzen diozu 2010ari?

Orokorrean, urte honetan gertatu daitekeena onuragarria izatea gustatuko litzaidake. Maila pertsonalari dagokionean, berriz, maratoi–erdia, eta Gasteizko San Silvestre froga egin nahiko nituzke, hezurrik apurtu gabe. Gainera, denbora libre gehiago edukitzea eta familia sarriago ikustea nahiko nuke. Munduan zer gertatzea gustatuko litzaidakeen aipatuko banu, “miss” hautagai baten diskurtsoa emango luke: krisi ekonomikoaren amaiera eta langabeziaren murrizketa, tolerantzia gehiago eta estatuen arteko kolaborazio handiagoa.