523 Zenbakia 2010-03-05 / 2010-03-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mendikotako neskagaitzak

BEDAXAGAR, Maider



Noiztanka potikoek galtegiten deiküe “Zer egiten düzüe entrenamentüetan?” Ordüan gük arrapostü emaiten deiegü “Züen ber gaüza to!! Ariketa fisikoak, plakatzeak, balu iganarazteak, süstengü ariketak, zelaian kokatzeko ariketak, bihotzaren trebatzeko ariketak, balua zankoekin joiteko ariketak... rügbia hots!” Xiberoa eta kirola

Dakigün bezala, potikoek üsatzen düen leküetan neskatilen sarraztea ez da aizü. Aizü? Eta zentako ez giniro isera ?

Xiberoan, rügbiak lekü handia dü. Zonbaiten ustez, pelotari leküa hartü deio rügbiak. Hasteko, 8 urtetarik harat edozoin herritako potikok rügbia hasten ahal dü. Xiberoko potiko kopürü handi bat rügbian ari da egün Xiberoan. Gazterik hasirik, üsü maila hona ardiesten düe jokalariek. Holaz, üsü agitü da jokalari zonbait profesionalisa ditian zahartzeala bürüz, hala nola Beñat Arrayet, Urdiñarbetarra, Baionako Aviron Bayonnais taldean sartü berri dena.

Potikoen ibilbide hori ontsa ezagütürik da xiberoan. Bena ez dira bakotxak, hona hiru urte Xiberoko kirol zelaietan neskatilak agertü direla.

Neskatila rügbi taldearen historia düala sei urte hasi zen. Ordüan, xiberoko rugbi taldea izena hartü züan. Hamabost bat neskatila bildü ziren, astean behin entrenatzeko. Ordü haietan Mauleko SAM (Sport Athlétique Mauléonnais) kirol taldeak ez zütüan neskatilak bere klubean onartu. Ahal bezala, bi urtez talderik gabe erauntsi düe, entrenamentü egitez eta partidarik ez.

Berantsago, iseatü düe Barkoxeko kirol taldean sartzea. Klub honen izena Barkoxeko geroa da. Urte batez han entrenatü ziren. Halere gaüzak ez ziren anitx kanbiatü: neskatilak beti ere talderik gabe ziren, erran nahi beita finantziaketarik gabe, estrüktürarik gabe eta beraz beste taldeen kontre aritzeko paradarik gabe.

Hala non, azkenekotz , Mendikotako US Menditte kirol taldeak proposatzen deien haien klubean sartzea. Frantziako kirol federakuntzatik jin sos lagüngoa bat dela medio, neskatilak kirol talde batetan sartü ahal izan dira. Berri on horik ikusirik, neskatila anitx interesatzen hasi da rügbiari. Anitx inberatü dira eta esperientzia txeste nahi izan düe. Haboroenak laketü ere dira. Egün berrogei bat jokülarisa kontatzen dütügü. Neskagaitzak

Bi izen hartü dütüe, bata üsatüa, Mendikotako neskatilak bestea berriz kokillotago, Neskagaitzak.

Aurten, 18 urtetik gorakoetan 21 neskatila bada, eta gazteagoetan berriz, 18 arizale. Kasik oro xiberotarsak dira, bena manexina zonbait ere ari dira bai eta biarnesina bakan eli bat ere. Talde gaztea da düdarik gabe, haboroxiak 20 eta 22 urteren artean dira.

Astean berritan entrenatzen dira, asteazken gaüez eta neskenegün goizez edo ostirale gaüez (zelaiaren disponibilitatearen arabera). Handienen entrenazalea Alain Beheregaray da eta gazteagoena Dominique Etcheverry. Gero, Serge Etchebarnek lagüntzen dütü süstut aitzineko postüetan diren neskatilak.

Partidak igantetan jokatzen dütüe. Haien kontre ari diren taldeak herri aizoetakoak dira zonbait, (Baiona, Saliese) bai eta ürrünagokoak ere (Tr?lissac, Marmande, Aire Sur Adour...). Agitzen da 5 oren beno haboro bide üken dezen partida baten jokatzera joaiteko! Ritma gaitz beraz, süstut xiberotik kanpo lanean edo eskolan ari direnentako.

Hatsarrean, taldea sortü berri zelarik, zailtarzün anitx ezagütü düe, ezi, neskatilek ez beitzütüen rügbiaren arauak ezagützen. Aurten izigarriko hobetzea egin düe. Haboroziz, Frantziako Txapelketan parte hartzeko nahiküntea düe eta hartako gogorki lanean ari dira. Sasu hontako partidak oro irabazi dütüe Lons–eko neskatilen kontre. Bena ez düe düdatzen arrajinen direlarik irabaziko dütüela hurak ere !

Halako talde baten aitzina eramaiteko sos behar da. Hatsarrak oso gaitz izan dira, bena aurten ari dira sos lagüngoen galtatzen xiberoko entrepreser eta alkarteer. Animazione zonbait ere prestatzen dütüe, hala nola egütegi baten salmenta eta igaran arramaiatzean, Mauleko elizan kantaldi bat. Eta bai, ez zaizüe estonagarri izanen erraiten badeiziegü rügbilarisa horik beste xiberotar haboroenak bezala kantari finak direla...

Beraz, nahikünte handiko neskatilak dira eta mereximentü handia düe haien taldearen behar bezala aitzinarazten jakin beitüe. Aitzina Mendikota!

Taldeko kideekin harremanetan sartzeko: feminines-menditte@live.fr Hiztegia

Usü: maiz

Urdiñarbe: Maule ondoko herri bat

Txeste: jastatu, probatu

Haboroenak: gehienak

Üsatüa: usaiazkoa

Manexina: Manexeko neska bat. Manexa erraiten zaio Baxe–Nafarroari

Biarnesina: Biarnoko neska

Eli bat: batzu

Süstut: bereziki

Haboroziz: are gehiago

Sasu: sasoina

Arramaiatza: ekaina