Euskonews Gaztea
Gaiak: Hiltzen duten amodioak
Gasteizko Olabide Ikastola (Batxilergoko 1.go maila)
Ia ez da pasatzen egun bat gai horri buruz ezer entzun gabe; telebistan, egunkarietan, irratian, politikarien ahotan...Guztiek begiratzen diote begi txarrez egoerari eta euren desadostasuna adierazten dute gai horren gainean. Bai jaun–andreok, emakumeenganako tratu txarrei buruz ari naiz edo modu “politago” batean esanda, genero–indarkeriari buruz. Zergatik ematen dira horrelako astakeriak hain garatua dela esaten dugun mundu honetan? Zergatik pertsona “zibilizatuak” direla esaten dutenek egiten dituzte horrelako basatikeriak? Oraindik erantzunik gabeko galderak dirudite.
Emakumeenganako gorrotoa edo mesprezua, zoritxarrez, horren da zaharra gizakiaren sorrerara joan behar garela kausak ulertzeko. Herrialde askotan (guztietan ez esateagatik) begi txarrez eta desilusioz ikusten zuten (eta gaur egun ere zenbait tokin gertatzen da) neska baten munduratzea. Jaio bezain pronto bere bizitza lan ezatseginenak egitera kondenatuta eta gizonen azpitik bigarren maila batean egotera kondenatuta egoten dira. Kristautasunak ere emakumearenganako gutxiespenari lagundu zion “deabruaren alabak” edo “ezpurutasunez beteriko ontziak” bezalako espresioak erabiltzen emakumeak izendatzeko.
Garai guztietan emakumea gizonaren “objektua” izan da eta horrek gaur egungo gizartean ere emakumeak tratu txarrak jasaten dituela inplikatzen du. Hamabi orduro emakume bat hiltzen omen da bere bikotearen eskuetan. Zenbat aldiz entzun dugu komunikabideetan bukatzen ez den soka hori... “eta honekin badira 46 bere bikoteen eskuetan hil diren emakumeak...” Aski da! Argazkia: Kinn?idigh Garrett
Genero–indarkeriak emakumea gaur egungo munduan gizonen azpitik dagoela frogatzen du.Adibideak nonahi aurkitzen ditugu: gizonek erraztasun handiagoa dute lana topatzeko, emakumeak dira lan desatseginenak dituztenak... Giza Eskubideen hirugarren artikuluak hitzez hitz esaten du: “emakumeek kargu publikoak betetzeko eskubidea izango dute baita legislazio nazionalak ezarritako funtzio publiko guztiak betetzeko eskubidea, gizonen baldintza berdinetan, diskriminaziorik gabe”.
Orduan, zergatik ematen dira halako desberdintasun nabariak? Non geratu da “diskriminaziorik gabe” hori? Zerk bultzatzen du gizon bat bere bikotea jotzera eta kasu larrienetan, hura hiltzera? Nork daki. Dakigun gauza bakarra, arazo hori ez dela horrela geratu behar da. Zorionez, badirudi gizartea gero eta kontzientziatuagoa dagoela eta neurriak hartzen ari dela, baina oraindik bide luzea geratzen da genero–indarkeria behingoz desagertzeko. Ez ote da horren zaharra den zentzugabekeria hau alde batera uzteko garaia?