519 Zenbakia 2010-02-05 / 2010-02-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Janaria eta emozioak: desoreka

NUR KHIARI, Argiñe SAN JUAN, Maite

Duranako Ikasbidea Ikastola



Emozioek zure elikadura baldintzatzen dute: positiboak badira, errazagoa izango da era osasuntsuan elikatzea; gatazkatsuak direnean, berriz, elikaduran desoreka sor dezakete. Zalantzarik gabe, gure gizartean jende askok ez du ondo jaten. Mota askotako eta oinarri desberdina duten trastornoak egon daitezke elikaduran eta hurrengo lerroetan horietako batzuk aztertzeari ekingo diogu.

Hasteko, badago jaten duten janari kantitatea neurtzen ez duten pertsona asko eta asko, zehatzago esanda, gehiegi jaten dutenak. Agian pentsa daiteke arazo hori bakoitzaren fisionomiarekin lotuta dagoela soilik, baina badaude beste faktore asko horretan eragina dutenak.

Lehenengo eta behin, aipatu beharra dago norberaren haurtzaroa; aro horrek, heldutasunean izango duzun jarrera erabat baldintzatzen du. Adibidez, amak bere haurrari elikagaiak ematen dizkio, baina ez hori bakarrik, baizik eta maitasuna, laztanak eta baita lasaitasuna ere bai. Horrexegatik, haurrak elikatzea bere amarekin daukan loturarekin erlazionatzen du eta horrek ongizate emozionala sortarazten dio. Haur hori nagusitzen denean eta benetako errealitatearekin bakarrik borrokatzera behartuta dagoenean ezin badu oreka emozionala lortu, janariaren plazerean, maitasunean, lasaitasunean babestuko da.

Bigarrenik, norberaren barne larritasuna dugu: nagusitzeko beldurra, agresibitatea edota zailtasun afektiboak. Horrelako sentimenduak eduki arren kanporatu nahi ez dituzten pertsonek oro har gehiago jaten dute beren larritasuna liberatzeko. Ildo beretik, badago jendea bere ahoa janariz bete, oso azkar jan eta gutxi murtxikatzeko joera duena. Sentimenduak kanporatu nahi izan ezean, inkontzienteki janari asko sartzen dugu ahoan, hitzen bidezko adierazpena gutxitu nahian.

Bestalde, badago jendea janari kantitate eskasa kontsumitzen duena. Adituek diotenez, hori bi arrazoirengatik gerta daiteke: askatasun nahia eta norberaren gorputzarekin gaizki sentitzea.

Lehenengoari erreparatuz, nerabeen kasua dugu. Zalantzarik gabe haien artean arazo hori egunerokoa da, eta frogatuta dago askatasuna nahi duten nerabeek, bere gurasoei hori erakutsi nahian, janari kantitate gutxiago jaten dutela. Eta ez hori bakarrik: gehiena janari zaborra da, oso ohikoa gaur egungo tabernetan eta komertzioetan.

Bestetik, beren gorputzarekin txarto sentitzen diren pertsonek ere gutxiago jateko joera daukate. Horrela, pertsona bat bere gorputza ikustean deseroso sentitzen bada, bere buruari limiteak jarriko dizkio jateko orduan, eta horrek dieta egitera bultzatuko du. Baina ez dieta orekatu eta kontrolatua, norberak jarritakoa baizik, hots, egun batzuetan oso gutxi jan eta beste batzuetan gehiegi. Azken finean, etengabeko soka sortuko da, eta oso zaila izango da horretatik ateratzea. Horrexegatik, pertsona askok (nerabeak nagusiki) elikagaiekin erlazioa duten gaixotasunak pairatzen dituzte, hala nola, anorexia, bulimia...

Sor daitekeen beste arazo bat digestio txarra da. Badaude digestioa txarto egiten duten pertsonak, ustez, euren gorputzak elikagai konkretu batzuei uko egiten dielako. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago hori ez dela beti horrela izaten. Batzuetan pentsatzen dugu sabelaren kontua dela, baina errealitatean digeritzeak ere emozioekin lotura handia dauka. Adibidez, pertsona batzuek etxean bakarrik jaten dutenean digestio txarra egiten dute, baina lagunekin jateko orduan horretaz ahaztu eta ongi egiten dute. Beste era batera esanda, lagunekin edota konpainia onean elikatzea onuragarria da gure gorputza eta buruarentzat.

Bukatzeko, janari konkretu batzuekin obsesioa duten pertsonak aipatu behar dira. Zergatik gertatzen da hori? Erantzuna oso erraza da: elikagai horrek inkontzienteki faltan dugun pertsona gogorarazten digu, edota bizi izan ditugun egoera alaitsuak. Horrexegatik, geure buruak gorputzari eskatzen dio janari hori. Gauza berbera gertatuko da alderantziz, elikagai batzuei uko egingo diegu oroitzapen txarrak dakarzkigutelako.

Hitz gutxitan esanda, elikatzea ez da soilik janaria gorputzari eskaintzea energia emateko, baizik eta bizitza prozesu bat, barne sentimendu eta emozioekin nolabaiteko erlazioa daukan prozesua. Elikatzeko momentuan lagunekin edo familiarekin egotea onuragarria da norberaren gorputzarentzat eta bizitzari zentzua ematen dioten gauzez gozatzen ikasi behar dugu, baita elikaduraz ere.