520 Zenbakia 2010-02-12 / 2010-02-19
Norberaren herria atzean utzi eta mundu berri batetan barneratzea ez da inorentzako erraza izaten. Hala ere, historian zehar asko izan dira, dela abenturagatik, dela beharrizanak bultzatuta, kanpora joatea erabaki dutenak. Eta jakina den bezala, euskaldunek ere munduko bazter ugaritan egin dute habia.
Mendeak egin behar dira atzera euskaldunon migrazio joeraren hasierei erreparatzeko. Asko, kontinente zaharrean zehar mugitu ziren bitartean, besteak itsasontzietara igo eta lur berrien bila abiatu ziren. Faktore ezberdinek izan zuten eragina lekualdatzeetan. Horien artean, mendeetan zehar euskaldunen ohitura, oinordekotza seme–alabetariko bati soilik uztea zenez gero, jatekoaren bila abiatzen ziren ezer jasotzen ez zuten asko.
Edota pilotariak ziren beste batzuk eta Filipinetan edota Amerikako Estatu Batuetan kirol honek zeukan arrakastaren berri eduki eta aukera aprobetxatzea erabakiz, beraien etxeak uzten zituzten. Beste ugarik, bizimodu hobea desiratzen zuten soilik eta edozein lan bilatzeko asmoz joaten ziren urrutiko lurretara. Euskaldunak, munduan artzain
Eta nola ez, askok artzain moduan lan eginez aurkitu zuten irtenbidea. Euskal Herriko udalerri ugaritako gizonez bete ziren bazterrak XIX. mendean zehar, nagusiki, Hego eta Ipar Amerikan. Adibide bat ipintzearren, Argentinara iritsi zirenetatik askok Panpa inguruetan egiten zuten lan artaldea zainduz; Ipar Ameriketan berriz, Nevada, Buffalo, Idaho zein Kaliforniako estatuetan barneratu ziren, besteak beste.
Eta ez zitzaien erraza suertatuko arrazoi anitzengatik, besteak beste hizkuntza arrotzengatik. Argentinan gaztelaniaz hitz eginez molda zitezkeen akaso, batzuei ezagun zitzaielako lengoaia; baina ingelesez? Bestetik, etxetik horren urruti egoteak ere eragin zuzena zeukan beraiengan, eta ezin dugu ahaztu bakardadean igarotzen zituzten denboraldi luzeak...
Eta bolada batzuk egiteko horietan ibili ostean, zenbait Euskal Herrira itzuli ziren bitartean, besteek egun batean herrialde arrotz izanikoa beraien etxe bihurtu zuten; hori bai, sorterria bihotzean eramanez. Zuhaitzetako istorioak
Esan dugunez, asko izan ziren AEBra artzain joandakoak eta horren inguruko ikerketa ugari burutu dira azken hamarkadetan; esate baterako XX. mendeko azken urteetan, Renoko Unibertsitatean (Nevada estatua) dagoen Center for Basque Studiesek bultzatuta egin dira asko.
Eta izen ugari aurkituko ditugu lan horien atzean, besteak beste, nazioartean ezagun den William A. Douglass –Euskal Ikerketen zentroko sortzaileetariko bat– edota Joxe Mallea–Olaetxek historialarienak.
Azken honek gainera, Mendebaldeko basoetan aspalditik ezagun ziren Lertxun Marrak moduan batailatutako zuhaitzetako zizelkadurak ikertu zituen urte luzeetan eta asko euskal artzainen ekarpenak zirela konturatu zen. Informazioa batu, katalogatu eta liburu bat argitaratu zuten Lertxun Marrak, Basque Tree Carvings. Aiztoz eginikoak ziren eta gizon–emakumeen figurak irudikatzen zituzten batzuetan, bestetan berriz, idatzizko mezuak.
Komunikatzeko, artea sortzeko, denbora pasatzeko... Zergatik egiten zituzten zehatz–mehatz inork jakin ez arren, informazio iturri oparo bihurtu ziren zuhaitz dekoratu bitxi haiek. Izan ere, askotan artzainaren izen–abizen, jatorri zein urtea agertzen ziren; pentsa zenbat datu jaso diren horietatik!
Guzti horiei omenalditxo bat eginez, Nestor Basterretxea eskultore euskaldunaren Euskal Artzainari monumentua ikus daiteke Renon. Artalde eta zakurraren konpainia hutsarekin handik hona ibiltzen ziren hilabeteetan zehar; naturarekin gozatu bai, baina negu gorrietan edota urtaro beroetan momentu latzak biziz...