517 Zenbakia 2010-01-22 / 2010-01-29
Angeluko Hormadi hockey taldea, 1969an sortu zen, Angeluko lerrategiarekin batera. Buruzagiek, izen eskasez taldearentzat, Euskaltzaindiko pertsona bati dei egin zioten, eta eskatu zioten euskarazko “patinoire”–en (gazteleraz “pista de patinaje”) itzulpen zehatz bat, eta ondorioz izen hau hautatu zuten: Hormadi.
Hockey taldea, mailak banan–banan igoz, amateur mailatik profesionaletarat heldu da, 1997an, France Elite Ligan senior ekipoaren parte hartzearekin. Honekin batera, ekipa bide ona segituz, formatu eta handitu zen: 1998an adin sail bakoitzean bederen ekipa bat lortu dute aurkeztea. Kluba gaur egun
Gaur egun ere, Hormadiren garapenaren frogak badira, 2007an formazio zentroaren sorrerarekin, eta kolegioan eta lizeoan hockey hautabidearen proposamenarekin. Ondorioz honek etorkizun eder bat suposatzen du taldearentzat.
Kondutan hartuz senior taldearen profesional mailaraino heltzea, “Anglet Hormadi Club” taldeak bere funtzioak bitan zatitu ditu, 2000ko uztailean “Anglet Hormadi Elite”(profesional taldea) eta “Anglet Hormadi amateur” lortzeko. Klubak jasan arazoak
Duela hiru urte, Hormadi taldea Frantziako “Elite” Ligatik maila batez jautsi zen, D1–era heltzeko. Ondotik, oraino inorentzat argi ez diren diru arrazoiengatik taldea D3–ra jaustea agindu zuen FFHG–ko kudeatze batzordeak. Gainera, debekatu zieten urte batez D3 mailatik upatzea. Argazkia: dmjarvey
Horretarako ekipa biziki heterogeneoa daukate: jokalari batzuek Frantziako maila gorena ezagutu dute eta beste batzuk sartu berriak dira taldean. Bainan gaur egun entrenatzaile berri batek, Patrick Lefebvrek, dinamika on bat ekarri dio ekipari.
Gainera Hormadik, ekonomikoki zituen arazoak eta FFHG–ko kudeatze batzordearekiko kexatzeak konpondu dituzte, eta ahalmen guztiak beren esku artean dituzte.
Bestalde, esaterako 2008an, Hormadi taldeak Espainiako Ligan aritzea erabaki zuen baita ere, Frantses Federazioarekin zuten desadostasunaren erakusteko; horrek Hormadi eta Donostiako “Txuri–Urdin”en arteko partiden ikusteko parada ematen du adibidez. Bainan Frantziako D3–an aritzen segitzen du, eta txapelketa horretan “play–off”etara heldu dira, 2009ko apirilean D3–ko Frantziako txapeldunak bilakatuz, partida bat ere galdu gabe. Horren bidez D2–ra igoko dira bainan taldeak galdetu dio FFHG–ko kudeatze batzordeari D1–rat igoaraztea, zuzenki, D2–tik pasatu gabe. Palmaresa eta jokalari ospetsuak
Urtez urte, Angelu Hormadi maila apalenetik Eliteraino heldu da. Eta hortik gainera, parada izan du behin Europako Kopan aritzeko, 2001–2002–an, 3garren itzulia arte. Han, bere multzoko Oslo, Londres eta Jukurit (Finlandia) taldeen kontra galdu zuen. Haatik ez du sekulan titulurik irabazi Angeluk, beti bi edo hirugarrena kokatu baita dibisio guzietan, eta nahiz eta finaletan parte hartuz, ez du Frantziako Koparik ere irabazi. Aurtengoa beraz, D3–ko txapelduna, bere lehen titulua da.
Bob Ouellet: Québec–eko Montréal–ekoa da. Angelura jiten da, eta bigarren dibisiotik, Elitera pasatzen da taldearekin. Gero, Eliteko hainbat taldeekin ariko da, eta Frantziako taldean sartuko, joko olinpikoetako lehiaketan parte hartzeko. 2001 eta 2003 artean itzuli da Euskal Herrira, entrenatzaile gisa.
Brian Propp: Kanadako Saskatchewan probintzian sortu da eta gazte gaztetik atera da goi mailako jokalari bat bezala. 1979 eta 1991 artean, LNH–n ari izan da, Estadu Batuak eta Kanada–ren artean osatzen duten txapelketa, munduko zailena. Kanadako taldearekin, munduko txapelduna bihurtu da ere, 1987–an. 1994–an, bere karrera bukatzeko, urte batez ari izan da Angelun.
Xavier Daramy: Taldeko jokalari ospetsuena. 1981an sortu da Baionan, eta Hormadin formatua izan da. Aurrelaria da eta gol markatzaile bikaina. Gazte gaztetik, Frantziako hoberenen artean kokatu da. 17 urtekin, Québecera joan da, han maila gorenean ari izan da St Jér?me eta Rought Riders taldeetan. 2004an, Hormadira itzuli da, eta erabaki du taldean gelditzea, nahiz eta proposamen ainitz izan beste taldeen partez. Elkarrizketa: Xavier Daramy, Hormadiko kapitaina:
Zer pentsatzen duzu Hormadiren ibilbideaz?
Pausoz pauso egin dugu, bainan batez ere egituratu da talde baten inguruan, eta lortu dugu aintzinatzea, Eliteraino heltzea.
Zergatik gelditu zira Hormadin?
Hemen sortu naiz, eta informatika ikasketak segitu ditut Angelun, eta berantago, Angeluko Herriko Etxean sartu naiz. Gero, jakin behar da, nahiz eta hockey–a erdi–profesionala izan, ez da asko irabazten. Orduan, nola parada nuen nire herrian gelditzeko, nahiago izan dut hautu hori egin, nahiz eta ez garen maila hoberenean gelditu. Argazkia: striatic
Zer pentsatzen duzu Hormadiren ibilbideaz aurten?
Gure helburua zen D2ra (bigarren dibisioa) igotzea, erraza zen, bainan egin behar zen, eta lortu dugu. Orain, gelditzen zaiguna egiteko da, ahal bezain laster D1era upatzea. Federazioak baimena ematen badigu D3tik D1era zuzen pasatzeko, hainbat hobe guretzat. Ez bada hala, heldu den sasoian, irabaziko dugu D2–ko txapelketa!
D2 hori saltatzen ahal dugu beste talde batzuk diru arazoak baldin badituzte, eta Federazioak baimena ematen badigu, bainan nik ez dut horretan sinesten batere.
Zer duzu uste pairatu duzun D1 eta gero D3raino jausteaz?
Guri, jokalarioi, pena eman digu horrela jausteak, gainera ez gure kirol emaitzengatik. Eta oraino pena handiagoa D3raino jaustea, lehengo talde arduradunei egin dituzten finantza arazoengatik. Egoera hori ikusita, jokalari gehienek erabaki dute hala ere Angelun gelditzea, eta leialak izaitea.
Preseski, bada giro on bat taldearen barnean?
Bada biziki giro ona, eta gehiago erranen nuke, hamar jokalari horien inguruan, zorion eta momentu txarrak elgarrekin bizi dituztenak. Aurten errazago izan da, bainan aitzineko urteetan, egia da, zailago izan dugu, hockeyan aritzea. Denek bizi izan dugu hockeya Elitean, eta gero maila apalenean.
Pentsatzen duzu Hormadik etorkizun zoriontsu bat izanen duela, ikusiz egiten dituzuen indarrak formazioaren bultzatzeko?
Hortaz seguru naiz, zeren formazio zentro hori “moustique”tik (9 urte baino apalago), gaztetaraino badoana badugu, kirol–ikasketa hautabide batekin, bai kolegio, bai lizeoan. Eta hori, Eliteko talde guziek ez dute. Gainera, aurten egituratu gara Québeceko entrenatzaile batekin. Hori guzia, etorkizun esperantzaduna da “junior”etan diren gazteentzat.
Zer duzu uste hockeyaz, Frantzia mailan?
Maleruski ez da aski mediatizatua. Halere, Frantziak lortu du Munduko lehen taldean egotea, horrek biltzen ditu munduko 16 talde hoberenak, maila horretan, garrantzitsuena segurtatua da. Gero, espero dut hockeya hedatuko dela, bainan nolaz ondorio gutti duen hedabideetan, eta ez den profesionala, dudak baditut horretan.
Nahiago ote duzu Frantziako txapelgoa edo Espainiakoa?
Bistan dena, Frantziako maila, Elite– hartzen bada, hobea da eta beraz, nahiago dut jokalari onen aurka aritu. Kokatuko nuke Espainiako txapelgoaren maila, Frantziako D2 eta D1 artean, bainan kondutan hartu behar da ez dela batere orekatua Espainiakoan. Badira hiru talde balio dutenak, eta beste bostak, zinez txarrak dira (irriak). Beraz, ez da hamaika aldiz pentsatzekoa, nahiago dut Frantziako txapelketan aritzea.
Milesker ainitz Xavier!!! Fitxa teknikoa
Izena: Anglet Hormadi Koloreak: xuri, berde, gorri. Sorturtea: 1969 Egoitza: “La Barre” lerrategia Jarleku kopurua: 1.200 Webgunea: anglethormadi.fr Historikoa
1969: Taldearen sortzea 1975: Izotz–hockey eskola bat sortzen da 1996: Lehengo izena (Les hockeyeurs des sables) abandonatzen dute, eta “Les Orques d'Anglet” deitzen dira hortik aitzina. 1997: Elite–ko txapelketan parte hartzen dute. 2001: Bigarrenak Frantziako txapelketan 2002: Parte hartze Europako Kopan 2003: Eliteko finalistak 2007: Diru arazoengatik, FFHG-k bortxatzen du Angelu D1–ra jaustea irailean, eta azaroan, D3–ra dute jaustarazten. Gainera, debekatua dute D3–tik upatzea urte batez. 2008: Parte hartze Espainiako “Supercopa”–n. Finalistak 2009: D3–ko txapeldunak