522 Zenbakia 2010-02-26 / 2010-03-05
Historian zehar Nafarroa gertakari askoren testigu izan da. Bertako herrietako lekukotasunen zatitxo bat jaso nahian, gaurko honetan, Los Arcosetik Vianarako bidaia proposatzen dizugu. Los Arcos. Historiaren itzuliak
Lizarrako merindadea bisitatzeko parada izango dugu eta Los Arcos aukeratu dugu irteera puntu bezala. Herri txiki honen historiari erreparatzen baldin badiogu, mende ugari atzera egin eta XII. mendean –1175. urtean zehazkiago esanda– Santxo Jakitunak herriari foruak eman zizkiola erakusten dute datuek. Noski, gertakari horren aurretik ere bizitza zeukan tokiak eta makina bat gertaera jazo dira historiaurretik; besteen artean, erromatarrak Los Arcosen izan ziren, ostean X.mendean, musulmanak iritsi ziren herrira eta XIV.ean berriz, judutar kolonia txiki bat.
Los Arcoseko herritarrek nafar sentimendua barnean zeramatela esaten da, ezen lurraldeko erreginari leialtasuna zin egin zuten 1276an. Patuak baina, beste etorkizun bat prestatu zien, eta 1463an Gaztelaren eskuetara pasatu zen herria; Nafarroak ez zuen inoiz zilegitzat eman gertaera. Eta horrela bizi izan ziren 260 urtez, harik eta 1753an herria Nafarroaren parte izatera bueltatu zen. Vianako Longarreko Hipogeoa. K.a. 2850 eta 2500 urteen artean datatuta dago. Argazkia: Archivo Sahats (3digitala)
Datu horiek ezagututa, ez da harrigarria eraikin zibil zein erlijiosoetan historiaren zantzuak aurkitzea. Hala, kaleetan barrena garai eta estilo ezberdinetako etxeak ikusiko ditugu, XVIII. mende erdialdeko udaletxea, esaterako. Gainera, erlijioak garai batean edukitako indarraren erakusle –eta Donejakue bidean egoteagatik–, XII. mendeko San Blas ermita zein XVII. mendeko Kontzeptzionisten Komentua aipa genitzake. Azken datu bat Los Arcos atzean utzi eta gure bidean aurrera egin aurretik; Erdi Aroan gaztelu bat zeukan herriak, harik eta XVIII. mende inguruan desagertu zen arte. Gure helmuga, Viana
Hemeretzi kilometro egingo ditugu hego–mendebalderantz eta Vianako herrira sartuko gara. Arkeologia gustuko baduzu, jakin historiaurreko aztarnategi ugari daudela inguru horietan. Urra Etxea. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo (3digitala)
Garai modernoagoetara jauzi eginez, Viana defentsarako herri bilakatu zuten 1219an behin udalerria berreraikita, forua eman ziotenean. Hain zuzen ere, Logroño moduko Gaztelako hiri indartsua horren gertu egoteak –11 kilometro eskasera– neurriak hartzea ekarri zuen; harresiz inguratutako udalerria zen eta gaztelua ere bazeukan. Esan moduan, leku estrategikoa zen eta setio ugari pairatu zituen ondorioz. Udalerriari buruzko beste xehetasun bat; XV. mendean, Vianako printzerria sortu zen eta ordutik aurrera, Nafarroako tronurako oinordekoek jaso zuten titulua.
Guzti horrez gain, geure bisitaldirako Vianako arkitekturaren zertzelada batzuk gomendatuko dizkizugu. Hala, besteak beste, XIII. mende amaieran eta XIV.aren hasieran eraikitako Santa Ana parrokia gotikoa; Foruen plazan kokatutako XVII. mendeko udaletxe barrokoa; estilo bereko San Frantzisko Komentua, hau ere XVII.ekoa.
Gaurkoan eraikin esanguratsuenak bisitatzera animatu zaitugun arren, gogoratu gure udalerrietako zoko ezkutuenek ere edertasuna gordetzen dutela. Horien bila atera eta egun pasa eder bat igaro dezazula. Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Iratiko oihanean barna Urbasa eta Andia Parke NaturalaGorbeia Parke NaturalaLekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroazGoierri ezagutuzKorresetik Maeztura, paisaiaz gozatuzDurangaldea Lizarra inguruetan Txingudiko badianMungia aldeanUribarri Ganboa urtegia inguratuz Erriberrira bidean Pasaia–Astigarraga Zuia hobeto ezagutuz Arratiako txokoak Baiona Ttipitik aurrera Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com