519 Zenbakia 2010-02-05 / 2010-02-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Karmelo Muñoa. (Ikasbidea Ikastolako zuzendaria): “Praktikak teoriak baino gehiago erakusten du”

MAULEÓN, Nerea ULECIA, Goizeder

Duranako Ikasbidea Ikastola



Karmelo Muñoa Ikasbidea Institutu Publiko Integralaren zuzendaria da. “Urte gehiegi ditut gauza onerako”. Gasteizen jaio baldin bazen ere, Aramaion bizi da. Urtebete egin zuen zuzendari karguan 2009ko ekainean eta elkarrizketa egiteko aprobetxatu dugu.

Gaur egun zuzendari zaren moduan lehen irakasle ere izan zinen. Alde handia al dago bi lanen artean? Zein duzu gustukoena eta zergatik?

Bai, alde nabarmena dago lan bat eta bestearen artean. Bi lanak ezin ditut konparatu oso ezberdinak baitira elkarren artean. Gustukoena zein daukadan berriz, uste dut erantzun egokiena bakoitza bere momentuan dela, unean egiten ari naizena ahalik eta hobekien egiten saiatzen bainaiz. Karmelo, Ikasbidean.

Zein ikasketa egin dituzu?

Irakasle ikasketak egin nituen. Bestalde, zuzendari izateko garai batean bi ikastaro burutu nituen. Hala ere, ez ezazu broma erraza egin; bai, badira nahikoa bi ikastaro zuzendari izateko... kar, kar, kar! Praktikak teoriak baino gehiago erakusten du, horixe da ahaztu behar ez dena.

Zergatik ikastetxe publiko gehienetan inork ez du bere burua aurkezten zuzendari izateko? Horrek ba al dauka konponbiderik?

Alde batetik, zuzendari izatea lan gogorra eta astuna delako, bestetik, alde guztietatik arazoak sortzen direla ematen duelako eta hirugarrenik, administrazioak lan horren guztiaren truke deus ere ematen ez duelako. Konponbideaz galdetzen badidazue, arestian aipaturiko hirurak aldatuta uste dut egoera bestelakoa litzatekeela.

Ikasbidea Ikastola IPIa da, hots, Institutu Publiko Integrala. Zer esan nahi du horrek?

Horrekin esan nahi da ikastetxeak etapa guztietan eskolak emateko aukera duela, hau da, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta DBHO. Ikastetxe hau bezalakoa den beste ikastetxe publiko ba badago Bizkaian. Gainerako guztiak pribatuak dira.

Horren ikastetxe handia izanik, zuzendariak ez du eskolarik ematen. Sumatzen al duzu irakasle izatearen hutsunea?

Zuzendari izateak duen alderik latzena da hori, horrenbeste ikasleko ikastetxea izateak eskolarik ezin ematea dakar. Pentsa dezakezun moduan gauza askoren falta sumatzen dut: ikasleen hurbiltasuna, ikasgeletan sartzea, zaintzak... Zaintzak? Ez, ez dut zaintzen falta sumatzen... kar, kar, kar...

Askotan zuzendari kargua lan burokratiko hutsa da eta nik ez nituen ikasketak horretarako egin. Izendatua izan naiz urte baterako, baina uste dut hautatua izango naizela denbora luzeagoan (tamalez ala zorionez).

Zure ustez zertan da desberdina Ikasbidea?

Lehen aipatu dudan moduan integrala izatea bada diferentzia nabarmena. Horri eransten badiogu ez dagoela Gasteizen bertan eta ikasle guztiak bertaratu egin behar direla, uste dut badela nahikoa beste ikastetxeetatik desberdintzeko.

Hala ere, aipatuko dizkizut niretzat alde onak direnak: integrala izatearekin bat, kalitatezko hezkuntza bermatua, eta, oro har, ikasleek euskara maila dezentea lortzea datoz.

Zoritxarrez, bere alde txarrak ere baditu: garraioa dela–eta zailtasunak dauzkagu egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Bestalde, DBHn eskolak goizez eta arratsaldez ematen dira eta horrek guztion bizi kalitatearen aurka egiten du. Eta bukatzeko, nire uste apalean, administrazioak diru inbertsio handiagoak egin beharko lituzke, kontuan izanik ikastetxeak duen garrantzia (bai, ikasle kopuruaren aldetik, bai hezkuntza kalitatearen aldetik).

Gogoratuko diguzu zein den Organo Gorena ikastetxe publiko batean eta zer suposatzen duen horrek?

Eskola kontseilua da gure ikastetxeko Organo Gorena. Bertan gurasoak, ikasleak, irakasleak, irakasle ez diren langileak eta zuzendaritza daude ordezkatuak. Bertan hartzen eta onartzen dira ikastetxeari dagozkion erabaki guztiak. Halere, zenbaitetan egoera batzuek bat–bateko erabakia eskatzen dute, eta horrelakoetan neuri dagokit lan hori, erabakirik latzenak hartzea, alegia.

Bada jendeak eta zehazki ikasleek sarri–sarri ahazten duten gauza bat: zenbat gastatzen den urtearen zehar egin diren hondaketak konpontzeko...

Ez dakit zehatz–mehatz zenbat diru gastatzen den; edonola ere, izugarria da, ikastetxeak (barkatu, geuk guztiok) ordaintzen duen dirua baita. Badirudi batzuek gustuko dutela dirua alferrik gastatzea triskantzak konpontzeko, beharrezko sosak guk geuk ordaintzen ditugun zergetatik ateratzen baitira.

Ametsen arloan amai dezagun hizketaldia. Zer egin behar dugu Ikasbidea ikastolan ordutegi jarraitua izateko DBHn? Proiekturik bai etorkizunerako?

Ni betidanik izan naiz ordutegi jarraituaren aldekoa, hots, DBHko jardunaldi trinkoaren aldekoa. Politikariek legea aldatu beharko lukete. Ikus dezagun gobernu berriak dioen bezala, aldaketaren tenorea den horretan ere.

Proiektuen artean, bi urteko ikasleentzat gelak antolatzea gustatuko litzaidake. Horretaz gain, DBHn hirugarren hizkuntza sartzea ere ez legoke batere gaizki. Horri guztiari DBHrako jardunaldi trinkoa lortzea eransten badiogu, uste dut nire buruarekin eta lanarekin konforme baino gehiago geratuko nintzatekeela. Eta hori guztia hasteko noski!