522 Zenbakia 2010-02-26 / 2010-03-05
Beti esaten da, hizkuntza bat menperatu nahi duenak jatorrizko herrialdera jo behar duela praktikatzeko. Zure kasuan, flamenkoarekin, berdina egin zenuen.
Bai. Gasteizen deskubritu nuen flamenkoa, eta urte eta erdiz bertan eskolak hartu ostean gogoeta bat egin nuen; benetan honetatik bizi nahi izanez gero, Andaluziara joatea izango zen onena. Eta halaxe egin nuen, ikastaro trinko bat egitera abiatu nintzen uda batetan.
Flamenkoa azken batean, Andaluziako kultura da eta hori kalean atzematen da, alde guztietan presente dagoen zerbait baita. Benetako esentzia topatu nahi izanez gero, beharrezkoa da haraino joan eta bertako giroaz bustitzea.
Eta helburu berdinarekin joandako beste herrialdeetako jendea ere aurkituko zenuen, ezta?
Kultura nahasketa ikaragarria dago han, flamenkoa ikastera joandako mundu osoko gizon–emakumeak aurkitzen baitituzu. Pentsa, japoniarrekin, amerikarrekin zein australiarrekin hartu ditut eskolak eta aitortzen dut, Granadara iritsi nintzen aurreneko aldian zur eta lur geratu nintzen. Ezen Euskal Herrian oso gutxi ezagutzen den artea da flamenkoa, eta beste herrialdeetan zer nolako arrakasta duen ikustea, harrigarria egin zitzaidan!
Eta zergatik da oraindik ezezagun euskaldunon artean?
Nik politikak eragin apur bat izan duela eta Frankismo garaitik datorren zerbait dela pentsatzen dut. Izan ere, orduan Espainia saltzeko modu bat zen flamenkoa, eta Euskal Herriak sufritutako errepresioaren eraginez errefusatu egiten zen; normala da neurri batean. Zorionez baina, aldatzen ari da eta flamenkoa artea dela eta zerbait berezia duela ikusten ari gara.
Sentitu al zara inoiz zomorro arraro flamenkoa aukeratu izanagatik?
Etxean sekula ez zuten flamenkorik entzun ni hasi nintzenera arte, eta lehenengo ikastaroan izena eman behar nuela komentatu nienean, flipatu egin zuten. Baina orain oso pozik daude eta gainera, ulertu egiten dute flamenkoa, benetako gauzak ikusi dituzte eta beraien aurreiritziak baztertu.
Halere, esango nuke ez naizela inoiz zomorro sentitu; aldiz, ulertzen ez nindutenaren sentsazioa bai eduki dudala zenbaitetan. Egia esan, ingurukoek ezagutzen naute, eta beti errespetatu dute nire aukera. Gero, badaude zurekin elkartu eta sevillanak dantzatzen jarraitzen duzun galdetzen dizutenak!
Eta ez al dira gauza bera?
Nahiko desberdintasun dituzte! Sevillanak folklore kutsua dauka, eta ia ez dago inprobisaziorako tokirik, beti urrats berak jarraitzen baitira. Hasieran ez zitzaidan batere gustatzen arrazoi horregatik, baina beno, denborarekin bere erakargarritasuna aurkitu diot eta balioetsi egiten dut. Esaterako, Sevillako Apirileko Ferian, mundu guztia ikusten duzu dantzan, baita gandor handienak daramatenak ere.
Flamenkoa berriz, erritmoa, pasio eta inprobisazioa da. Inprobisazioa diot, ikuskizunak oso entseatuta egoten direlako eta niretzako benetako edertasuna, jendea elkartu eta momentu horretan sentitzen dutena espresatzean datza. Barnetik ateratzen zaizuna jendeari helaraztea funtsezkoa da eta benetan emaitza ederrak irteten dira; noski, inprobisatua izanik, ziurrenik ez zaizu inoiz berdina aterako. Eta horixe da benetako flamenkoa, gustura zaudenean barne–barnetik, arimatik irteten zaizuna egitea. Bide batez, horrela ulertzen da estamos tan agustito kantatzen dutenean zer esan nahi duten!
Maila pertsonalean esanahi berezia du flamenkoak zuretzako ezta?
Pasioz egiten dudan zerbait da, nire bizitza. Agian norbaitek pentsatuko du, nork esango zuen baletean aritu ostean! Baina egia esan ez dira horren desberdinak. Biak dira dantzak, eta biek exijitzen dute dedikazio jarraitu bat, ardura handia eta lan gogor egitea, arlo horretan eboluzio bat eduki nahi izanez gero behintzat. Ez dakit zer egingo nukeen dantzarik gabe, akaso taberna batetan egingo nuke lan, batek jakin!
Orduan bizi al daiteke honetatik?
Niri geroz eta gauza gehiago irteten zaizkit, eta gainera, euskaraz egiteko ekimenak dira gehien bat. Herri ezberdinetan ematen ditut flamenko ikastaroak, eta jende mordoak eman du izena! Emanaldiei dagokienez ere, geroz eta aukera gehiago ditut eta azken aldian La Pulga y Compañíarekin nabil hortik hona, udalerri ezberdinetan.
Noski, bizitzeko lain ematen du, ez ditut milioiak irabazten! Halere, nahiago dut pozik bizi, eta gutxi irabazi, libre sentitzen naizen bitartean. Flamenkoarekin hasi eta bospasei urtetara gainera, erabaki nuen honetatik bizi nahi nuela, ez nuela beste ezertan lanik egingo. Eta kalean dantzatzen hasi nintzen, Sanferminetan adibidez. Pila bat ikasi nuen.
Flamenkoaren alde teknikoari erreparatzen badiogu, zer da dantzariok lantzen duzuena?
Flamenkoan fisikoki gorputz guztia lantzen da. Esate baterako oinen teknikak garrantzia handia dauka eta ordu asko sartu behar dira takoiz ongi jotzen jakiteko. Horrez gain, flamenkoa dantzatzerakoan, gorputz atal guztiak mugitzen dituzu, eta esan genezake, ariketa fisiko itzela dela eta forman ipintzen zaituela!
Guzti honek garrantzia duen arren, funtsezkoena norberak ondo pasatzea da, halako momentuetan transmititu egiten baituzu sentimendua; are gehiago, dantza egiten duzun bakoitzean, azkeneko aldia izango balitz bezala aritu behar zara.
Suposatzen dut, teknikaz gain estetika ere asko zaintzen duzuela.
Pilo bat! Eskatzen duen paratzea izugarri maite dut. Ni esaterako, harrokeria puntu batekin irteten naiz jendaurrera eta hala egiten diot aurre publikoari. Noski, dantzari guztiok ez dugu jarrera bera edukitzen, bakoitzak irteten zaion moduan egiten du dantza. Baina uste dut paperean sartzeko aukeratutako moduaz asmatu dudala, izan ere, ?hemen nago? esaten diet ikuskizunera gerturatzen direnei.
La Pulga duzu izen artistikoa, nondik datorkizu?
Flamenko munduan gainera oso ohikoa da ezizena edukitzea: Camar?n, El Cigala, Capullo de Jerez... Niri lagun batek ipini zidan eta horrela geratu naiz. Urduria eta txikia naiz, beraz, nola ez identifikatu ezizenarekin! (barre) Jendeak esaten zidan ea nola deitu nintekeen La Pulga, baina nik atsegin dut, eta burugogor, hala jarraitu nuen.
Hitz egin dezagun flamenkoan dituzun erreferenteez.
Carmen Amaya da nire idoloa. Emakume indartsua zen, eta iraultzailea aldi berean. Izan ere, ordura arte, emakumeek ez zuten takoirik jotzen, soilik gorputzaren goiko aldearekin espresatzen ziren, eta gizonezkoen lana zen zapatekin erritmoa jarraitzea. Amayak erakutsi zuen emakumeek ere egin zezaketela hori eta gizonezko askok baino hobeto, gainera!
Bestalde, Farruco familiaren estiloa ere asko gustatzen zait. Gainera bai Farruca eta baita Farruquitorekin ere, zenbait ikastaro hartu nituen Sevillan, eta pila bat ikasi nuen. Baina horiez gain, Sevilla eta Granadan irakasle on asko eduki ditut, Isabel Bay?n, Manuela Reyes edota Torombo, esaterako.
Eta ikasitakoarekin, seguidilla, alegria eta bulerias dantzatzen duzula dakit. Azalduko diguzu zertan desberdintzen diren?
Noski! Palo deitzen zaie eta artistak karakterizatu egin behar du bakoitzeko jarrera. Seguidillaren kasuari dagokionez, oso gartxua dela esango nuke, sentimendu handiz dantzatzen da, eta horren drama handia denez gero, barruko pena hori kontatu ezingo balitz bezala jokatu behar da.
Alegriaren kasuan, izenak berak esaten du zer den. Cadizetik dator, eta bertako ezaugarrietan pentsatzea besterik ez dugu egin behar: eguzkia, hondartza, cadiztarrak... Poztasunezko dantza da ezbairik gabe. Buleriak ere oso alaiak izaten dira, eta kasu hauetan gainera, festa giroa nagusi izaten da, txaloak, uluak...
Guztietatik bat aukeratu beharko banu ezingo nukeela aitortzen dut, momentu horretan nola sentitzen naizen, erosoago aritzen naiz batean edo bestean.
Aktore fazeta ere behar da beraz, horiek interpretatzeko. Esan genezake Askoa eta La Pulga pertsona ezberdinak zaretela?
Bai noski. La Pulga bihurtzerakoan eguneroko bizitzan erakustea kostatuko litzaidakeen harrokeria eta amorrua ateratzen ditut. Transformatu eta momentu berezia bizitzeko aprobetxatzen dut.
Eta La Pulga eszenatokira igotzerakoan, zein instrumentuk laguntzen dute?
Instrumentuak ez dira beharrezkoak, erritmoa edukitzea da garrantzitsuena. Izan ere, gerta daiteke ez gitarrarik, ez kaxarik ez eta abeslaririk ez egotea, baina erritmoa bikain eramaten duten txalo batzuek dantzaria laguntzea. Noski, abeslari baten laguntzarekin, edo gitarra, biolina, flauta edo bestelako instrumentuekin gauza politak irteten dira.
Horren harira, Zaramazulo lokal okupatuetatik irten zen Flamencos de Zaramazulo deituriko taldean nabil, eta bertan denetarik daukagu, bi dantzari, bi gitarra, biolina, perkusioa eta bi abeslari. Halere, aspaldi ez dugula ezer egin; ea etorkizunean irteten zaigun zerbait!
Bestalde, La Pulga y Compañíaren kasuan, gitarra eta kaxa egoten dira normalean, baina batzuetan taldekideak aldatu edo gehitzen zaizkigu.
Noraino heldu nahiko zenuke flamenkoan?
Zalantzarik gabe, dantzatzea eta horretaz bizi ahal izatea da xedea. Eta zergatik ez, antzoki handietan aritu eta gainera aretoak betetzea ere ez legoke gaizki! (barre) Horretarako baina, asko–asko ikasi behar dut oraindik eta bizitza guztia daukat aurretik. Baina beno, honekin jarraitzeko aukera eduki eta pozik bizitzearekin konformatzen naiz. Askoa Etxebarrieta (Gasteiz, 1976ko apirilaren 6a) Arabarra da Askoa Etxebarrieta Lasheras. Dantzan murgilduta bizi izan da txikitatik, aurrena balet klasikoa egin zuen eta ostean garaikideari ere heldu zion zenbait urtez. Gainera, solfeo ikasi zuen, eta 16 urte zituela bateria jotzen hasi zen. Urte batzuk igaro eta 2001ean, Gasteizko Zaramazulo lokal okupatuetan Rosa Lahoz irakasle zuen flamenko tailer batetan izena eman zuen, eta bertan konpasa, txaloak eta abar ikasi zituen. Flamenkoak harrapatuta, Andaluzia aldera abiatu eta ikastaro trinkoak egin zituen. Granada izan zuen harrera–etxe hasieran, baina hiru hilabetetik behin bueltatzen zen Gasteizera lan egin eta aurrera jarraitzeko dirua irabaztera; gero, beste lau urtez Sevillan bizi izan zen. Gaur egun dantza egitetik bizi da, emanaldiak eskainiz, baita irakasle lanak burutuz ere.