520 Zenbakia 2010-02-12 / 2010-02-19
Artzainak gure mendi eta larreetan noiztik dabiltzan galdetzen baldin badiogu gure buruari, betidanik esatea nahiz eta askotxo izan, Historiaurrean dagoeneko bizimodu hau eramaten zutela ezagun dugu. Gure arbasoen ofizio nagusietako bat zen, nekazaritzarekin batera. Argazkia: FreeCat
Horrenbeste mende igaro dira gizon–emakumeek ardiak hartu eta bazkatzera eramaten zituztela, ez garela harritzen zenbat gauzatan aldatu den artzainen bizimodua. Eta horretan eragin zuzena izan dute garaian garaiko aurkikuntza zein aurrerapenek; esate baterako teknologiak. Baina bestelako aldaketak ere eman dira sektorean, eta hemen gutxi batzuk jasoko ditugu. Zertan aldatu da?
Teknologiak erraztasun ugari ekarri dizkio artzainari ezbairik gabe; esate baterako, ardiak jezteko moduari dagokionez, gaur egun ia toki guztietan dauzkate makina automatikoak; gainera, genetika arloan asko aurreratu da; zenbait artzainek GPS sistema erabiltzen dute ardiak kontrolatzeko eta uneoro non dauden jakiteko...
Bestaldetik, lanbide honetan aritzen diren gizon–emakumeen bizimoduan ere eragina izan dute urteen joan–etorriek artaldeari eskaintzen zaion denborari dagokionez. Horren adibide garbia da lehen denboraldi luzeetarako etxetik irten eta mendietara abiatzen zirela. Ondorioz, gure larreetan bordak aurkitzea ez da zaila, eta han ardiak gordetzeaz gain, beraien bigarren etxe ere bihurtzen zuten tokia. Gaur berriz, ez dira ohikoak halako egonaldi luzeak, noski, salbuespenak salbu. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)
Gainera, lehen pentsatzen zen artzain ona ofizioa familiatik ikasten zuena zela. Gaur egun berriz, badago artzain nola izan ezagutzeko beste modu bat, eta gure artean, Arantzazuko Artzain Eskola daukagu. Bertan ogibidearen xehetasunak irakasten dituzte; hala nola, ikasleek ardien elikadurari buruzko eskolak hartzen dituzte, artzain txakurrarekin nola lan egin, genetikari buruz ikasi, ekologia errespetatzen eta ardiak nola jezten diren...
Jakin beharrekoak, teoria eta praktika, biak uztartzen dira Arantzazun. Euskal Herriko zein kanpotik etorritako emakumezko zein gizonezkoek urtero aukeratzen dute ikastetxe hau, eta bertan ikasitakoak etorkizunean baliagarriak izaten zaizkie. Ikasle ugarik urtero bertan izena emateak, artzaintzaren osasun ona erakusten duela esan genezake.
Gainera, hainbat laguntza jasotzen dituzte artzain berriek, Artzai Gazta elkartea, Artzain Mundua- mundu mailako foroa-, Artzain Eskola bera... Eta bestaldetik, praktika honen bitartez, ingurunea errespetatu eta babesteko lanean ari diren taldeak ere badaude, horien artean, Mendiko Larreak izenekoa; honek, Aralar eta Aizkorriren inguruan buru–belarri dabiltza.
Halere, nahiz eta artzaintzak gure artean egun bizirik dirauen, begi bistakoa da egun horretatik bizi direnen kopurua ez dela antzina bezain handia. Industrializazioak esaterako, nabarmen eragin zuen jendeak bizimodua alboratu eta bestelako ohiturak hartzeko unean. Hala eta guztiz ere, berriz ari da jendea mundu honetara gerturatzen, ingurumenarekin errespetuan bizi eta gure asaben usadioei berriz heltzen, modernitatea lagun dutela.