516 Zenbakia 2010-01-15 / 2010-01-22
Jesús Mari López Alfonso orain dela hogeita zazpi urte jaio zen. Fisioterapiako hiru urteko íkasketak Bartzelonan burutu ondoren, egun bere espezialitatean dihardu lanean. Besteak beste, Athletic futbol taldeko fisioterapeuta moduan ibili da.
Zer dela eta egin zenituen fisioterapeuta ikasketak?
Txikitatik futbolean aritu naiz. Sei urterekin hasi nintzen Leioa futbol taldean, denbora pasa ahala kategoria nagusiagoetan aritzea tokatu zitzaidan eta kadete nintzela, belaunarekin arazo larri bat izan nuen. Lesio horri irtenbide egoki bat emateko eta futbolean berriz aritu ahal izateko, denbora asko igaro behar izan nuen fisioterapeutekin.
Zoritxarrez, ez nintzen guztiz osatu eta hiru bider gehiago lesionatu nintzen. Hainbeste denbora fisioterapeutekin eta medikuekin igaro ondoren, horretan lan egiteko era oso desberdinak ikusi nituen eta horrek nigan jakin-mina sortu zuen, honek bultzatu ninduen fisioterapia ikasketak egitera. Argazkia: storebukkebruse
Eta zergatik joan zinen Bartzelonara ikastera?
Batxilergoa amaitu eta unibertsitateko ikasketak burutzeko eskaera egiterakoan, EHUn fisioterapia ikasteko aukerarik ez zegoela ikusi nuen eta beste unibertsitate batera joan beharra neukan ondorioz. Aukera asko nituen Espainian zehar: Madril, Valentzia, Zaragoza... Baina guztien artean Bartzelona iruditu zitzaidan aproposena, hango unibertsitatea oso ezaguna baitzen.
Zertan lan egin zenuen Athleticeko fisioterapeuta izan baino lehen?
Horren aurretik, bi urte eman nituen Romo futbol taldeko fisioterapeuta izaten, beste hiru urte klinika pribatu.
Zer egiten duzu egun normal batean?
Goizetan gazte eta kadeteekin aritzen naiz, baina Lezaman entrenatu beharrean, Deustun entrenatzen dute, ikasten duten ikastetxe berean. Arratsaldean, aldiz, Lezaman lan egiten dut, bertan entrenatzen dutelako bai aurreko bi taldeek eta baita gainontzeko talde guztiek ere. Lezaman, nire zeregina guztiek dituzten lesioak sendatzea da.
Gustura zaude zure lanean?
Bai, egia esanda oso gustura. Futbolean aritu ondoren, gustuko izan dut betidanik futbolean lan egitea eta futbolean egonda, Euskadiko talde ospetsuenean egotea eskertzeko modukoa da.
Gustuko izango zenuke etorkizunean bestelako lan batean aritzea?
Momentuz aldatzeko asmorik ez daukat, lan honetan izugarri ikastea posible delako. Fisioterapiaren munduan agertzen diren aurrerapen guztiekin kontaktuan gaude eta horrek egunero zerbait ikastea dakar.
Hala eta guztiz ere, suposatzen dut, urteak pasatzean egonkortasuna bilatzen joango naizela eta horretarako lanik onena, nire arloan, Osakidetzan sartzea izango litzateke, baina bertan lan egiteko era ez dut batere gustuko eta horrek atzera botatzen nau. Buruan daukadan beste aukera kontsulta propioa sortzea da, baina azkenengo bi aukera hauek luzera begirako planak izango lirateke .
Amaitzeko, hitz egin zure zaletasunei buruz.
Betidanik praktikatu dut kirolen bat, lehen futbolean aritzen nintzen eta orain beste askotan. Neguan eskiatzera joatea gustuko dut, nire bi zaletasun handienak burutzeko aukera ematen didalako, bata kirola egitea eta munduan zehar bidaiatzea. Udan ere aprobetxatzen dut gustuko ditudan bidaiak egiteko, adibidez.